Gipuzkoako Foru Aldundiak lotune berri bat egin nahi du Andoaingo auto pilaketen arazoa konpontzeko

A-15 eta N-1 errepideek bat egiten duten lekuan pilatzen dira ibilgailuak. Andoaingo Udalak ere proiektu bat landu du, eta martxoaren 25ean aurkeztuko die herritarrei.

Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztutako egitasmoaren maketa. BERRIA
Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztutako egitasmoaren maketa. BERRIA
Gotzon Hermosilla - Olatz Silva Rodrigo
2025eko martxoaren 17a
16:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gipuzkoako Foru Aldundiak lotune batekin askatu nahi du Andoainen (Gipuzkoa) Bazkardo inguruan sortzen den errepideen eta ibilgailuen korapiloa. Andoainen bat egiten dute A-15 eta N-1 errepideek, eta ohikoa da egunero ibilgailuen ilarak izatea bi errepide horiek bat egiten duten lekuan. Ibilgailu horietako asko kamioiak dira. Ibilgailuak Astigarraga aldetik iristen dira bertara, A-15 errepidetik, eta N-1 errepidea hartu nahi izaten dute. Bi erreiko errepidea errei bakarrekoa bihurtzen da, eta, gainera, gaur egungo lotunean bat egiten dute norabide bera hartu nahi duten beste bide batzuek.

«Gipuzkoako ibilgailu pilaketa handieneko gunea da», Eider Mendoza diputatu nagusiaren esanetan. Puntu «kritikoa». Bazkardo inguruko arazo hori konpontzeko lotune berriaren egitasmoa aurkeztu du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak: begizta itxurako errepide bat da, bi erreikoa, Atorrasagastiko tunelaren irteeratik hasi, 700 metroko zubibide baten bitartez Oria ibaiaren eta N-1 errepidearen gainetik igaro eta bukaeran N-1 errepidearekin bat egingo lukeena. Lotune berriak bi erreiei eutsiko lieke, eta ibilgailuek zuzenean jarraituko lukete A-15etik N-1era. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako datuen arabera, egunero 70.000 ibilgailu igarotzen dira tarte horretatik. A-15 errepidearen Astigarraga eta Andoain arteko zatian 37.000 ibilgailu ibiltzen dira batez beste egunero. Egitasmo berriarekin, trafikoa arindu nahi dute, eta 18.500 ibilgailu inguru kendu Astigarragatik hegoalderantz doan bidetik.

2026. urtean

Mendozak eta Bide Azpiegituretarako eta Lurralde Estrategiako diputatu Felix Urkolak azaldu dutenez, proiektuak «inpaktu gutxiagoko esku hartzea» lehenesten du, eta, autoen joan-etorria arinagoa izatea bermatzeaz gain, «ahalik eta eragin gutxien» izango du Andoaingo herrigunean, lotura guztia iparralderago eraman eta herrigunetik urruntzen baita. Gainera, trafikoa berrantolatu ez ezik, eremu horretako auzoetarako «hobekuntzak» egiteko aukera ere emango du.

Urkolak esan duenez, obrak egin bitartean trafikoan izango duten eragina «oso txikia» izango da, «egitura berriak eraikiko baitira, egungo zirkulazioari eragin gabe».

Egitasmoak 43 milioi euroko aurrekontua du, eta urtea amaitu aurretik idatziko dute. Espero dute obren lizitazioa 2026an egitea,  eta orduan hastea lanak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak bere proiektua aurkeztu du gaur, baina Andoaingo Udala ere ari da bere alternatiba lantzen. Prozesu bat abiatua du N-1 eta A-15 errepideen arteko lotunearen arazoari irtenbidea emateko. Andoni Alvarez Andoaingo alkateak zehaztu duenez, 2011n aldundiak onartutako plan bat «eguneratzeko lana» egin du udalak. «Bi aukera daude orain mahai gainean: aldundiak gaur aurkeztu duena eta 2011n onartutako saihesbidearen eguneraketa».

Martxoaren 25ean batzar irekia egingo du udalak, landu duten planaren xehetasunak eta bi egitasmoen artean dauden desberdintasunak herritarrei azaltzeko. «Argi daukagu eskumena aldundiarena dela, baina Andoaini hainbeste eragiten dion egitasmoa izanik, gizarteratze prozesu honetan aterako diren ondorioak aldundiak kontuan har ditzala nahi dugu, Andoainentzat eta andoaindarrentzat onuragarria izango den egitasmoa landu dezan», nabarmendu du Alvarezek.

Martxoan hasi eta urrira bitarte iraungo du gizarteratze prozesuak. Hilabete hauetan bi egitasmoei buruzko informazioa jasotzeko aukera izango dute herritarrek, «biek baitituzte onurak eta kalteak». Besteak beste, adituek hitzaldiak emango dituzte. Udalaren helburua da herritarrek ahalik eta informazio gehien izatea, ahalik eta «iritzirik osatuena» izateko. Urrian jasoko dituzte iritziak. Bilketa hori egiteko juridikoki dituzten aukerak aztertzen ari dira.

Trafiko arazoa Gipuzkoakoa izan arren, Alvarezek gogoratu du Andoaini eragiten diola zuzenean. Besteak beste, «gaur egungo errepidearen ondoan dauden auzokideek kutsadura eta zarata izugarria» pairatzen dute egunero. Hori dela eta, Alvarezen ustez, garrantzitsua da herritarren iritzia aintzat hartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.