CCOO sindikatuak atzo arratsaldean egin zuen jakinarazpena, prentsa ohar baten bidez. Adierazi zuenenez, Donostiako auzitegi batek ebatzi du Gipuzkoako zahar etxeetako zortzi langile lan deialdi batetik kanpo ez uztea hizkuntza eskakizunarengatik. Sindikatuaren oharraren arabera, zortzi langile horiek urteak daramatzate behin-behineko kontratuekin, puntu asko lortu dituzte orain lanpostuak egonkortzeko abian diren prozesuetako batean, baina ez dute euskara maila egiaztatzeko ziurtagiririk. Sindikatuak adierazi zuen horren ondorioz prozesutik «kanpo» gera zitezkeela, baina epaian adierazi dutela ezin zaiela aterik itxi. ELAk eta LABek deituta, Gipuzkoako Diputazioko langile batzordea kalera atera da gaur, ebazpen hori salatzera.
Epaiaren bidez hizkuntza eskakizunetik salbuetsitako langileak Eibarren ari dira, Egogain egoitzan. Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen du. Gaurko protestarako prestatu duten oharrean, ELAk eta LABek gogora ekarri dute euskararen normalizazioa eragozteko epai askoren segidan heldu dela hau ere. Nabarmendu dute hizkuntza eskakizunak administrazio publikoaren «ardatz nagusietako bat» direla. Zehazki, B2 maila eskatu zaie egoitza horretako langileei.
ELAren eta LABen arabera, ordea, epaian ebatzi dute «diskriminatzailea, gehiegizkoa eta neurriz kanpokoa» dela eskakizun hori, eta, hain justu, epai horien eragile eta bultzatzaile izatea egotzi diete CCOOri, UGTri eta PSE-EEri. Propio kritikatu dute CCOOk atzo zabaldutako oharra, hartan ELAri eta LABi leporatu baitie hizkuntza eskakizunak bete ez arren beren lanpostuaren defentsan ari diren langileak «seinalatzea». Guztiz arbuiagarritzat jo dute hori: «Oso larritzat daukagu CCOO sindikatuak gezurren artean ezkutaturik jendaurrean salatzen duen hori, ondo baitakigu langile zaurgarrienak erabiltzen dituztela sindikatuaren interesak aurrera ateratzeko».
Ikusi gehiago
Bestalde, ELAko eta LABeko ordezkariek gogoratu dute egonkortze prozesuan parte hartzen ari diren langileek «zuzeneko harremana» dutela adinekoekin, eta hizkuntza eskubideen defentsa egin dute: «Administrazioak egoitzetako egoiliar orori bermatu behar dizkio bere hizkuntza eskubideak eta orobat bertan lan egiten duten langileei».
Halako beste egoerarik ez izateko, Euskararen Legea eta hizkuntza eskakizunak arautzeko Eusko Jaurlaritzaren dekretua «birformulatu» egin behar da, sindikatu abertzaleen arabera —aurrez ere hainbatetan egina dute eskaera hori—. Bide horretan, politikariei eskatu diete «hitzetatik ekintzetara» egiteko.
Kabiaren kontrakoak
Hau ez da Gipuzkoako Diputazioak zahar etxeen sektorean jaso duen tankera bereko ebazpen bakarra. Kabia erakundeak Gipuzkoako hainbat zahar etxe batzen ditu: hamasei dira denera. Urrian Donostiako epaitegi batek ebatzi zuen Kabia organismoaren hizkuntza eskakizunak «neurriz kanpokoak» zirela. Orduko hartan, bi langilek salatu zuten erakundea, argudiatuta oinarrizko eskubideak urratzen zitzaizkiela; epaileak arrazoia eman zien, eta bertan behera utzi zuen 54 zaintzaile egonkortzeko deialdi bat, Kabiak 2022an onartutakoa.