Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Hego Euskal Herria. Iñigo Arkauz. PPren zerrendaburua Gipuzkoan

«Gipuzkoan Ciudadanos edo Voxen alde bozkatzea botoa alferrik galtzea da»

Pablo Casadoren bedeinkazioarekin eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako buruzagitzarekin adostu gabe itzuli da Arkauz PPren lehen lerrora. Zail du Espainiako Kongresura iristea, baina garai bateko boto emaileak «berreskuratu» nahi ditu, «boto baliagarria» PPrena dela argudiatuta.

jon olano
Donostia
2019ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Donostiako Udalean zinegotzi aritu eta gero, politika utzi zuen, 2015ean, Iñigo Arkauzek (Arrasate, Gipuzkoa, 1978). Pablo Casadoren eskutik itzuli da lehen lerrora. Kementsu eta irribarrea galdu gabe mintzo zaio BERRIAri.

Zer moduzkoa izan da politikara itzultzea?

Erabateko ustekabea izan da. Erabat utzi nuen politika, baita alderdi barruko karguak ere. Nik pertsonalki ezagutzen dut Pablo Casado, alderdiko gazte erakundeko Gipuzkoako presidentea nintzen garaian bera Madrilgoa zelako. Oso harreman ona izan genuen, eta, primarioetara aurkeztu zenean, esan nion haren aldeko botoa emango nuela.Duela aste batzuk deitu zidan, esanez ni hautagai izatea nahi zuela. Ez nuen espero, baina onartu nuen; batetik, Pablorengatik, eta, bestetik, hauteskunde hauen garrantziagatik.

Zergatik dira garrantzitsuak?

Pedro Sanchezen hilabeteak ez dira onak izan, bereziki ezegonkortasunagatik eta ekonomikoki.

Zure izendapenak ezinegona sortu du alderdian, ez baitzen adostu Gipuzkoako eta Euskal Autonomia Erkidegoko zuzendaritzekin. Nola bizi duzu hori?

Zerrendak osatu behar diren aldiro, une zailak izan ohi dira. Pablok konfiantzako jendeaz inguratu nahi izan du. Erabaki pertsonala zenez, hasieran ezinegona sortu zuen, eta ulertzen dut. Ondoren, Borja Senperrekin bildu nintzen, hitz egin genuen, hasierako tentsio une horren ondoren harremana hobetu da, eta erabaki dugu elkarri laguntzea. Nahiz eta PP barnean sentsibilitate ezberdinak dauden, garrantzitsua da elkarrekin egotea eta alderdia aurrera ateratzea, arriskua izan baitugu gero eta alderdi txikiagoa izateko. Orain, batuta ari gara.

Kritikoa izan zara Senperren kanpainarekin; besteak beste, PPren ikurrik ez delako ageri haren afixetan. Alderdia ezkutatu nahian dabil?

Nik PPren siglak eramango ditut, baina ez daukat Borjaren ezagutza mediatikoa. Arrakasta handia du hedabideetan. Karisma pertsonal nahikoa dauka kanpaina pertsonalistagoa egiteko, eta udal hauteskundeetan normalagoa da horrelako kanpaina bat egitea. Orokorrak diferenteak dira.

Urteak daramatzazue babesa galtzen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Zer egin da gaizki?

Ez dago faktore bakar bat. Ustelkeriak min handia egin digu, bereziki Euskadin, hemen bizitza jokoan jarri baitugu. Ustelak gutxi batzuk izan dira, baina min handia egin dute. Bestalde, terrorismoaren amaierak diskurtsoa moldatu beharrean harrapatu du alderdia. Eragin handia izan zuen gugan, eta orain alderdiak diskurtsoa berregituratu behar du, kudeaketaz hitz egin. Arazoa da, Euskadin ia ez dugunez kudeatu, zaila dela kudeaketa saltzea. Horrela zaila da hautesleek boto baliagarri gisa jo zaitzaten.

EAJ izan da zuen galeraz gehien baliatu dena. Boto baliagarria?

Bai. Boto praktiko bat dago, eta beste bat, Bildu zigortzekoa. 2011n, arrakasta izugarria lortu zuen Bilduk, baina lau urtean eginiko kudeaketarekin haserre zeudenek pentsatu zuten nori eman behar zioten botoa Bilduk ez zezan jarraitu. EAJk oso ongi jakin zuen hori baliatzen, diskurtso moderatua eginez, ez abertzalea. Saiatu behar dugu berreskuratzen jende hori eta garai batean PPri botoa eman baina azken bozetan etxean geratu zirenak.

Hautesleek aspaldiko eskaintzarik zabalena izango dute eskuin espainiarzalearen eremuan. Nola eragingo du lehiak?

Ulertzen dut beste probintzia batzuetan Ciudadanosek eta Voxek beste indar bat izan dezaketela, baina ez Gipuzkoan. Zentro-eskuin euskal-espainiarraren eremuan, PPren boto baliagarria eskatuko nuke, diputatu bat lortzeko aukera duen alderdi bakarra PP delako. Dei egingo nioke zentro-eskuineko jende horri, gipuzkoar, euskal herritar eta espainiar sentitzen dena, espazio hori PPk bete dezan. Zentzuduna da, Ciudadanosi edo Voxi ematea botoa alferrik botatzea delako.

Lortuko duzue diputatua?

Zaila da; zentro-eskuinaren zatiketaz gain, eragingo dute beste faktore batzuek: adibidez, Podemosen jaitsierak beste banaketa bat sor dezake. PPk diputatua izan du Gipuzkoan 2015era arte.

Gipuzkoan, zer mezuk funtzionatu dezake PP hazteko?

Espainiako Konstituzioa defendatuko dugu; ez dugu nahi Euskadin Kataluniakoa gertatzea. Gainera, terrorismoaren biktimak babestuko ditugu, asko sufritu dutelako. Hirugarrenik, familiaren eta bizitzaren alde egingo dugu, jaiotza tasa oso apala baita Euskadin. Kudeaketaren arloan, ekonomikoki lurralde indartsua da Gipuzkoa, eta berraktibatu nahi dugu: tramiteak erraztu enpresak sortzeko... Azpiegituren arloan, Pasaiako portua sustatu nahi dugu. Abiadura handiko trena ere babestuko dugu; Mariano Rajoyren garaian inbertsio handiak egin ziren. Hondarribiko aireportua luzatzearen alde gaude. Egin beharreko beste obra batzuk dira Añarbeko behe kanala, Loiolako Erriberako geltoki intermodala, Kostalde Plana, kulturaren aldeko apustua egin behar da...

Casadok eskumenez esandakoak ñabartu izan ditu hemen PPk. Suhiltzaile ari zarete?

PPk beti defendatu ditu foraltasuna, Kontzertu Ekonomikoa eta estatutua autogobernu tresna gisa, eta beti babestuko ditu. Inoiz ez diogu uko egin eskumenak eskualdatzeari, baina orain azken orduko truke bat dago, ezkutuan, denen arteko negoziaziorik gabe. Rajoyren garaian akordio garrantzitsuak egin ziren kupoaren arloan, eta normala da kanpainan mezu zakarragoak egotea, baina aurrerantzean ere egongo dira akordioak, ziur.

Eskumenen arloan Rajoyk ez zuen pausorik eman sei urtean.

Tira, baina Rajoyren urteetan akordio asko egin dira EAJrekin. EAJk interesa badu, gauza onak negoziatzen baditu eta jarrera moderatua badauka, ziur elkar ulertuko dugula. Egia da Rajoyri labankada eman ziola; ez genuen ulertu: dezepzionatu gintuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.