ikastolak

Gipuzkoako ikastolek abian jarri dute Kilometroen eredu berria, «onura soziala» lortzeko

Jaia egun bakarrera mugatu beharrean, urte osoan egingo dituzte ekitaldiak. Egun nagusia urriaren 4an izango da, Villabona-Amasan eta Zizurkilen.

Aurtengo Kilometroen aurkezpena, gaur, Donostian. BERRIA
2020ko martxoaren 12a
17:40
Entzun

Gipuzkoako ikastolen elkarteak Kilometroak jaiaren eredu berria aurkeztu du gaur, Donostian. Azkeneko lau urteetan hausnarketa prozesu batean murgilduta aritu dira, eta horren ondorio izan da Kilometroen «birsortzea, eredu berri bati jarraituz». Aurtengo egun nagusia urriaren 4an izango da, Villabona-Amasan eta Zizurkilen. «Euskararen eta euskal kulturaren defentsan, herriari onura soziala sorraraziko dioten egitasmoak antolatuko ditugu, jai gozagarri, osasungarri eta errespetagarrien bidez eta ludikotasuna bultzatuz. Horretarako, jai egun bakarrera mugatu beharrean, urte osoan hedatuko diren ekintzak eta jaiak egingo dira», esan du Nekane Artolak, Euskal Herriko Ikastolen artezkaritza kontseiluko eta Kilometroak kultur elkarteko lehendakariak.

Gaizka Ezeiza Kilometroak 2020ko Zubimusu ikastolako koordinatzaileak azaldu duenez, «prozesu baten amaieran» daude herrialdeko ikastolak, «eta hemendik aurrera beste bati hasiera emateko prest eta gogotsu». Haren arabera, «Kilometroak jaia ez da amaitzen ari, indarberritzen baizik».

«Jai parte hartzaileak» izango direla adierazi du Artolak, eta bi ardatz izango dituzte: «Batetik, lurraldeko ikastola guztien parte hartzea bermatuko duen Ikastolak harrobi kulturala egitasmoak landuko ditugu; eta, bestetik, Ikastola plazara dinamikak, Euskal Herriko hainbat eragilerekin batera antolatutako ekintzen bidez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.