Sinesgaitza dirudi, baina hala da: 2023. urtera arte, Francisco Franco diktadorea Gipuzkoako seme kutun izan da, baita Gipuzkoako Foru Aldundiko ohorezko presidente ere. Hori, ordea, ez da bateragarria «balio demokratikoekin eta oinarrizko eskubideen eta askatasunen defentsarekin». Hala azaldu du Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiaren bozeramaileak, eta iragarri du aldundiak bertan behera utzi dituela 1939. eta 1975. urteen artean emandako ohorezko hainbat titulu: «Altxamendu militarraren, diktaduraren eta gerraren gorazarrea egiten zuten».
Franco, zehazki, 1939ko ekainaren 1ean izendatu zuten Gipuzkoako seme kutun, eta 1945eko ekainaren 23an foru aldundiko ohorezko presidente. Gisa horretako izendapenak kendu dizkieten beste guztiak hilda daude gaur egun, eta horrek badu ondorio bat: ez dituzte itzuli beharko eman zizkieten oroigarriak, hala nola dominak eta aginte makilak.
Ikerketa lana
Mendozak azaldu duenez, 2022ko apirilean, aldundiak Iñigo Imaz Martinez historialariari eskatu zion ikerketa lan bat egiteko. Helburua zen Francoren diktaduran zehar egindako izendapenen inguruko dokumentuak biltzea, identifikatu ahal izateko haietako zeintzuek zuten lotura Francoren erregimenarekin. Imaz Martinezek iazko irailean eman zuen txostena, eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek aztertu zuten.
Aldundiak horren ondoren hartu du erabakia: «Txostena patxadaz aztertu eta egin beharreko kontsultak egin ostean, diputazioak beharrezkotzat jo du denbora tarte hartan emandako hainbat aitortza erretiratzea, Memoria Demokratikoaren Legeak dioenarekin bat eginez», adierazi du Mendozak. Txostenean jasota ageri dira aurrez erretiratutako hainbat ikur ere; adibidez, plakak eta bustoak.
Amaitzeko, bozeramaileak goraipatu egin du aldundiak «memoria historikoa berreskuratzeko, zabaltzeko eta belaunaldi berriei helarazteko» egiten duen lana, «bermatuz biktimek egiarako, justiziarako eta erreparaziorako duten eskubidea».