LAB sindikatuak elkarretaratze bat egin du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostian duen egoitzaren aurrean, lurraldeko zaintza zerbitzuen publifikazioa defendatzeko. Izan ere, salatu dute zahar etxe eta gizarte zerbitzu asko pribatizatuta daudela Gipuzkoan, eta horiek publifikatzea «posible eta erreala» dela. Are, mugimendu feministak iazko azaroan antolatu zuen greba feminista orokorreko aldarrikapen nagusia ere babestu du: zaintza sistema publiko eta komunitarioa eraikitzea.
Pribatizazioek zahar etxeetako eta gizarte zerbitzuetako langileei kalte egiten dietela nabarmendu du sindikatuak, eta horregatik uste du «urgentziazkoa» dela zaintza eredu hori bukatzea. Horretarako, iragarri dute datorren urtean Gipuzkoako zahar etxeetako herrialdeko hitzarmenaren negoziazioari helduko diotela berriz. Itunpeko zahar etxeetako langileen eta langile publikoen lan baldintzak parekatzea hartuko dute abiapuntu gisa. Nabarmendu dute, ordea, «enpresa pribaturik gabe kudeatu beharrezko zerbitzua» izan behar duela zaintzarenak.
Bide horretatik, elkarlanera deitu ditu gainerako eragile politiko eta sindikalak, eta langileen aldarrikapenak «kontuan hartzeko» eskatu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari.