Xabier Olanok (Altzo, 1969) «urduri, erasokor eta ihesean» ikusten du bere aurkari nagusi Markel Olano. «Azken asteetan ateratzen ari diren ustezko ustelkeria kasuengatik izango da. Beharbada, espero zuen kanpainan beste batzuk izango zirela gai ardatzak». Donostiako EH Bilgunean hartu du BERRIA, Markel Olanok baino astebete lehenago.
Zein izango litzateke emaitza ona eta zein txarra EH Bildurentzat Gipuzkoan?
Ona, eta espero duguna: lehen indarra izatea, eta ahalik eta alde handiena izatea bigarrenarekiko. Segur aski zaila izango da duela lau urteko emaitzak errepikatzea. Baina hori guztia baino erabakigarriagoa izango da guk, Podemos Ahal Dugu-k eta Irabazik 50 diputatuetatik 26 izatea.
Ahal Dugu-ren babesa ez duzue izango, itxura denez.
Zilegi da, eta, egoera zein den, ulertzeko modukoa ere bai. Baina Ahal Dugu-k ezin du ahaztu, bere buruari boza ematen badio, diputatu baten edo beste baten alde ari dela egiten. Eta nik ez dakit haien hautesleek ulertuko luketen Markel Olano diputatu nagusi izatea. Errespetu osoz, baina uste dut nahiago dutela EH Bilduko bat.
Bateragarriak al dira ilusio eta aldaketa mezuak agintean egon zaretela kontuan hartuta?
Gipuzkoan ere aldaketa eta ilusioa EH Bilduren eskutik datoz. Aldaketak nekez gertatzen dira epe motzean. Aldaketarik egon den edo ez neurtzeko, kontuan hartu behar da aurreko 30 urteetan zein egon den agintean, zein alderdi, eta nor atzean, eta lau urtean zer aldaketa izan diren. Aldaketek denbora behar dute, eta horiekin jarraitu nahi dugu.
Lau urtean gehiago egin ahal zenutela dioten kritikei buruz, zer duzu esateko?
Autokritika egitea oso osasuntsua dela, eta egin beharrekoa. Uste dut ez dugula asmatu egin ditugun gauza guztietan, baina sentsazioa daukat erabaki garrantzitsu ia-ia denetan hartu dugula bide egokia. Baina, halaber, guk nahiko genituzkeen neurri guztiak ez dugu aurrera eramaterik izan, indar korrelazioak horretarako aukerarik ematen ez zigulako. Aurrera begira, espero dut ematea.
Oposizioan ikusten duzu zeure burua?
Aukera guztiak daude irekita. Nik uste dut oso litekeena dela hauteskundeak irabaztea eta gobernuan egotea eta gobernutik gobernatzea. Baina posible da ere bai gobernuan egotea, beste batzuek oposizioan gehiengoa dutela; kasu horretan, gobernabidea mugatua da.
Hori gobernuan. Baina oposizioan?
Baita ere ikusten dut oposiziotik gobernatzeko aukera, baldin eta gobernua osatuko balitz gehiengo absoluturik gabe eta oposizioan beste indarrok izango bagenu gehiengo hori.
Ez duzue beste alderdien artekoa zail jartzeko asmorik?
Ez dago zertan asmakizunetan ibili. EAJk, PSEk eta PPk argi esan dute beraien lehentasuna gu kentzea dela. Baina guk, printzipioz, ez dugu akordiorik lehenesten, ezta baztertzen ere. Prest gaude guztiekin hitz egiteko, bi oinarriren gainean: murrizketa sozialik ez eta erabakitzeko eskubidea.
EAJk dio ez dagoela zuen artean elkarlanerako baldintzarik. Zuk badagoela uste duzu?
Ez daude garai egokiagoak edo okerragoak horretarako. Beti izan behar du lehentasun erabakitzeko eskubidearen aldeko praktikak.
Baina badago?
Egoera ezin da hainbeste orokortu. Herri batzuetan, gure arteko harremana txukuna da; beste batzuetan, eztabaida handiak daude... Gauza askok eragiten dute hor, eta segur aski ez dago arrazoi osorik, ez alde batean, ez bestean. Dena den, egoera askoz ere gordinagoa zenean, gure arteko ezadostasunak askoz ere handiagoak zirenean, gai izan ginen elkarlanari ekiteko. Orain zergatik ez? Gu prest gaude.
Lidergoa eskuratzeko lehian ari zarete zuen artean. Sinesgarria da horrelako proposamen bat egitea hauteskunde bezperan ?
Lidergoak badu garrantzia, baina ez da garrantzitsuena. Herrialde batean batek izan dezake, beste batean beste batek. Gizarteak eskatzen digu, hauteskundeetatik harago, epe luzera begiratzeko, eta ustez eskubide horren alde gauden bi indarrek bat egiteko horretan. Gero, edukiko ditugu gure ezadostasunak beste gai batzuetan. Ez dago kontraesanik horretan.
Katalunian bada tentsioa.
Bai, baina bere momentuan gai izan ziren elkarrekin urrats batzuk egiteko. Hemen ez gara horretara ere iritsi.
Errauste planta egingo da?
Ez. Ez delako Europak lehenesten duen sistema, ez delako errentagarria, eta, bereziki, gipuzkoarrek ez dutelako nahi.
Galdetuko zenieke hori hala den edo ez jakiteko?
Ez dugu uste beharrezkoa denik, baina indar politikoak ados jarriko bagina galdeketa egiteko eta emaitza errespetatzeko, gure aldetik ez litzateke arazorik izango.
Aukerarik ikusten duzu hurrengo legealdian azkenengoan etenda gelditu den zerga erreformari heltzeko?
Bai, eta aliatu batekin baino gehiagorekin. Podemos Ahal Dugu-ren eta Irabaziren proposamenak gurearen oso-oso antzekoak edo identikoak dira.
Konfiantzarik ez sozialistekin?
Jarrera aldatu dute, Bilbotik aginduta. Gipuzkoako batzarkideek guri esaten ziguten askoz ere gehiago disfrutatuko luketela gure zerga ereduarekin.
Ez duzu baztertzen, beraz, akordiorik haiekin.
Ez. Ez arlo fiskalean, ez politika sozialetan, ez beste gai batzuetan ez dut baztertzen hurbilpena eta elkarlana. Baina itxaron ditzagun emaitzak. Horien arabera, uste dut Gipuzkoan ibilbidea egin dezakegula.
Gizarte politiketan atzerapausoa iragarri duzue EAJ gobernura heltzen bada. Jaso zenuten ondarea hain txarra al zen?
Egia da Gipuzkoa aitzindaria dela politika sozialetan, baina atzera egiteko arriskua dago. Guk argi esaten dugu nondik atera nahi dugun dirua, beste batzuek zergak kendu nahi dituzte, eta ez dute zehazten nondik murriztu. Abiapuntua ez zen txarra, baina aurrera egin dugu. Gakoa da lanpostu duinak sortzea, eta ari gara.
Foru eta udal hauteskundeak. Gipuzkoa. Xabier Olano. EH Bilduren Gipuzkoako ahaldungai nagusia
«Gipuzkoan ere aldaketa eta ilusioa gure eskutik datoz»
EAJ, PSE-EE eta PP ados jartzeak ez du kezkatzen Xabier Olano; itxaropena du «ezkerreko taldeak» diputatu gehiago lortuko dituela eta duela lau urte hasitako bidea jarraitu ahal izango duela EH Bilduk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu