Gipuzkoako Senideak-ek galdetutakoen %95ek uste dute aldundiak konpondu behar duela zahar etxeetako lan gatazka

Zahar etxeetako egoiliarren senideak biltzen dituen elkarteak egoitzetan parte hartzeko aukera gehiago izatea eskatu du.

Gipuzkoako zahar etxeetako lan baldintzak salatzeko protesta bat, artxiboko irudian. GORKA RUBIO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko otsailaren 4a
11:38
Entzun

Gipuzkoako zahar etxeetako egoiliarren senideak biltzen dituen Gipuzkoako Senideak elkarteak galdeketa bat egin du bazkideen eta gainerako familiarren artean. Gaur eman dute emaitzen berri, agerraldi batean. Jakinarazi dutenez, galdetegiari erantzun diotenen %95ek uste dute Gipuzkoako Foru Aldundiak bitartekari lanak egin behar dituela zahar etxeetako lan gatazkan, eta hura konpontzeko ardura ere baduela.

Orotara, 266 pertsonak erantzun dituzte galderak, eta, oro har, egoitzetan parte hartze handiagoa izatea eskatu dute: %74k uste dute Gipuzkoako Foru Aldundiak zahar etxeak behartu behar dituela parte hartzeko bideak ezartzera, zerbitzua hobetzeko ekarpenak jasotzeko; %23k uste dute «inoiz» ez dela bultzatzen parte hartzea; eta %77k ez dute ezagutzen egoiliarrek eta senideek parte hartzeko modurik. Gainera, %62k ez dute uste Gipuzkoako egoitzetako kalitatea Bizkaiko eta Arabako zentroetakoa baino hobea denik, eta %73k pentsatzen dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerbitzuak eta kuotek berberak izan behar dutela.

Gipuzkoako zahar etxeetako lan gatazkaz ere aritu da taldea. Haien hitzetan, «ezin konta ahala» aldiz eskatu dute aldundiak esku hartzea, eta ezezkoa jaso dute beti. Gogorarazi dute gatazka duela hiru urte eta erdi hasi zela, eta langileek dagoeneko 257 greba egun izan dituztela. Taldearen irudiko, zahar etxeetako bizi kalitatea hobetzeko beharra «larria» da, eta, horretarako, «ezinbestekoa» da «hainbeste min, estres eta frustrazio» eragin dituen gatazka konpontzea. «Orain inoiz baino gehiago, erabiltzaileek ondo artatzea eta ondo zaintzea behar dute. Langileek ere arta eta lan baldintza hobeak behar dituzte, zaintzen jarraitu ahal izateko».

Horiek horrela, datozen egunetarako deituta dauden protestekin bat egiteko eskatu diete senideei eta gainerako eragileei. Hain zuzen, gogorarazi dute ELAk eta LABek kontzentrazioak egingo dituztela hilaren 11n, eta 16an manifestazioa egingo dutela Donostian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.