«Giza duintasuna» erdigunera ekarriz

Hamar urte dira Baketik fundazioa jendaurrean aurkeztu zutela, eta, gizarteko egoerak aldatu ahala, izaera moldatu du hark ere. Iker Uson: «Gure ustez, hori egiten dugu: baldintzak sortu, gauzak aldatzeko».

Baketik-eko kide Iker Uson Donostian, iazko otsailean, «bizikidetza kultura berriari» buruzko agiria aurkezten. J. URBE / ARP.
Hodei Iruretagoiena
Andoain
2016ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Giza duintasuna» ardatz hartuta, erantzuten baino gehiago, galderak eginez bete du lehen hamar urteak Baketik fundazioak. «Zerk du lehentasuna?» eta «zer egin dezaket nik?», horra fundazioko kide Iker Usonek aipatutako bi. «Giza duintasuna erraza da paperean jartzen, baina egunerokoan mila buruhauste sortzen dizkigu. Ideia politikoak ala bizitza; mendekua ala bizitza; eta kanpotik datorrena... Zerk du lehentasuna?». Hor, etikaren garrantzia nabarmendu du: «Giza duintasunak egunerokoan ahalegin bat eskatzen digu kontzientziarekin. Zer egin dezaket nik?».

Bakea eta etika, biak ditu Baketik-ek izenean bilduak. Bakea, «bake positibo» gisa ulertzen dutela azaldu du Usonek: indarkeria guztiak desagertzearekin ez ezik, «bizikidetza berriarekin» lotuta dagoela dio: «Bake egoera batean bizitzeko, gure gizarteak egin behar zuen gertatutakoaren hausnarketa sendo bat, eta zimendu berriak jarri». Galderak, hor ere: «'Nola iritsi gara honaino?' eta 'Zimendu berriak zein izan behar dira?'. Hor, iruditzen zitzaigun gertatukoaren eta eraiki behar genuen bizikidetza berriaren gakoa giza duintasuna zela».

Baketik jaio zen garaian, su-eten iraunkorra emana zuen ETAk, eta ondoren etorriko ziren Genevako eta Loiolako negoziazioak, baina ez zuten esperotako amaierarik izan. «Gero, okerragoak etorriko ziren», gogoratu du Usonek: «Estortsioa, hildakoak, legez kanporatzeak...».

Elkarri mugimenduan ibilitako jendea batu zen Baketik-en bueltan. «Elkarri-k izan zituen bi seme-alaba: Lokarri eta Baketik», azaldu du: «Lokarrik hartu zuen eragile sozialaren bisio hori: kalean egon, mobilizatu, bake konferentziak antolatu... Baketik-ek, berriz, hartu zuen gogoetarako eta hausnarketarako ukitu hori: gure gatazka beste modu batean ulertzea, bitartekaritza...».

Egoera aintzat hartuta, lehen bost urteak «oso gogorrak» izan zirela oroitu du Usonek: «Baina, aldi berean, sumatzen genuen bazegoela jende asko esanez: 'Aski da. Kudeatu ditzagun gauza hauek beste modu batean'». Askoren ekarriari esker, horixe da hamar urteotan lortutako handiena, Baketik-eko kidearen hitzetan: «Jende askok esan du: 'Egia da, oso ezberdin pentsatzen dugu, baina badira erdian gauza batzuk konpondu beharrekoak». Giza duintasuna erdigunean jarrita, alegia. Lehen ETAren indarkeriarekin gertatu bezala, orain, euskal presoen egoerarekin ere hala egin behar dela dio.

Bakegintza eta bizikidetza, pixkanaka, herritarrek ere beren gain hartu dutela uste du Baketik-ekoak, eta ezinbesteko deritzo horri: «Agian hasieratik horretan sinesten genuen, baina gu ere ez ginen ausartzen horrela planteatzera. Orain, argi dugu». Erabaki eskubidearekin, aurrekontu parte hartzaileekin eta beste gai batzuekin ari direnak ere bide beretik doazela uste du: «Jendeari aukerak eman. Gure apaltasunean, hori egiten dugu: baldintzak sortu, gauzak aldatzeko».

«Erronka berriak»

Bizikidetza euskal gatazka politiko eta armatuaren eremuan erabili da gehien, baina «erronka berriak» ere badirela, hausnarketa hori egin zuten Baketik-en 2011. urtean. «Hasieratik ikusten genuen giza duintasuna kolokan uzten zuten esparru asko zeudela. Krisia horiei maindirea kentzea bezala izan zen». Enplegua, fiskalitatea, beste herriekiko elkartasuna, ipar-hego harremanak, gizon eta emakumeen artekoak...

Hausnarketa haietatik, bakegintzaz gain, hainbat izan dira urteotan landutako ildo eta proiektuak. Formakuntza, esaterako, «galdera berriak sortu eta jakinduria partekatzeko». Elkartasun proiektuak; adibidez, Afrikandugu, «Afrikarekin dugun garapen eredua kolokan jartzeko».

Gaur egun, Izeba proiektuak du indar handien; atzerritik guraso edo tutorerik gabe Gipuzkoara heldutako adingabeentzat da, eta haiei «osaba-izeba figura bat» eskaintzea du oinarri, «erreferente bat, irakaslea, segurtasun langilea edo aldundiko teknikaria ez dena». Pozik dago Uson erantzunarekin; Gipuzkoako Diputazioak babes zentroetako adingabe guztiei zabaldu die proiektua. «Ondo biltzen du gure filosofiaren elementu hori: posible da, egunerokoan ere gauza asko egin litezke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.