Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak atzera bota du 'Bidegi auzia' artxibatu izana

EH Bilduren helegitea partzialki onartu dute. AP-1 autobidea eraikitzeko lanetan diru publikoa oker erabili izana da kereilaren akusazioa.

azpeiti
Azpeitiko instrukzioko 2. epaitegia, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete - Ion Orzaiz
2024ko otsailaren 20a
18:05
Entzun

Bidegi auzia zabalik da berriro. Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak partzialki onartu du EH Bilduren helegite bat, eta peritu ikerketa independente bat eskatu du, Azpeitiko epaitegiaren erabakia bertan behera utzita. Ebazpen honen oinarrian dago Gipuzkoako Foru Aldundiak 2015ean aurkeztutako kereila —Bildu agintean zen garai hartan—: AP-1 autobidearen eraikuntzan diru publikoa oker erabiltzea eta agiriak faltsutzea egotzi zioten aurreko diputazioari. Kereila hori behin-behinean artxibatu zuen Azpeitiko instrukzioko 2. epaitegiak, eta uko egin zion fiskaltzak eta herri akusazioak eskatutako ikerketa independentea egiteari, garestiegia zelakoan. Kereila artxibatzeko erabaki hori da orain Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak atzera bota duena.

Zehazki, auzitegiak bi sententzia eman ditu, Azpeitiko instrukzioko bigarren epaitegiaren erabakiak bertan behera uzten dituztenak. Gainera, agindu dio «aditu txosten independente bat» egiteko, jakiteko ea Isuskitzako tunelean —Arlaban eta Eskoriatza artean (Gipuzkoa)— egin gabeko lan batzuk kobratu zituzten.

Azpeitiko epaitegiak irailean artxibatu zuen behin-behinean Bidegi auzikokereila hori, ez zegoelakoan «behar bezala justifikatuta» delitua gertatu izana. Era berean, uko egin zion peritu txosten inpartzial bat eskatzeari, argudiatuta horrek «kostu handiegia» izango zuela. Kereilan, bost lagun salatu zituen Bilduk agintzen zuen aldundiak: Bidegiko hiru arduradun —tartean erakundeko zuzendari tekniko ohi Agustin Zugasti—, Eurostudios ingeniaritza enpresako buru bat eta OHL eta Ferrovial enpresa eraikitzaileek lanotarako eratu zuten taldeko beste bat. Aldundiak adierazi zuenez, diru publikoko 17,1 milioi euro oker erabiltzeagatik eta tuneletako lanen ordainketetan dokumentuak faltsutzeagatik izan zen salaketa. Auzia behin-behinean artxibatzeko erabakiaren aurkako errekurtsoa jarri zuen EH Bilduk.

2021eko uztailean, peritu txostenaren alde azaldu zen fiskaltza ere, eta planteatu zuen ikerketa hori ezinbestekoa dela kasua argitzeko: «Beharrezkoa da peritu proba independente bat egitea, egiatan zer gertatu zen argitzeko, eta zehazteko ea aurrekontuan nolabaiteko iruzurra egin zen AP-1 Gasteiz-Eibar autobideko Arlaban-Eskoriatza tartean egindako obrak zirela-eta». Fiskaltzak eta EH Bilduk eskatzen zutenari men egitea erabaki du orain Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak, peritu txosten independentea eskatuta. Gehienezko prezio bat ere ezarri dio: 80.000 euro.

Horrez gain, Azpeitiko epaileari kargu hartu dio auzitegiak: gogorarazi dio bi ebazpen kaleratu zituela aurretik, zeinetan propio eskatzen baitzion eginbide horien inguruan erabaki bat har zezala, «baina 2023ko abuztura arte ez zituen atzera bota, erabaki horren motiboak azaldu gabe».

Orain berrabiarazi dutenaz gain, beste kereila bat ere egon zen, 2014an aurkeztutakoa. Behin-behinean artxibatu zuten hura ere, eta EH Bilduk helegitea jarri zuen.

«Peritu txosten independente batek agerian utziko du Gipuzkoako Foru Aldundiaren lan ona, eta prozesu osoaren izaera politikoa».

 IRUNE BERASALUZEGipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea

Aldundiaren «lan ona»

Gipuzkoako Foru Aldundiko egungo arduradunek «errespetua» adierazi diote auzitegiaren erabakiari, betiere Markel Olanoren diputazioak urte haietan eginiko «lan ona» azpimarratuta. Zehazki, aldundiko bozeramaile Irune Berasaluzek esan du auzitegiak erabaki duela auzia berriz irekitzea, «ez delitu zantzuak aurkitu dituelako, baizik eta egokitzat jo duelako beste eginbide batzuk agintzea». Haren irudiko, peritu txostena baliagarria izango da frogatzeko «zuzen jardun zutela AP-1aren eraikuntza bultzatu zuten arduradun teknikoek eta politikoek».

Bidegi auziari buruz, Berasaluzek adierazi du «akats, manipulazio eta omisio ugariz betetako dokumentazioan oinarrituta» aurkeztu zirela kereilak, eta ezinbestekotzat jo du auzitegiak agindutako peritu txostena egiteko garaian «independentziarik eta gaitasun juridikorik handiena bermatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.