Atzo jakinarazi zutenez, Donostiako epaitegi batek ebatzi du «neurriz kanpokoa eta diskriminatzailea» dela Gipuzkoako Foru Aldundiaren aterpetxeetako garbitzaile guztiei euskara maila jakin bat eskatzea. Gaur, aldundiak iragarri du erantzun egingo duela eta helegitea jarriko duela epai horren aurka.
Irune Berasaluze Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailearen esanetan, erakundeak beti defendatuko ditu herritarren hizkuntza eskubideak, baita arloan dituen konpetentziak ere: «Gure egitekoa da eskaintzen ditugun zerbitzu publikoen erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzea, eta hori egiteko konpromisoa dugu, Gipuzkoako gizarteak eskatzen digun bezala».
Gipuzkoako Foru Aldundiak aterpetxeetan garbitzaile jarduteko hamabost lanpostu egonkortzeko asmoa du; guztiek zuten ezarria euskara eskakizuna.