Gipuzkoako Soziometroak aztertu du Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hauteskundeak orain egingo balira zer aldaketa gertatuko liratekeen egungo osaketarekin alderatuz, eta batzuk jaso ditu. Inkesta horren arabera, EH Bilduk irabaziko lituzke berriro foru hauteskundeak, eta 2023an lortu zuen eserleku kopuru bera lortuko luke: 22. Soziometroaren arabera, apaldu egingo litzateke EH Bilduk eta EAJk Gipuzkoako foru ganberan duten aldea: EAJk 18 batzarkide lortuko lituzke —17 ditu orain—, eta koalizioarekiko aldea laukoa litzateke, eta ez bostekoa gaur egun bezala. Jeltzaleek Ahal Dugu-ren kontura lortuko lukete eserleku hori, moreek galdu egingo bailukete bat.
PSE-EEk, berriz, 2023ko bozetan lortu zuen emaitza berdina izango luke orain: zazpi batzarkide. Eta, hala, Foru Aldundia osatzen duen bikoak ez luke gehiengoa, orain gertatzen den antzera. Bien arteko babesa handitu egingo litzateke eserleku bat gehiagorekin, baina, hala ere, beste alderdi baten babesa beharko lukete gobernua eskuratzeko atzera eta zenbait neurri aurrera ateratzeko, hala nola aurrekontuak onartu eta zerga erreformaren moduko arau garrantzitsuak. Inkestaren arabera, Elkarrekin Ahal Dugu-k orain dituen batzarkide bietako bat galduko luke, eta PPk bere hiru batzarkideei eutsiko lieke.
EH Bilduk boto portzentaje handiagoa lortuko luke, Gipuzkoako Soziometroaren arabera, %37,3tik %39,4ra igoko bailitzake, baina bi puntuko hazkunde horrek ez lioke beste eserleku batek ekarriko. EAJk lau hamarren baizik ez litzateke haziko botoan, %32,6tik %33ra, baina alde txiki horrek eserleku bat gehiago eskuratzeko modua emango lioke, D'Hondt legeari jarraikiz.