Gipuzkoako biztanleriaren %85,6 ongizate egoeran dago, eta %60, berriz, lurraldean integratuta. «Horrek gero eta desberdintasun gutxiago dituen eta kohesionatuagoa dagoen lurraldea erakusten digu», nabarmendu du gaur Maite Peñak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak, Gipuzkoako pobrezia eta bazterketari buruzko inkestaren emaitzak aurkeztu dituenean. Errenten arteko desberdintasunak neurtzen dituen Gini indizeak ere «marka hautsi» duela esan du: 23 puntutan dago, Islandiako eta Norvegiako datuen pare. Hau da, ordea, txanponaren beste aldea: «Susperraldi ekonomikoa ez da iristen ari zailtasun handienak dituzten sektoreetara, pobrezia egoerak kronifikatzeko arriskua ikusten baita». Gipuzkoarren %14,4 pobrezia arriskuan daude.
Aldundiak bultzatuta, SIIS Gizarte Informazio eta Ikerketa Zerbitzuak egin du inkesta. Datuak 2022. urtearen amaieraren eta iazko urtearen hasieran bildu zituzten, eta 1.500 familia inguruk osatu dute lagina. Ondorio nagusia da 120.000 gipuzkoar baino gehiago pobrezia arriskuan daudela. Zehaztu dute horrek zer esan nahi duen: Gipuzkoako etxe baten erdiko errenta —errenta guztien kopuruak zerrendatuta, erdian dagoena— 1.667 eurokoa da, eta gehienez haren %60 duen etxea pobrezia arriskuan dago. Hau da, hilabetean 1.000 euroko diru sarrera baino ez duena pobrezia arriskuan dago.
Pobrezia arriskua dutenen artean pobrezia larria jasaten dutenak %41 dira, hau da, Gipuzkoako biztanleriaren %5,9; 42.000 lagun baino gehiago. 2018. urtean baino 5.000 etxe gehiagok jasaten dute egun pobrezia larria. 2012an hasi zen Gipuzkoako Diputazioa inkesta hau egiten, eta, ordutik, %2,4 murriztu da pobrezia arriskua. Hala ere, handitu egin da pobrezia larria jasaten dutenen proportzioa: duela hamabi urte baino %1,6 gehiago dira egun.
Pobreziak lotura izaten du gabezia material eta sozialekin, eta datu horiek ere bildu dituzte inkestan. Hiru gipuzkoarretik bat ez da gai 900 euroko ezusteko gastu bati aurre egiteko, eta biztanleen %14,3k ezin dute astebeteko oporraldirik ordaindu. Bost gipuzkoarretik batek ezin du autorik izan. SIISeko zuzendari Joseba Zalakainek azaldu duenez, inflazioa da emaitzen atzean dagoen faktore garrantzitsu bat; prezioen igoera eta oinarrizko zerbitzuak eskuratzeko kostu handiagoa, alegia.
Gizarte bazterketari ere erreparatu diote inkestan. Hau da datua: hamar gipuzkoarretik lauk ez dute gizarte integrazio betea. Bestela esanda, gipuzkoarren %24,9k integrazio eskasa dute, %9,7k bazterketa larria, eta %6,4k bazterketa moderatua. Gizarte bazterketa zenbait dimentsioren arabera neurtzen da. Horietako bat etxebizitza bazterketa da, eta biztanleen %17,9k pairatzen dute. Enpleguaren bazterketa gipuzkoarren %13,1ek jasaten dute, eta bazterketa politikoa, %12,2k. Beste dimentsioak kontsumo, osasun eta hezkuntza bazterketak, gizarte gatazkak eta gizarte bakartzea dira. Herritarren %23,5 jasaten dute horietako bat, eta %9,1ek bi.
Gazteak txiroenak
Txostenak sakondu egin du pobrezia pairatzen dutenen soslaietan. Adinaren faktorea adierazgarria da: pobrezia larriaren tasak 18 urtetik beherakoen artean 65 urtetik gorakoen artean baino ia sei aldiz sarriagoak dira (%11,7 eta %2,1). Izan ere, Gipuzkoako biztanleriaren %16,3 baino ez badira ere, haur eta nerabe pobreek Gipuzkoan pobrezia larrian daudenen ia herena osatzen dute, ikerketaren arabera. Gainera, pobrezia larrian daudenen %69k 44 urte baino gutxiago dituzte, hau da, haurrak, nerabeak, gazteak eta seme-alabak izateko eta hezteko adina duten helduak dira. Kontrakoa gertatzen da 65 urtetik gorakoekin: biztanleriaren ia %25 dira, baina ez dira iristen pobrezia larrian daudenen %10era.
Jatorriari ere erreparatu diote, eta datuek nabarmen adierazten dute atzerrian jaiotako gipuzkoarrak direla txiroenak. «Garrantzitsua da adieraztea, Gipuzkoako biztanleriaren %10,3 izanik, atzerriko nazionalitatea duten pertsona pobreak direla Gipuzkoan pobrezia larrian dauden guztien %49», dio inkestak.
Bailaraz bailara ere aldatu egiten da egoera. Pobrezia arriskua duten biztanle gehienak Debabarrenean bizi dira; %19,7, hain zuzen ere. Pobrezia larria dutenen gehiengoa ere bailara berekoa da: %7,4. Arrisku gutxiena duten bailarak Debagoiena eta Urola Kosta dira: pobrezia arriskua dutenen %6,9 bizi dira hor, eta pobrezia larria jasaten dutenen %2.
Peñak nabarmendu du inkesta honen emaitzak «lan tresna» izango dituela, eta horiek oinarri izango dituela aldundiaren inklusioko plan berri bat ontzeko. «Behar gehien dituzten kolektibo horiengan jarriko dugu arreta», nabarmendu du foru diputatuak.