Gipuzkoako Foru Aldundiak PPren babesarekin onartu ditu aurrekontuak

Gobernuko alderdiek EH Bilduri eta Elkarrekin-i leporatu diete akordioarekin bat egin ez izana. Bi koalizio horiek, berriz, txartzat jo dute EAJk eta PSE-EEk PPrekin egindako akordioa, duen karga ideologikoagatik.

Eider Mendoza, eta atzean, zutik, Mikel Lezama. ANDONI CANELLADA / FOKU
Eider Mendoza, eta atzean, zutik, Mikel Lezama. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko abenduaren 20a
12:55
Entzun

Gipuzkoako Foru Aldundiak EAJko, PSE-EEko eta PPko batzarkideen botoei esker atera ditu aurrera 2025erako aurrekontuak. Halere, Batzar Nagusietako gaurko bilkurako eztabaidagai nagusia ez dira diru sailak izan, baizik eta alderdiak aurrekontuen alde edo kontra egitera bultzatu dituzten estrategiak. Hori bai, nork berea azaldu beharrean, besteena jarri dute jomugan. EAJk eta PSE-EEk akordiotik bat egin ez izana egotzi diete EH Bilduri eta Elkarrekin Gipuzkoari. Azken horiek, berriz, txartzat jo dute gobernuko alderdiek PPrekin ituna egin izana.

Gipuzkoako aurrekontuek 1.218 milioi euroren balioa dute, eta, banaketari dagokionez, pisu handia du Zaintza eta Gizarte Politiketako Departamentuak. Hala defendatu dute EAJko eta PSE-EEko ordezkariek, eta txarretsi egin dute EH Bilduk eta Elkarrekin-ek gauza bera ez egitea. 

Hego Euskal Herriko gainerako ganberetan gertatutakoei erreparatuz, EAJko Ianko Ganboak uste du «susmo txarrak» piztuko zituzkeela EH Bilduk Espainiako eta Nafarroako aurrekontuak babestu eta EAEn beste modu batean jokatzeak, eta, ondorioz, koalizioak estrategia aldatu duela: «Badaki ez diola mesede egiten betiko aurpegia, ezezkoarena, erakusteak, eta, beraz, baietzaren mozorroa jantzi du beste lurralde historikoetan». 

PSE-EEko Jesus Maria Zaballosek bide beretik jo du, datu batzuk hizpidera ekarrita. Azaldu du EH Bilduk aurrekontuen %1,4 zuzendu duela Araban, %2 Bizkaian eta %0,24 Nafarroan, eta Gipuzkoan, berriz, %4,6 zuzentzeko proposamena egin, baina gero 57 milioi euroren kontraproposamen bat baztertu zuela, bi urtean garatzekoa. 

Hala, Zaballosek eta Ganboak ondorioztatu dute EH Bilduren erabakia ez dela kopuruetan oinarritua. Lehenak adierazi du arrazoia zera dela, koalizio subiranistak ez duela PPrekin batera agertu nahi, nahiz eta akordiorako proposamena «izorratu». Ganboarentzat, berriz, PPren baiezkoa aukera bat izan da EAJ «higatzeko», EH Bilduren xedea aldundira iristea delakoan: «Boterea nahi duzue kosta ahala kosta».

Elkarrekin Gipuzkoaren jarrera, berriz, EH Bildurekiko «segidismo» gisa definitu du Ganboak. Zaballosek, berriz ere datuak aipatuz, esan du ez duela ulertzen aurrekontuen %3,15 zuzentzeko proposamenak aitzakia izatea kontrako botoa emateko. Era berean, baina, koalizioari leporatu dio «dena ala ezer ez» delako estrategia baliatzea, eta proposamen horietan murrizketarik ez onartzea.

«Garestia da ideologikoki»

Oso bestelako jarrera erakutsi dute oposizioko alderdiek. Azken asteetako ibilbideari begira, EH Bilduko batzarkide Esti Elduaienek azaldu du hasiera-hasieratik nabari zela gauzak nola amaituko ziren, eta salatu du aldundiak EH Bilduri kontraproposamen bat egiteak orduko argazkiari erantzuten ziola: Arabako Aldundia EH Bildurekin ados jarri berria zen, eta Eusko Jaurlaritza ere koalizioarekin negoziatzen ari zen. Gipuzkoan, akordioa PPrekin egina zuten.

Hala, Elduaienek EAJri eta PSE-EEri adierazi die aurrekontuak onartzeko ardura gobernuarena dela, eta beraz, haren erabakia izan dela PPri giltza ematea: «Ez du balio bide motzena hartzeak merkeagoa delako, eta garestia izan daitekeelakoan orain errua oposizioari botatzea». Are gehiago, migrazio politikak tartean egonik. Izan ere, akordio hori, diru sailei dagokienez «merkea» bada ere, «garestia da ideologikoki», Elkarrekin Gipuzkoako eledun Miren Etxebesteren esanetan. Hain zuzen, migrazio politikak jorratzen direlako: «Horixe nahi du PPk. Gizartean txertatzen ari diren arazo faltsu baten konponbide izendatzea». 

Are gehiago, Etxebestek uste du balitekeela akordio puntual bat baino zerbait gehiago izatea tartean. Iritzi dio jeltzaleak epe luzera begiratzen ari direla, 2027ko foru hauteskundeetara: «Honen atzean ez ote dago bidea egiteko asmoren bat? Naturaltasuna irudikatzea, hemendik bi urte eta erdira gobernua EAJk, PSEk eta PPk osatzeko?».

EH Bilduren eta Elkarrekin-en kritikei aurre egiteko asmoz, Mikel Lezama PPko eledunak argudiatu du eurek Gipuzkoari erreparatzen diotela, Eusko Legebiltzarreko eta Espainiako Gorteetako eztabaidetatik bereiz, eta horregatik jokatu dutela «arduraz» aurrekontuekin. Migrazio arloan adostutako bi zuzenketak ere defendatu ditu Lezamak, esanez «betebehar moral» bat duela auzi horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.