Zenbaketa amaituta, atzerriko eta Ipar Euskal Herriko botoek ez dute eserlekuen banaketa aldatuko

Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpo bizi diren 8.200 lagun inguruk bozkatu dute, 2020an baino 5.000 herritar gehiagok.

Atzerriko eta Ipar Euskal Herriko botoa zenbatzen ari dira gaur. JAVIER ZORRILLA / EFE
Atzerriko eta Ipar Euskal Herriko botoa zenbatzen ari dira gaur. JAVIER ZORRILLA / EFE
Isabel Jaurena.
2024ko apirilaren 26a
11:50
Entzun

Ipar Euskal Herriko eta atzerriko botoak zenbatzea bertzerik ez zen falta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako boto zenbaketa amaitzeko. Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpo bizi diren 8.200 lagun inguruk bozkatu dute, 2020an baino 5.000 herritar gehiagok. Horiek kontutan hartuta ere da aldaketarik egonen azken eserlekuen banaketan.

Igandeko zenbaketan, EH Bilduk lortu zuen Arabako azken eserlekua, eta PSE-EEk Bizkaikoa eta Gipuzkoakoa. Araban ezinezkoa zen ezer aldatzea: EAJk 3.714 boto behar zituen azken eserlekua koalizio subiranistari kentzeko, baina lurralde historiko horretan 954 boto eman dituzte atzerritik edo Ipar Euskal Herritik. Halere, jeltzaleek jaso dute boto gehien: 173. Atzetik izan dituzte EH Bildu (160), PSE-EE (143), PP (129), Elkarrekin Podemos (37), Vox (33) eta Sumar (27).

Bizkaian, berriz, Sumarrek kendu ahal zion eserlekua sozialistei, 738 boto lortuz gero, behintzat. Aukera mahai gainean zegoen, lurralde horretan 3.703 boto erregistratu direlako atzerritik edo Ipar Euskal Herritik. Ordea, sozialistek beren eserlekua manendu dute, Sumarrek 100 boto lortu dituelako. Lurralde horretan ere EAJ izan da garaile boto kopuruan, 1.017 lortu baititu. Koalizio subiranista du atzetik 604 botorekin, PSE-EEk 531 lortu ditu, PPk 511, Voxek 168 eta Elkarrekin Podemosek 87.

EH Bildurena izan zitekeen Gipuzkoako azken eserlekua, 1.360 boto eskuratuz gero. Aukera hori ere posible zen, lurralde horretako 3.540 boto baitzeuden. Halere, eta gutxigatik, sozialistek mantendu dute azken eskerlekua, EH Bilduk 986 boto lortu baititu. EAJ izan du atzetik 672 botorekin, 419 jaso ditu PSE-EEk, 347 PPk, 138 Sumarrek, 96 Voxek eta 85 Elkarrekin Podemosek.

Dena den, ez da oso ohikoa atzerriko eta Ipar Euskal Herriko botoen zenbaketak emaitza aldatzea, baina aldaketak egon badaude. Orain lau urte, erraterako, koalizio subiranistak eserleku bat galdu zuen, PP-Ciudadanos koalizioaren alde. 2016an, berriz, EH Bildu izan zen legebiltzarkide bat irabazi zuena, EAJri kenduta.

Gaurko zenbaketa eta gero, hautagaitzek erreklamazioak aurkezteko aukera izanen dute: lurralde bakoitzeko hauteskunde batzordean lehenbiziko eta, gero, EAEkora bideratu ahalko dituzte. Horiek konpontzean, batzordeek hautagaitzak izendatuko dituzte eta zazpi egun baino lehen EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dute.

Boto gehiago

Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpo atzerrian edo Ipar Euskal Herrian bizi diren herritarren botoak zenbatuko dituzte gaur. Kanpoan bizi arren, hiru lurralde horietako bateko herritarrak dira, eta errolda osoaren %4,6 osatzen dute –82.911 pertsona–.

Aurreko bozetan baino herritar gehiagok eman dute botoa horrela, baldintzak malgutu egin dituztelako. Hautesle errolda horretako herritarren %10 inguruk bozkatu dute: 3.703 bizkaitarrek, 3.540 gipuzkoarrek eta 954 arabarrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.