Udal eta foru hauteskundeak. Gipuzkoa

Giro onik ez elkarlanerako

Xabier Olano EH Bilduren hautagaiak eta Markel Olano EAJrenak desadostasunak azaldu dituzte

Xabier Olano eta Markel Olano, Argia-ko eztabaida saioan. Erdian, Xabier Letona aldizkariko kazetaria. DANI BLANCO / ARGIA.
enekoitz esnaola
2015eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Kanpainan daude EH Bildu eta EAJ, eta ez dirudi bi indar abertzaleon artean biharko eguneko elkarlanerako baldintza onik dagoenik, Argia-k bien Gipuzkoako ahaldungai nagusiekin antolatu duen eztabaida saioan ere ikusi denez —Xabier Olano (EH Bildu) eta Markel Olano (EAJ) batu ditu; Argia.eus-en ikus daiteke—. Legealdian ere muturtuta bezala ibili dira EH Bildu eta EAJ, nahiz eta bi aldiz gai izan diren aurrekontuen akordioa lortzeko eta erabakitzeko eskubidearen aldeko mozio bat adostu duten; askoz gehiago ez.

Saioan erabakitzeko eskubidearen blokean Markel Olanok esan du gaur egun bi indarren arteko giroa ona ez denez, «baldintza objektiborik» ez dagoela Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen alde aritzeko. «Ezker abertzalearen eta EAJren artean liskar politikoa dago. Mafia deitzen digute, eta gero, elkarlana eskatu. Hauteskunde asmoa izanda, ezker abertzaleak agenda paralelo bat du: batetik, bozetako kontuak azaltzen ari da, eta, bestetik, EAJren kontrako salaketakegiten. Giro horrek ondorioak dauzka», EAJkoaren arabera, «tentsioa dagoen artean ezingo da Kataluniakoa bezalako prozesurik egon, tamalez». EH Bilduren hautagaiak azaldu du gauza bat dela erabaki eskubidearen aldeko lana, eta beste bat, kudeaketa instituzionala, eta, hala, «Bidegikoaren gisako ustelkeria zantzuak» ikusirik ezin dela isilik geratu. Bidegin dirua «zuzen» erabili zutela esateaz gain, EAJkoak aipatu du «liskar giro hau leuntzeko» herrietan «bizikidetzaren eta normalizazioaren» aldeko lana egin behar dela, biharko eguneko elkarlan posible baterako oinarri bat jartzeko.

Adibidez, Xabier Letona kazetariak Udalbiltzaren gaia atera dienean esan du Markel Olanok ezinbestekoa dela elkarlana izatea erakunde nazional hark «zentzua» izan dezan. EH Bilduren ahaldungai nagusiak jeltzaleari azaldu dio «hauteskunde borrokatik aparte» egin behar dela lan erabakitzeko eskubidearen alde, eta hori defenditzen duten indarren artean lankidetza instituzionala eskaini dio, baldintza batekin: boto gehien jasotzen duena errespetatzea tokian tokian gobernua osatzeko; «printzipioz, lehen indarrari dagokio gobernu ardura». Markel Olanok ez dio erantzun horri, une horretan eztabaidako blokea Udalbiltza zela esanda. Xabier Olanok gaineratu du EAJ prest ikusten duela PSE, PP eta Ciudananosen botoak erabiltzeko EH Bilduk gobernua har ez dezan.

Gizarte eredu desberdina

Desadostasun handiak erakutsi dituzte EH Bilduk eta EAJk bestela ere: hondakinen arloan, azpiegituretan, ekonomian, Kutxabank-en... Gizarte ereduan, funtsean. Markel Olanoren iritziz, gizarte batek «oinarrizko bi ardatz» behar ditu: ekonomia eta enpresaegitura «sendoa», eta egitura sozial «orekatua», ahalmen ekonomikoari esker gizarte politikak garatzeko. «Enpresa denei lagundu behar zaie, eta ez txikiei soilik, ezker abertzaleak esaten duen bezala». Xabier Olanok esan du Gipuzkoako enpresen %95 txikiak eta ertainak direla, eta EH Bilduk haientzako neurriak hartzen dituela. «Aurreko diputazioak, ahaldun nagusi Markel zela, 241 enpresa laguntzen zituen. Bildurenak, 789. Orain, enpresentzat doako aholkularitza bat jarri nahi dugu». EAJkoak azpimarratu du enpresa mota denentzako urtero 50 milioi euro ipiniko dituela EAJk hurrengo legealditik aurrera, foru aldundira helduz gero.

EAJren diputatugai nagusiak EH Bilduri leporatu dio sozietateen gaineko zergan helburu diru bilketa egitea baizik ez duela. «EAJn, aldiz, enpresen jokabide positiboak saritu egin nahi ditugu zerga sistemarekin: lana sortzea, inbertsioak...». Xabier Olanok gogoratu du «gizarte justuagoa» dutela xede, eta horregatik jarri dituztela zerga sisteman bestelako neurri batzuk; adibidez,«aberatsenek» gehiago ordaintzeko, «EAJk kendu zuen zerga, alegia».

Hondakinetan ere adostasun handirik ez. EAJkoak aipatu du «Europako herrialde aurreratuenek» errauste plantaren aldeko apustua dutela, «geratzen den errefusa hartzeko. Planta beharrezkoa da hondakinen kudeaketa amaitzeko». EH Bildukoak erantzun dio Europan azken bost urteetan ez dela errauste plantarik martxan jarri, eta dauden tokietan ere zabortegiak badirela; «eta gurean, Bizkaian bertan, esaterako». Errefusa beste era batera tratatzearen alde agertu da Xabier Olano.

Berdintasun planean eta euskarako kontuetan izan dituzte adostasunik handienak. Aurrenekoan, onartuta den foru araua garatu eta zabaltzea defenditu dute. Euskarari dagokionez, gazteen erabilera sustatzea ezinbesteko jo dute. Euskara ikasteko doakotasunaren alde agertu da EH Bilduren hautagaia; ez horrenbeste EAJrena, horrela ikasleen «ahaleginari garrantzia kentzen» zaiolakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.