Nola irudikatzen duzu etorkizuneko Gipuzkoa? hitzaldia eman du Pedro Miguel Etxenike fisikariak Donostian, Gipuzkoa Forumek antolatutako ekitaldi batean, EAJko kide esanguratsu batzuk bertan direla: Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Markel Olano Gipuzkoako ahaldungai nagusia eta Eneko Goia Donostiako alkategaia. «Bere buruan segurtasuna» duen Gipuzkoa nahi duela esan du Etxenikek, «orainaz arduratua baina etorkizunarekin obsesionatua». Hezkuntza, ikerkuntza, berrikuntza, kultura, justizia soziala eta euskara izan ditu ardatz, Miramongo teknologia parkean egindako hitzaldian.
Urkulluk beste hitz batzuk jarri dizkio Gipuzkoaren garapenari. Aurrez, nabarmendu du 2009tik zor publikoa hazten ari zela EAEn, baina orain hasi dela jaisten. Egungo Jaurlaritzak —EAJ 2012tik dago berriz ere— erakusten duen «seriotasunaren» isla da hori, haren ustez, eta gaineratu du 2017rako defizitik ez izatea nahi duela. «Hori da gure aurkezpen txartela», esan du Urkulluk, eta, ekonomiaren onerako«lidergo partekatuaren» aldarria egin ostean, «Gipuzkoaren garapen eta hazkunde inteligenterako» babes osoa eman die Olanori eta Goiari. «Lan egin dezagun elkarrekin. Entzun eta parteka dezagun, arraun egin dezagun batera. EAJren eredua islatzen dute Olanok eta Goiak. Elkarrekin defendituko ditugu Gipuzkoako interesak».
Olano, lankidetzaren alde
EAJren Gipuzkoako ahaldungai nagusiak adierazi du erakunde publikoek «kontrolaz haratago» arazoetatik eta gipuzkoarrengandik «gertu» egon behar dutela. «Lankidetza inteligentearen» alde mintzatu da. «Ideia bat pertsona baten buruan sortzen da, eta erakundeak egonkortasuna eman behar du». Gipuzkoan «ekinbide sozialaren eta publikoaren arteko elkarbizitza» irudikatu du. Herrialde «irekia eta mundura konektatua» nahi du.
Markel Olano bera izan zen aurreko legealdian Gipuzkoako ahaldun nagusia. EAJ Donostiako alkatetzan ez da 1987tik egon; Ramon Labaien izan zen hango azkeneko alkate jeltzalea.
Gipuzkoaren hazkunde «inteligentea»
Urkulluk dio «lidergo partekatua» behar dela ekonomiaren onurarako.Esan du EAJren eredua islatzen dutela Olanok eta Goiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu