Gipuzkoako Foru Aldundiak harrera familiak behar ditu 75 haur eta nerabe hartzeko

Gipuzkoako Aldundiak 848 adingabe ditu tutoretzapean, eta horietatik 303 harrera familietan daude dagoeneko.

Gipuzkoako herritarrak harrera familia bihurtzera animatzeko sentsibilizazio kanpainaren aurkezpena, gaur. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Gipuzkoako herritarrak harrera familia bihurtzera animatzeko sentsibilizazio kanpainaren aurkezpena, gaur. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Isabel Jaurena.
2025eko martxoaren 24a
14:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Gipuzkoako Foru Aldundiak harrera familiak behar ditu 75 haur eta nerabe hartzeko; horietako zazpik premia handia dute. Gipuzkoan, 848 adingabe ditu aldundiak tutoretzapean, eta horietatik 303 harrera familietan daude dagoeneko.

Gaur abiatu dute herritarrak harrera familia bihurtzera animatzeko sentsibilizazio kanpaina. Bertan izan dira, bertzeak bertze, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia, Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua eta harrera familien lau ordezkari. Mendozak erran duenez, Gipuzkoako komunitateak «herritar ororen ongizate integrala» zaintzen du, eta «pertsonarik zaurgarrienak babesteko konpromisoa» du: «Adingabeen ongizatea bermatzea da etorkizunera begira komunitate gisa egin dezakegun gauzarik garrantzitsuenetariko bat».

Mendozak eskerrak eman dizkie harrera familia izatea erabaki duten horiei, eta pauso hori ematera animatu ditu «kuriositatea eta gizarteari ekarpena egiteko gogoa» duten familiak. «Familiek kontatzen digutenez, harrerak erronkak dakartza, zalantzarik gabe, baina aldi berean esperientzia baliotsu eta positiboa ere bada».

Peñak azaldu du aurtengo kanpainak «harrera familiei buruzko estereotipoak haustea» duela helburu, nabarmendu nahi baitute «edozein familia» izan daitekeela harrera familia. «Ez dio axola bakarrik bizi zaren ala zure etxean bi, hiru, lau edo bost zareten. Garrantzitsuena da haur bakar batek ere bakarrik hazi behar ez izatea», adierazi du.

Gehitu du harrera familia «babes neurri bat» dela: «Ez da adopzioa, ezta haren aurreko urratsa ere, baizik eta babes neurri bat, eta oinarri hauek ditu: konpromisoa, adingabearen historiarekiko errespetua eta, onuragarria denean, familia biologikoarekiko harremanari eusteko aukera». Are, hiru harrera mota daudela gogoratu du: larrialdikoa, gehienez sei hilabete iraunen dituena, eta berehalako ebaluazio egoeretarako erabiltzen dena; aldi baterakoa, bi urte bitartekoa, jatorrizko familiak errekuperatzen ahal diren kasuetarako; eta iraunkorra, epe laburrean jatorrizko familietara itzultzeko aurreikuspenik ez dagoen kasuetarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.