Gipuzkoako Diputazioko langileak berriz batu dira hizkuntza eskakizunen defentsan

Asteon aterpetxeetako garbiketa langileei ezarritako eskakizunen aurkako epai baten berri eman delako atera dira kalera, hizkuntza eskakizunak euskalduntzearen «ardatz nagusietako bat» direla aldarrikatzeko. Aldundiko hainbat buruzagi izan dira protestan.

Langileen protesta, gaur. ANDONI CANELLADA / FOKU
Langileen protesta, gaur. ANDONI CANELLADA / FOKU
arantxa iraola
Donostia
2024ko urriaren 11
14:45
Entzun

LAB eta ELA sindikatuek sustatuta, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Langile Batzordeak deituta, protesta bat egin dute gaur goizean Gipuzkoako Diputazioaren aurrean. Administrazio publikoan ezartzen diren hizkuntza eskakizunen aldeko keinua izan da. Izan ere, aterpetxeetako garbiketako langileei ezarritako eskakizunen kontrako sententzia baten berri eman dute asteon, eta horren kontra protesta egiteko atera dira kalera, aurrez ere antzeko beste hainbat ebazpen atera izan direnetan egin izan duten moduan. Hizkuntza eskakizunak administrazio publikoaren euskalduntze prozesuaren «ardatz nagusietako bat» direla aldarrikatu nahi izan dute.

Gaur propio salatu nahi izan duten epaiaren arabera, aterpetxeetako garbitzaile guztiei B1 hizkuntza eskakizuna eskatzea «diskriminatzailea, gehiegizkoa eta neurriz kanpokoa» da. Gipuzkoako Foru Aldundiko langile gehienak ez datoz bat horrekin, ordea. Hainbat argudio eman dituzte horretarako. Esaterako, azaldu dute langile horiek «erlazio zuzena» izaten dutela herritarrekin, eta guztientzat hizkuntza eskakizunak ezartzen ez badira «langileen arteko ezberdintzeak» sor daitezkeela. Gogoratu dute, halaber, aterpetxeetako erabiltzaile ohikoenak haur eta gaztetxoak izaten direla.

Langileek lan egiteko duten eskubidea ere aintzat hartu behar dela nabarmendu dute. «Euskaraz lan egin nahi duen langileari nork bermatuko dio hori horrela izango dela?», galdera egin dute. Tankerako epaiak ugaritzen ari dira, eta, horiek horrela, «klase politikoari» mintzatu zaizkio, egoera birbideratzeko «neurriak» har ditzan. «Mahai gainean» adituek jarritako proposamenak badirela adierazi dute. Propio aipatu dute, adibidez, Iñigo Urrutia legelariak auziok saiheste aldera egindako lanketa.

CCOO ere diputazioko Langile Batzordean dago, baina haiek ez dute bat egin protestarekin, haren kontra baitaude. Justu haiek abiarazi zuten aterpetxeetako garbitzaileei ezarritako hizkuntza eskakizunaren aurkako auzibidea. Gaur ohar baten bidez salatu dute ELA eta LAB hizkuntza eskakizunik gabeko langileen «seinalamendua» egiten ari direla.

Diputazioko agintariak

Gipuzkoako Foru Aldundiko hainbat diputatu eta goi kargudun izan dira elkarretaratzean, langileen ondoan. Lurralde Oreka Berdeko diputatu Xabier Arruti eta Bide Azpiegituretako diputatu Felix Urkola izan dira tartean. Euskara zuzendari Garbiñe Mendizabalek hartu du hitza. «Proportzionaltasuna zaindu behar dugula esaten zaigu», gogora ekarri du. Hizkuntza eskakizunen sistemak oinarrian printzipio hori duela gogoratu du, eta 30 urte daramatzatela irizpide hori gogoan hartuta «aurrera egiteko» ahaleginetan. «Gainerakoa axolagabekeria izango litzateke». Eta kontra ari diren sindikatuen jarrera kritikatu du: «80ko edo 90eko urteetan CCOOk eta UGTk jartzen zituztenen gisako helegiteak ikusten ari gara gaur egun, eta hori atzerapausoa da».

Aurrez ere esana zuen diputazioak helegitea jarriko duela epaiaren aurka.

Euskalgintzaren Kontseiluko koordinatzaile Manex Mantxola ere protestan izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.