«Europaren lehen urratsetatik, euskal herritarrok Europako proiektuarekin bat egin dugu, gure etorkizuna inguruko herriekin partekatzeko helburuz», aldarrikatu du EAJko buru Andoni Ortuzarrek, Gernikan. «Solemnitate handiz eta Gernikako arbolaren azpian» egin dute ekitaldi politikoa jeltzaleek, «demokraziaren, bakearen eta giza eskubideen aldeko konpromisoa» adierazteko. EAJko presidentearekin batera hizlari aritu da ekainaren 9ko hauteskundeetan alderdiko hautagai dena, Oihane Agirregoitia, eta EAJko 150 bat barne ordezkari eta ordezkari publikoren aurrean irakurri dute batak eta besteak adierazpen bana, Europako Parlamenturako bozetarako bost egun besterik falta ez direla, «ezkerreko eta eskuineko estremismoen gorakadaren mehatxuak» salatzeko.
Ortuzarrek «Europa integratzailearen aldeko» mezua helarazi du bost azpimarra eginda, argi utzi ondoren EAJk «Europako proiektuaren sorburuan» parte hartu zuela, «faxismoaren eta nazismoaren totalitarismotik eta estalinismotik ihes egin nahi zuen espazio komuna» zelako. Buru jeltzaleak adierazi du EB «proiektu oparoa» dela demokratikoki, sozialki eta ekonomikoki, «aberastasunaren, enpleguaren eta elkartasunaren sorburu». Halaber, uste du «integratzailea» dela, «nazio aniztasuna, lurraldeen eta kulturen aniztasuna» errespetatzen dituena. Hala, EAJk zera nahi du, EB bat «inor baino gehiago izango ez dena».
«EAJk Euskadiren ahotsa izan nahi du Europan: autogobernua defendatuko dugu, eta demokrazia, askatasunak eta giza eskubideak sustatu».
ANDONI ORTUZAREAJko presidentea
Europako bozen kanpainan Ortuzarrek helarazitako mezuaren beste azpimarra gerrarekin dago lotua: «Mundua astintzen duten gatazka armatuak amaitzeko lana egingo dugu». Erantsi du EAJren aburuz ez dagoela «ez demokraziarik, ez justizia sozialik, berdintasunik gabe», eta haren alderdiak, Agirregoitiaren bidez, «Euskadiren ahotsa» izan nahi duela Bruselan: «Autogobernua defendatuko dugu, eta demokrazia, askatasunak eta giza eskubideak sustatu».
Kanpo politika eta konpromisoak
EAJk kanpo politikari begira dituen ardatz nagusien berri Agirregoitiak eman ditu, «duela 88 urte Agirre lehendakariak bere agindua ondo betetzeko zina egin zuen» leku berean, «euzko gudariak Intxortan, Elgeta eta Elorrio artean demokrazia eta eskubideak defendatzen ari ziren bitartean». Hautagaiak azaldu du kanpo politika «koherentea» behar duela EBk,«erakunde multilateraletan ikuspegi horren buru izateko eta askatasunen gune komun bat eraikitzeko».
«Kanpo politika koherentea» behar du Europak,erakunde multilateraletan ikuspegi horren buru izateko eta askatasunen gune komun bat eraikitzeko».
OIHANE AGIRREGOITIAEAJko hautagaia
Halaber, «botere banaketa eta gutxiengoenganako errespetua bultzatzeko» helburuak jarri dizkio kanpo politikari; «elkarrizketa lehenetsi» behar du Batasunak, haren irudiko, «autoritarismoaren tentazioari» aurre egiteko: «Elkartasuna eta enpatia bultzatu behar ditugu».
Eta helburuak ezarri ondoren, EAJko hautagai gisa hartzen dituen konpromisoak helarazi ditu. Hasteko, «edozein motatako totalitarismoari» aurre egiteko konpromisoa hartu du, «memoria demokratikoa, justizia soziala, aukera berdintasuna eta zuzenbide estatua» bultzatzeko. Gaineratu du «desberdintasun politikoei elkarrizketa bermatuz» aurre egingo diela, eta «baldintza klausulak» babestuko dituela, «gobernantza demokratikoaren oinarrizko arauak hausten dituzten estatu kideak zigortzeko».
Halaber, zuzenbide estatuaren egoerari buruzko «urteko berrikuspenak hobetzeko» konpromisoa adierazi du, eta «independentzia judizialaren narriadura monitorizatu» egingo duela hitzeman du.
Oskar Matute: «Langileon Europa defendatuko dugu»
Oskar Matute EH Bilduko diputatuak eta Europako hauteskundeetarako hautagaiak sindikalistekin batera egin du agerraldia Donostian. «Langileen eskaerak eta borroka gure egiten dugu», esan du Matutek; ohartarazi du Europan «lanpostuen bideragarritasunean eragina» duten erabakiak hartzen direla, eta erantsi «etorkizun duin bat izateko aukerak» Europan ere jokatzen direla.
«Langileen eskubideak Europan ere defendatzeko gure konpromisoa erabatekoa da», ziurtatu du EH Bilduko eledunak. Koaliazio subiranista «kontzientzia sozial komun horren kide» dela azaldu du, eta «klase kontzientzia» horren bidez ulertu behar dela «Euskal Herrian egitea Europako greba gehien, lan baldintza duinen alde». Matutek helarazi du eskuin muturraren sendotzeak mehatxatu egiten dituela orain arte lortutako eskubideak. Hala, «austeritatearen itzulera benetako mehatxua» dela esplikatu du, eta horren aurka «memoria» dela bide zuzenena.
«Gauzak diren bezala esatea eta izendatzea dagokigu. Ezin daiteke populismoez hitz egin pluralean, mehatxu ukigarri eta erreala ultraeskuinarena baita».
PELLO OTXANDIANOEH Bilduko lehendakarigaia
«EH Bilduko jendeak, Orain Errepublikak koalizioko jendeak, oso ondo dakigu non gauden eta zertarako gauden. Neoliberalismoaren eta austerizidioaren aurrean, langileon Europa defendatzen eta aldarrikatzen dugu», esan du koalizioaren hautagai eta Espainiako Kongresuko diputatuak. «Europa gobernatzen duten elite ekonomikoen gose aseezinaren aurrean, langile antolatuen boterea eta bizitza eta zaintza defendatzen ditugu».
Von der Leyenek iragartzen ei dituen austeritate neurriek «ez diote ezer onik ekarriko herri honi», bilkidearen arabera. Bruselako agintari gorenak eskuin muturrari egiten ei dizkion «etengabeko keinu horiek» ez diete onurarik ekarriko euskal herritarrei, haren esanetan. «Ziur gaude ekainaren 9an herri honek berriro erakutsiko duela faxismoak ez duela lekurik hemen. Herri honek berriro erakutsiko du gure eskubideak eta duintasuna defendatzen ditugula».
Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaia eta Mertxe Aizpurua Kongresuko bozeramailea eta Iago Suaren Galiziako parlamentaria (BNG), berriz, Barakaldon egon dira, arratsaldean, eta Otxandianok ziurtatu du «eskubideak murriztu ala jendea babesten duenaren artean» erabaki behar duela boto emaileak, ekainaren 9an. «Gauzak diren bezala esatea eta izendatzea dagokigu. Ezin daiteke populismoez hitz egin pluralean, mehatxu ukigarri eta erreala ultraeskuinarena baita». EAJren «ezker eta eskuin muturren aurkako mehatxuaren» inguruko mezuari emandako erantzunaren tankera duen adierazpenean, Otxandianok esan du «jendea babesteko ezkerreko politikak» egin behar direla, eta erantsi du eskuin muturra «neoliberalismoaren ondoarioa» dela, «EAJk defenditzen duen ideologiarena».
Igande honetan, beraz, «iraganeko errezeten eta etorkizunerako esperantzaren artean» aukeratu behar da, koalizioko eledunaren arabera: «Europako mapan herri bat marraztera goaz, Euskal Herria, oparotasunaren eta askatasunaren abangoardian dagoena. Esperantzaren internazionala, hemen eta orain, ezkerreko independentimotik eta subiranismotik pasatzen da. EH Bildu da».
PPk botoa eskatu du «ustelkeriari eta gezurrari erantzuteko»
Javier Zarzalejos PPko hautagaiak herritarrei esan die nola baliatu behar dute ekainaren 9ko bozetako beren botoa: «Demokrazia hondatu dutenen aurka, eta Pedro Sanchezen ustelekeriari eta gezurrari erantzuteko». Eta helburu horiek betetzeko PPren aldeko botoa eskatu du Barakaldon (Bizkaia) egindako agerraldi batean. Espainiako presidentea «agintari populista» da, haren iduriko, eta gobernuburuak «burutazio bat» izan du botoa eskatzeko: «Botoa eskatzea, haren emaztea ikertzen ari direla eta; hau da, konspirazio bat asmatzea».
Europako hauteskundeak izanda ere, ekainaren 9ko bozen kanpaina Espainiako politikagintzari begira egiten ari da PP, eta Sanchezen emazte Begoña Gomez ikertzen ari direla jakin denetik, erabat jarri du fokoa auzi horretan. Carlos Iturgaiz izan du alboan Zarzalejos hautagaiak, Barakaldon, eta hark esan du laster argi geratuko dela nor den «Euskadiren ahotsa Europan», EAJri eta EH Bilduri erreparatuz, haiek «zarata identitarioarekin» ei dabiltza «etengabe».