Beste bat zerrendan. Donostiako auzitegi batek kontrako ebazpena eman du Gipuzkoako Diputazioak ehun administrari postu egonkortzeko abiarazitako lan deialdiaren harira. Langileen hainbat ordezkarik eta Euskalgintzaren Kontseiluak esan dute sententziaren berri badutela, eta erantzun bat prestatzen ari direla, kontra egiteko.
Izan ere, guztiz lotu dute ebazpen hau aurrez izan diren beste hainbatekin, eta esan dute euskararen aurkako «oldarraldiaren» beste ondorioetako bat dela. Halaxe adierazi du gaur berriro Kontseiluak: «Oldarraldi erreakzionario baten aurrean gaude, aurrerapauso ororen aurrean oztopoak jarri eta atzera egitera behartu nahi gaituztelako».
Deialdia 2023ko abenduan argitaratu zen. Norbanako batek abiarazi zuen kontrako auzibidea, hizkuntza eskubideak egokiak ez zirela argudiatuta. Aurrez ere izan dira hizkuntza eskubideen kontrako epaiak Gipuzkoako Diputazioan eta haren ardurapeko organismoetan. Gipuzkoako Foru Aldundiko buruek beti egin dute ezarritako hizkuntza irizpideen defentsa, eta kalera ere atera izan dira, langileekin batera, horien alde egitera. Administrarien lan deialdi publikoa ez da auzitara eramanda dagoen bakarra; foru erakundeak sustatutako deialdi gehiagoren kontrako prozesuak ere badira martxan gaur egun.
Bizkaiko Diputazioan ere izan dituzte hizkuntza eskakizunen kontrako ebazpenak. Eta hil honen hasieran jakin da erakundeak hizkuntza eskakizunak apaltzeko asmoa duela. Azken negoziazio mahaian adierazi zieten murrizteko asmoa aldundiko buruzagiek sindikatuei, otsailaren 20an. LABek ohar baten bidez eman zuen albistea: «Proposatu dute lan eskaintza publikoetan eskaintzen diren lekuen erdiei bakarrik ezartzea derrigortasun data». Sindikatuaren arabera, foru erakundeak aldaketarako motibo gisara aipatu zuen «segurtasun juridikoa».
Bizkaiko Diputazioaren asmoaren berri izanda, kezka adierazi zuen berehala Euskalgintzaren Kontseiluak: «Orain arte, botere judizialak egin du administrazio publikoak euskararen alde bultzatutako neurrien aurka. Oraingo honetan, baina, administrazioak berak hartu du atzera egiteko erabakia. Hau bereziki larria da».
Lege aldaketa
Hizkuntza eskakizunetan atzera egin beharrean, hizkuntza eskubideak bermatzea ekarriko duen lege aldaketa bat eskatzen ari dira hainbat eragile. Iaz aurkeztu zen bide horretan aurrera egiten lagundu dezakeen proposamen bat, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Txillardegi Gogoeta Guneak antolatutako saio batean. Langile publikoen sarbiderako «orokortutako hizkuntza eskakizunen eredu bat» proposatu zuten, Iñigo Urrutia legelariak mahai gainean jarritako lanketa bat aintzat hartuta.
Euskara funtzio publikoko lanpostuetan «baldintza» izateko bide orria da proposamen hori. «Justifikatutako salbuespenetan» euskararik ez eskatzeko «malgutasuna» lekarke proposamenak.
Euskalgintzaren Kontseiluaren ustez ere, ezinbestekoa da sakoneko aldaketak ekarriko dituen bide bat abiaraztea, gainerakoan hizkuntza eskubideen urraketak «betikotu» egingo baitira. Hizkuntza eskubideen garrantziaz ohartarazi du gaur berriro. «Izan ere, administrazio publikoko langileek euskararen ezagutza izatea ezinbestekoa da herritarron zein langileen hizkuntza eskubideak bermatu ahal izateko».
Betiko eran, «babesa» azaldu die hizkuntza eskubideen kontrako epaiak jasotzen ari diren erakundeei, eta horien kontrako helegiteak jarri eta «azken burura» eramateko eskatu die.
Herritarrei ere dei egin die Kontseiluak. «Deitzen ditugu herritar guztion eskubideen alde egingo diren mobilizazioetan parte hartzera». Gipuzkoako Foru Aldundian ELArekin eta LABekin batera antolatu izan ditu aurrez Kontseiluak mobilizazioak.