Gipuzkoako Diputazioak berretsi du eskola kirola «funtsezkoa» dela haurrak osasuntsu garatzeko

Goizane Alvarez Kirol diputatuak esan du aldundiko zerbitzu juridikoek lanean segitzen dutela epai horri helegitea jartzeko.

Gazte batzuk, futbolean. BERRIA
Gazte batzuk, futbolean. BERRIA
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2025eko otsailaren 6a
16:52
Entzun

Eskola kirolean izena emanda egotea aldez aurreko baldintza da Gipuzkoan 13 urte baino gutxiagoko haurrek talde kirolen bat klub batean egin nahi badute. Duela bi aste, ordea, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren exijentzia hori, eta gaur Goizane Alvarez Kirol diputatuak aditzera eman du aldundiko zerbitzu juridikoek lanean segitzen dutela epai horri helegitea jartzeko: «Tinko sinesten dugu eskola kirola funtsezkoa dela garapen osasungarria lortzeko. 8 urteko haurrak fisikoki heldu aurretik goi errendimendura bultzatzea eragotzi behar dugu».

Beraz, gaur egungo ereduari eusteko «konpromiso irmoa» adierazi du aldundiak, eta konpromiso horrekin bat egin dute EH Bilduk eta Ahal Dugu-k ere. Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura, Lankidetza, Kirol eta Gazteria Batzordean egindako agerraldian Alvarezek ohartarazi duenez, epaia berretsiko balute oraingo kirol sistemaren oreka aldatuko litzateke: «Gipuzkoan 35 urtean gertatu ez diren dinamikak abiaraziko lituzke, eta ez dugu nahi halakorik gertatzea».

Pasaiako familia batek jarritako helegitearen ondorioa da epaia. Familiak helegitean arrazoitu du Bizkaian eta Araban ez dagoela horrelako derrigortasunik; lurralde horietan, lehentasuna ematen diote multikirol ereduari, baina ez da inolaz ere derrigorrezkoa. Gainera, familiak ziurtatu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren legedia autonomia estatutuaren eta EAEko Kirolaren Legearen kontrakoa da; izan ere, azken horretan zehaztuta dago kirolaren eremuan autonomia erkidegoak duela «eskumen esklusiboa».

Hala ere, Alvarezek nabarmendu du Gipuzkoako ereduak bat egiten duela Kirol Legearekin: «Lege horrek kirol minoritarioak egitea sustatzen du, ekosistema askotarikoa bermatzen du, eta haur bakoitzaren aukerak zabaltzen ditu, bizitzarako gaitasunak jolasaren eta dibertsioaren bidez irakasten baitizkie, eta ez emaitzei, lehiaketari eta talentuari begira. Eredu solidarioa da, integratzailea, eta ikastetxeak erdigunean jartzen dituena, guztientzako espazio irisgarriak baitira, presiorik eta estres lehiakorrik gabeak».

Kirol diputatuak gogorarazi duenez, ebidentzia zientifikoa dago azaltzeko zergatik egin duten eskola kirola lehenestearen alde: «Askotariko kirolak egitea ez da oztopo bikaintasunera iristeko; aitzitik, haur guztiek kirola esploratu, ikasi eta gozatzeko bermea da, gutxi batzuen arrakasta askoren sakrifizioaren kontura eraiki gabe. Astiroago hastea, urrunago iristeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.