Gipuzkoako Foru Aldundiak dohainik eskaini nahi du eskola kirola

Eskola guztiak parekatzea litzateke helburua; izan ere, ikastetxe batzuek doan eskaintzen dute, baina beste batzuetan urtean 279 euroko kuota ordaindu behar dute familiek. Neurria ez da datorren ikasturtean indarrean jarriko, «ezinezkoa» litzatekeelako.

Haur batzuk esku-pilotan. RAUL BOGAJO / FOKU
Haur batzuk esku-pilotan. RAUL BOGAJO / FOKU
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko apirilaren 24a
13:13
Entzun 00:00:0000:00:00

Gipuzkoako eskola kirola aldaketa prozesu betean dago. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, urtarrilean, atzera bota zuen lurraldean 13 urte bete arte kluben batean kirolik egin nahi izanez gero eskola kirola egiteko beharra. Bada, asteon neurri hori indarrean sartzeko agindu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko auzitegi horrek, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu du erabakia. Hala ere, aldundia ez da besoak gurutzaturik gelditu, eta eskola kirola eraberritzeko prozesua abiatu du. Horiek horrela, asmoa dute eskola kirola dohainik izan dadin Gipuzkoan.

Gaur-gaurkoz, prezioak ezberdinak dira eskolaren eta eskualdearen arabera. Zenbaitetan dohainik da jada; beste batzuetan, ordea, 279 euro ordaindu behar dituzte familiek urtean. Hortaz, lurraldeko eskola guztiak parekatu eta eskaintza erakargarriago egite aldera, eskola kirola dohainik izatea nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Kultura, Kooperazio, Gazteria eta Kirol Sailak BERRIAri jakinarazi dionez, jarduera debalde eskaintzea dute helburu, baina «ezinezkoa» izango da horrekin datorren ikasturtean hastea.

17.545 haurrek eman zuten izena 2024-2025eko ikasturtean eskola kirolean, eta horien %64 ─hau da, 11.283 ume─ kluben batean dabiltzan bitartean ari dira eskola kirolean. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren erabakiaren bidetik, irudi du kopuru hori txikitu egingo dela. Testuinguru horretan, Gipuzkoako Batzar Nagusietan solastatuko da Goizane Alvarez Kultura, Kooperazio, Gazteria eta Kirol sailburua maiatzean, datozen urteei begira eman ahal dituzten pausoak azaltzeko. Izan ere, aldundiak helegitea jarri zion arren eskola kirola beharrezko ez egitearen erabakiari, baliteke kasazio helegite horren ebazpena bizpahiru ikasturte barru etortzea.

Horiek horrela, eskola kirola zaharberritzeko prozesua egingo du aldundiak, urrira arte kirol eta hezkuntza arloko adituekin bilduz. Bi dira aditu horiekin jorratu nahi dituzten gaiak, nagusiki: klub batean aritzeko eskola kirolaren beharra, eta eskola kirol hori egiteko ordaindu beharreko prezioa.

13 urtez azpiko umeek klub batean aritu nahi izanez gero eskola kirolean izena ematera behartzen duen Euskal Herriko lurralde bakarra zen Gipuzkoa. Araua 1990eko hamarkadan sartu zen indarrean, haurrek beti kirol berak egin ez zitzaten. Pasaiako familia bat betebehar horren aurka agertu zen, eta auzitara jo zuen. Diputazioaren bi aginduren zenbait puntu baliogabetu dituzte epaileek, eta ebatzi klub batean aritu nahi duten umeek ez dutela ezinbestean eskola kirola egin beharko.

Gaur egun, 180 ikastetxek, 40 kirol federaziok, 80 udalek, 200 pedagogok, 450 klubek, 3.200 entrenatzailek eta 8.000 taldek baino gehiagok osatzen dute eskola kirolaren Gipuzkoako ekosistema.

Ezberdintasun ugari

Ikastetxearen arabera eskola kirola egiteagatik ordaindu beharreko kuota ezberdina da, hein handi batean, jarduera ez duelako kasu guztietan organo berak kudeatzen. Guraso Elkarteak, ikastetxeak edo udalak izan daitezke eskola kirolaren arduradunak. Hori dela eta, alde batetik Goierriko, Tolosaldeko eta Urola Kostako zenbait eskolak dohainik eskain dezakete jarduera; eta, bestetik, Donostialdeko ikastetxeek urtean 279 euro kobratu ahal dituzte. Datu horiek Gipuzkoako Foru Aldundiak martxoan argitaratu zuen txosten batean ageri dira.

Hala ere, egoerari eskualdeka erreparatuta ere ezberdintasunak daude. Donostialdeko ikastetxeetan, adibidez, prezioak urtean 30 euro eta 279 euro bitartekoak dira; eskualdeen tarterik handiena. Gutxieneko garestiena, bestalde, Debagoienean dago: 90 euro urtean, batez beste. Goierrin, Tolosaldean eta Urola Kostan eskola kirola debalde egiteko aukera dagoen arren, jardueragatik urtean kuota bat eskatzen duten eskolak ere badaude. Gehienez 200 eurokoak, 128 eurokoak eta 104 eurokoak dira kuota horiek, hurrenez hurren.

Pasaiako familia batek auzitara jotzea erabaki zuen arren, ez da bakarra eskola kirolaren aurka egin duena. Aldundiaren Gertubide zerbitzuan, 2022tik martxora arte, 65 kexa egon dira, gehienak 2022an eta 2023an; 61, hain zuzen.

Eskola kirola uzteko informazioa, gaur edo bihar

Ikasturtea ─eta, beraz, eskola kirola─ amaitzeko hilabete eta egun gutxi geratzen diren arren, EAEko Auzitegi Nagusiak hartutako erabakia dela eta, haurrek eskubidea dute eskola kirola uzteko, klub batean jarraitzen duten bitartean. Horiek horrela, Gipuzkoako Foru Aldundia ikastetxeekin jarriko da harremanetan gaur eta bihar bitartean, jarduera uzteko zer pauso eman argitzeko, eskolek familiei informazio hori helarazi ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.