Gipuzkoako Batzar Nagusiek Eider Mendoza izendatu dute ahaldun nagusi. Ahaldungai jeltzalearen hautagaitzak 25 batzarkideren babesa jaso zuen atzo, EAJren hamazazpi batzarkideen, PSE-EEren zazpien eta PPko batzarkide baten aldeko botoekin. Bigarren bozketa egin behar izan zuten Mendoza ahaldun nagusi izendatu ahal izateko. Lehen bozketan hogeita launa boto eskuratu zituzten Iriartek —Elkarrekin Podemosen babesarekin— eta Mendozak, PPko hiru batzarkideak abstenitu zirelako; hautagai batek ere ez zuen lortu gehiengo osorik. Bigarren bozketan, Iriartek baino boto bat gehiago jaso zuen Mendozak. Gehiengo soilarekin bihurtu zen Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, kargu hori hartu duen historiako lehen emakumea.
Batzarkideen txalo artean eman zizkion Batzar Nagusietako lehendakari Xabier Ezeizabarrenak Mendozari ahaldun nagusiari dagozkion aginte makila eta domina, Gipuzkoako ereserkia entzun ostean. Hunkituta hartu zuen hitza Mendozak, esker on hitzekin: «Benetako ohorea eta ardura da gipuzkoarron borondatearen ordezkari izatea». Politikagintzan bidea urratu duten emakume guztien «ispiluari» begiratuko diola hitzeman zuen: «Onena emango dut gipuzkoar guztion ongizatea, aukera eta eskubide berdintasuna bermatzen jarraitzeko».
Gaineratu zuen «erantzukidetasunaren legealdian» gobernatu nahi duela: «Ez da garaia galdetzeko zer egin dezaketen besteek gugatik, baizik eta zer egin dezakegun guztiok Gipuzkoa eta Euskadi proiektu kolektibo bezala indartzeko». Politikagintza «duintzen» saiatzeko konpromisoa ere hartu zuen. Agur, Jaunak! abestuz amaitu zuten batzarkideek, zutik, osoko bilkura. EAJko iturrien arabera, gaur dira iragartzekoak Gipuzkoako Foru Aldundiaren osaera, eta bihar egingo dute lehen gobernu kontseilua.
Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusi izendatu badute ere, EH Bilduk irabazi zituen maiatzaren 28ko foru hauteskundeak; 22 eserleku eskuratu zituen. Horregatik, Iriartek ere ahaldun nagusi izenda zezatela eskatu zien Batzar Nagusiei. «Ahaldun nagusi izateko neure burua aurkezten dut, lurralde honetako herritarrek EH Bilduk hauteskundeak irabazteko egin duen hautuari erantzuteko. Herritarrek argi hitz egin dute», esan zuen atzo goizean.
Hala ere, aurreikuspenak bete ziren. EAJk eta PSE-EEk herenegun ezagutarazi zuten gobernu akordioa, eta atzoko osoko bilkuran berretsi egin zuten. PPren aldeko botoak beharko zituztela ere jakina zen. «Beti esan genuen guztiekin akordioak egingo genituela, guztien mesederako. Egokia iruditzen zaigu alderdien interesen gainetik lurraldearen gobernabidea jartzea», esan zuen Mikel Lezamak, PPren ahaldungai nagusiak, bozketa baino lehen. EAJko Maria Eugenia Arrizabalagak, eguerdian, adierazi zuen ez dutela «inolako negoziaziorik» egin PPrekin. Dena den, haien babesarekin bihurtu da Mendoza ahaldun nagusi.
Goizean ekin zioten osoko bilkurari, eta Mendozak «apaltasunez, baina konbikzio osoz» aurkeztu zuen bere hautagaitza ahaldun nagusi izateko —bozetatik ahaldungai nagusi moduan egin duen lehen hitzaldia izan zen—. «Ibilbide sendo eta partekatu horrekiko koherentziaz eta arduraz aurkezten dugu diputatu nagusi izateko hautagaitza. Memoriak eta ardurak bultzatu gaitu PSE-EErekin akordioak bilatu eta lantzera», nabarmendu zuen.
Gobernuaren ildoak
Atzo arte ahaldun nagusi izandakoari, Markel Olanori, eskerrak eman zizkion Mendozak, eta hark ezarritako «oinarri sendotik» gobernatu nahi duela esan zuen. Mendozak gizarte politikei ere eman zien garrantzia; esan zuen beren «lehentasuna» izan dela. Zerga politikari dagokionez, «behar besteko finantza nahikotasuna» sortzearen alde egin zuen jeltzaleak, eta esan zuen ekonomiaren «lehiakortasuna» indartzeko helburua ere izan behar duela.
«Lankidetzazko gobernantza» aldarrikatu zuen, eta elkarlanari garrantzia eman zion: «Alderdi guztiekin elkarlanerako prest egongo naiz eta egongo gara, datorren legealdian beharrezkoak izango direlako elkar ulertzea eta adostasunak bilatzea. Hala izatea lortzen badugu, ziur nago gipuzkoarren mesedetan aurrera egitea lortuko dugula eta, horrekin batera, demokraziaren oinarriak sendotzen lagunduko dugula». EH Bilduri «eskua luzatu» diola esan zuen Mendozak, legealdian zehar bat etortzeko.
Jose Ignacio Asensiok, PSE-EEren Gipuzkoako ahaldungai nagusiak, EAJrekin egin duten gobernu akordioa txalotu zuen: «Ez da erraza izango, baina, gure aldetik, gure enpatia, kolaborazioa eta inplikazio guztia eskaintzen ditugu, adostasun gobernu bat finkatu eta gipuzkoarrek merezi duten egonkortasuna, pluraltasuna eta ongizatea bermatzeko». Nabarmendu zuen sozialistak izango direla foru gobernuan «politika sozialdemokratak» txertatuko dituztenak
Iriartek esan zuen EAJren, PSE-EEren eta PPren artean «hiruko akordio bat» egon dela: «Ezer ez da dohainik ateratzen». Nabarmendu zuen ez dela herritarrek «eskatu dutena».
Elkarrekin Podemoseko ahaldungai nagusi Miren Etxebestek esan zuen legealdian «beharrezkoak» izango direla. Mendozari PPk babesa eman izana gaitzetsi zuen: «Ultraeskuinerantz goaz Gipuzkoan. Hala dirudi».
Ahaldun nagusien aukeraketa. Gipuzkoa
...Gipuzkoan, PPrekin
Eider Mendoza izendatu dute Gipuzkoako ahaldun nagusi. Gehiengo soilez gailendu da jeltzalearen hautagaitza. PPko batzarkide batek babestu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu