Gipuzkoako zaintzako langileak mobilizatzera deitu ditu LABek

LAB sindikatuak eskatu du zaintza lanekin «negoziorik ez egiteko» eta urratsak egiteko sistema publiko komunitariorantz. Horretarako, ohartarazi du «arreta» jarri behar zaiola KPIa bermatzeari eta ratioak hobetzeari.

LAB sindikatuaren elkarretaratzea
LABen elkarretaratze bat Donostian. JON URBE / FOKU
Irati Egibar Izeta
2024ko otsailaren 7a
16:15
Entzun

Gipuzkoako zaintzako langileen «baldintza eskasak» salatu ditu LAB sindikatuak: zaintza beharrizanen estaldura apalak, soldata baxuak, langile ratio txikiak… Horren atzean, «zaintza pribatizatzeko» helburua dago, Manex Azkue LABeko Zerbitzu Soziokomunitarioko Gipuzkoako arduradunaren esanetan. Gipuzkoako Batzar Nagusien kanpoaldean egin dute agerraldia.

LABen arabera, «negozio» bilakatu dira zahar egoitzak, etxez etxeko laguntzak, aniztasun funtzionalari loturiko zerbitzuak eta esku hartze sozialean biltzen diren guztiak. Azkueren iritziz, lan horien atzean helburu ekonomikoa dago: «Enpresa pribatuen irabaziak bihurtu dira lehentasuna, kalitatezko zaintza eta gizarte zerbitzuak jasotzeko eskubidearen ordez».

Azkuek salatu du Gipuzkoako Foru Aldundia dela langileen egoera prekarioaren «erantzule zuzena»: «Urteak pasatu dira gure gobernariek, patronalarekin eskutik, zaintza lanekin lotutako lanpostuak pribatizatzeari ekin ziotenetik». LABek salatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak azpikontratatu egiten dituela gizarte zerbitzu gehienak, eta nabarmena dela lan publiko hori pribatizatzeko joera.

Gaur eginiko agerraldian bi eskaera nagusi egin dituzte: alde batetik, ekonomikoa, gutxienez KPIaren araberako soldata igoera bermatzea; bestetik, ratioak —langile kopurua erabiltzaileko— hobetzea. Gehiegizko lan karga «jasanezina» dela salatu dute.

KPIaren «bermerik ez»

Gaur-gaurkoz, zaintzako sektoreetan ez dago langileei erosahalmena bermatzeko inolako ziurtasunik. Hori dio LABeko Zerbitzu Soziokomunitarioko Gipuzkoako arduradunak. Gipuzkoako Foru Aldundia da zaintza zerbitzu gehienen titular eta finantzatzaile nagusia, eta horrek harremanak baldintzatzen ditu. «Soldata igoerak langileen legezko ordezkaritzaren eta patronalaren artean hitzarmen bidez adostu beharko lirateke», Azkueren iritziz. Baina ohartarazi du aldundiak mugatzen duela enpresa eta elkarte gehienen negoziaziorako gaitasun ekonomikoa. Ondorioz, salatu du KPIaren bermerik ez dagoela zaintza eta gizarte zerbitzuetako langileentzat.

Gehiegizko lan karga

Lan karga handien errua ere aldundiari egotzi dio Azkuek, eta, kasu askotan, salatu du ezarritako ratio «txikiak» ez direla betetzen: «Premiazko kontua da ratioak hobetzea. Gehiegizko lan karga kalte larriak eragiten ari da langileen osasun fisikoan eta psikosozialean». Horrek, Azkueren iritziz, «eragin ukaezina» du zerbitzuaren kalitatean.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, adibidez, 434 zahar etxetatik 146 baino ez dira titulartasun publikokoak, eta 40k baino ez dute kudeaketa publikoa. LABen agerraldian parte hartu du Olatz Urbietak, Tolosako (Gipuzkoa) Iurramendi zahar etxeko langileak. LABek egindako salaketa orokor guztiak berretsi ditu, egunero duten egoeraren bitartez. Zu eta Biok enpresak eginiko azpikontratu batekin ari da Iurramendi zahar etxean lanean. Zaintza lana «sektore feminizatua eta prekarizatua» dela dio Urbietak, eta horrek soldatan eragin zuzena duela: «KPIa bermatzea beharrezkoa da guretzat, gure sektorean soldata arrakala izugarria baita».

Gaur egun dituzten ratioekin, Tolosan (Gipuzkoa) ez dira iristen egunean egin beharreko lan guztiak egitera. Urbietak ohartarazi du «baldintza txarretan» lan egiten dutela, eta aitortu du askotan eskainitako zerbitzua ez dela egokia izaten: «Ez gara iristen aitona-amona guztiak ondo zaintzera. Ezin gara bi zatitan banatu».

Otsailaren 16an, mobilizazioa

Zaintza sistemaren eredua aldatzeko eskatu du LAB sindikatuak, «pribatizazioa amaitzeko» eta «baldintzak duintzeko». Halaber, Azkuek gaineratu du oso feminizatuta dagoen eremu dela, eta urratsak egin behar direla zaintza lanei zor zaien aitortza soziala, politikoa eta ekonomikoa lortzeko.

Egoera salatzeko, otsailaren 16an, kontzentrazioa egingo dute Donostiako Gipuzkoa plazan. Aurretik, 08:30ean hasita, Garbera merkataritza gunetik jaitsiko dira auto ilara osatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.