Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak antolatuta, datorren larunbatean egingo dute aurtengo Marea Horia, Gorlizko eta Plentziako hondartzetan (Bizkaia). Bi helburu nagusi ditu ekitaldiak: alde batetik, agerian utzi nahi dute mundu osoan milioika migratzailek eta iheslarik bizi duten «errealitate gogorra»; eta, bestetik, gobernuei eta erakundeei eskatuko diete har ditzatela «nazioarteko itunetan jasotako eta giza eskubideak errespetatzen dituzten migrazio eta harrera politikak».
Europako Batasunaren migrazio politika salatzeaz gain, Euskal Herriko «harrera neurriak» aztertu ditu plataformak. Izan ere, azken asteetan Getxo eta Uribe Kosta (Bizkaia) inguruko basoetan dozenaka migratzaile gaztek kanpatu dute. Azaldu dute arazo horri erakunde guztiek heldu behar diotela —Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek, mankomunitateek eta udalek— , eta ez zuzenean eragindako udalerriek bakarrik.
Horrez gain, jantokietarako txartel bidezko sarbidea bermatzeko eskatzen dute, pertsona horiek «oinarrizko elikadura bat» izan dezaten. Gehienez hiru hilabeteko epean erroldatzea ere eskatzen dute, Bilbon jada egiten ari diren bezala. Bestalde, esan dute «komenigarritzat» jotzen dutela ere Berangoko aterpetxea (Bizkaia) egokitzea, eta etengabe irekita egon dadila, haiei aterpe emateko.
Hortaz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeei —Eusko Jaurlaritzari, foru aldundiei, mankomunitateei eta udalei— eskatu diete udalerrietan dauden etorkinen oinarrizko beharrak asetzeko neurriak hartzeko. «Eudel Euskadiko Udalen Elkarteari, berriz, protokolo bat abian jar dezala eskatzen diogu, gure udalerrietan bizi diren pertsona guztien erroldatzea bermatzeko», adierazi dute.