Zaintza eztabaida publikoaren lehen lerroan jarri nahi dutela iragarri zuen Gipuzkoako EAJk atzo, eta, horretarako, zaintza eredu berri bat aurkeztu zuten Olatz Peon Gipuzko Buru Batzarreko burukideak eta Maite Peña Zainketetako eta Gizarte Politiketako foru diputatuak. Zaintzaren harira alderdiak duen «posizionamendua eta konpromisoa» azalduzuten, EAJren Gipuzkoako egoitzan emandako prentsaurrekoan. Garai berriek zaintza eredu berria eskatzen dutela iritzi zioten: pertsona ardatz izango duena, eta arreta pertsonalizatua eta unibertsala bermatuko dituena. «Sendoa, eraldatzailea, feminista eta komunitarioa den euskal zaintza eredu publikoa» izatea du xede.
Proposamena da, baina trantsiziorako «ahalik eta adostasun zabalena» lortuko duen herri itun bat garatu nahi du alderdi jeltzaleak, «benetako lankidetza» bermatuko duen zaintza eredua izan dadin. Olatz Peonek adierazi zuen EAJ prest dagoela «hitz egiteko eta adosteko». Eredu berriaren oinarriak zortzi puntutan laburtu zituen Peonek.
Zaharren zaintzari oinarri sendoak jartzea da, bereziki, ereduaren erronka; bide horretatik, aldaketa demografikoari erantzungo dion gizarte politikak behar direla aldarrikatu zuen Peñak. Horretarako, Peonek adierazi zuen zainketen profesionalizazioa, eta langileen lan baldintzak sendotzea eta hobetzea funtsezkoa izango dela. Etxeko zaintza lehenetsiko duen eredua izan behar duela gaineratu zuen, adineko hamar pertsonatik zortzik etxean bizitzen jarraitu nahi duelako.
Zaintzen sektorea feminizatuta dagoela ere gogoratu zuen Peonek. Horren harira, genero arrakalari eta arraza edo jatorri etnikoarekin lotutako diskriminazioari aurre egingo dion beste puntu bat ere planteatu zuten.
Gizarte eta osasun sistemen arteko lankidetza handitu beharra ere azpimarratu zuen alderdi jeltzaleak. Hala, mendekotasuna, desgaitasun funtzionala, gaixotasun mentalen bat duen edota gizarte bazterkeria sufritzen duen orok arreta integrala jaso dezan administrazioaren aldetik.
Martxan jada
Gipuzkoan martxan da zaintza ereduaren aldatzeko trantsizioa. Horretarako jarraibideak biltzen dituen trantsizio agenda bat sortu dutela iragarri zuen Maite Peñak, eta lau ardatz nagusitan oinarrituko dutela aldaketa: pertsonalizazioa, berrikuntza, komunitatearekin lotura eta ebaluazioa.
Diputatuak zehaztu zuen zaintzaren aldeko apustu honek jarraipena emango diola Gipuzkoan jada martxan dagoen trantsizioari. «Eredu propio eta solidoa» dela gogoratu zuen, eta orduko gizarte politikei segida emango diela. Zaintza eraldatzeko tresnak ere eskura dituztela esan zuen.
Zaintzen iraunkortasuna eta kalitatea bermatze aldera, ehun milioi euroko aurrekontua adjudikatu diote trantsizio honi. Jakitun dira, dena den, luzera begirako aldaketa dela —2030. urtera bitartekoa—, eta denbora eta diru kopuruan aldaketak egon litezkeela.
Gipuzkoako EAJk zaintza erdigunean jarriko duen eredu bat proposatu du
Eredu «publiko, eraldatzaile, feminista eta komunitarioa» nahi dute. Itun sozial baten bitartez adostu nahi dituzte oinarrizko zortzi puntu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu