Gipuzkoako Diputazioko langileek protesta egin dute, «euskaraz lan egiteko» eskubidearen alde

Administrari jarduteko 119 lanpostu kolokan daude, hizkuntza eskubideen aurkako helegite baten harira, eta protesta egin dute langileek, LAB eta ELA sindikatuek deituta; diputazioko eta Euskalgintzaren Kontseiluko ordezkariak ere izan dira.

(ID_13610069) (Gorka Rubio/@FOKU) 2024-02-16, Donostia. ELA eta LABen elkarretaratzea erasoaldi judizialaren kontran eta 119 admini...
Langile batzordeak deitutako protesta, gaur, Gipuzkoako Diputazio parean. GORKA RUBIO / FOKU
arantxa iraola
2024ko otsailaren 16a
14:30
Entzun

LAB sindikatuak eman du abisua asteon: Gipuzkoako Diputaziorako 119 lanpostu kolokan daude, euskara eskakizunen aurkako helegite batengatik. Horrek euskararen normalizazioan ekar ditzakeen atzerapausoak salatze aldera, eta lanpostua eskuratzear duten langaiei ere babesa erakuste aldera, protesta egin dute gaur Gipuzkoako Foru Aldundiaren parean langile batzordeko ordezkariek. LABek eta ELAk deituta egin da protesta, CCOOk ez du bat egin. «Euskararen normalizazioa euskal langile mugimenduaren lanabesa da, euskaraz biziko den Euskal Herriko administrazio publikoak euskaraz funtzionatu behar baitu», aldarrikatu du langile batzordeko lehendakari Edurne Lizasok. Euskaraz «bizi eta lan egiteko» eskubidea defendatu du.

Gipuzkoako Foru Aldundiko buruzagiak ere izan dira protestan, langileei babesa erakusten, eta Gipuzkoako Diputazioko Gobernantza diputatu Irune Berasaluzek, esaterako, hitza hartu du. Euskalgintzaren Kontseiluaren izenean Manex Mantxola koordinatzailea solastatu da.

119 administrari postuak egonkortzeko lan deialdian, euskaraz B2 edo C1 ezagutza egiaztatzeko eskea ezarri zen, eta horren kontrakoa izan da justu helegitea. Kontra egitea beharrezkoa dela adierazi du Lizasok: «Ezin dugu onartu euskal herritarren eta euskal langileon hizkuntza eskubideak kolokan jartzea». Helegitearen berri eman zuenean LABek jakinarazi zuen kodemandatu gisa aurkeztuko zela helegite horren aurka, eta egonkortze prozesuan parte hartu duten eta «kaltetuak» izan diren izangaiei hori bera egiteko eskea egin zien. Gaur jakitera eman dutenez, langileren batek adierazi du ja urratsa egiteko asmoa.

«Ezin dugu onartu euskal herritarren eta euskal langileon hizkuntza eskubideak kolokan jartzea».

EDURNE LIZASO Gipuzkoako Diputazioko langile batzordeko lehendakaria

Lizasok azaldu du kezkatuta daudela ugaritu egin direlako azken hilabeteotan administrazioan euskara sustatu nahi duten neurrien kontrako ebazpen judizialak, eta «jurisprudentzia bat» sortzen ari delako horien inguruan. Horregatik, helegite honek zehatz zer ondorio izango dituen ez badakite ere, ezin dute ezinegona ezkutatu: «Azken finean, deialdiaren oinarrien kontrako helegite bat da. Oinarrietan jartzen du 119 postuk dutela bete beharreko hizkuntza eskakizuna». 

Berasaluzek zehaztu du «hastapeneko» fasean dagoela helegite honen ondoriozko auzibidea. Gipuzkoako Diputazioak ezarritako hizkuntza eskakizunen defentsa irmoa egingo duela esan du: «Guk gure prozesua defendatuko dugu, gure deialdi guztiak babes eta berme juridiko osoarekin eginda daudelako. Ez dugu uste diskriminatzailea denik inongo herritarrentzako euskara jakitea eskatzea». Herritarren hizkuntza eskubideak «bermatzea» ere badagokiela gogoratu du, eta bide horretan hizkuntza eskakizunak ezinbesteko tresnak direla. Argudiatu du horien defentsa besterik ezin dutela egin: «Ditugun ideologia politikoak ditugula ere, gure eginbeharra da euskara defendatzea eremu honetan ere».

«Guk gure prozesua defendatuko dugu, gure deialdi guztiak babes eta berme juridiko osoarekin eginda daudelako».

IRUNE BERASALUZE Gipuzkoako Diputazioko Gobernantza diputatua

Euskalgintzaren Kontseiluaren izenean Mantxolak esan du 119 lanpostu hauei dagokien helegitea aztertzerik ez dutela izan oraindik, baina ezin ukatuzkoa dela kezka: «Aurrekaririk gabeko eraso bat da, eragiten dion lanpostu kopuruarengatik, eta hautaketa prozesuan eman den fasearengatik: dena ixtear zegoela». Horiek horrela, Kontseiluaren izenean gogoratu nahi izan du euskararen kontrako ebazpenek sortu duten ezinegona atzean uzteko sakoneko aldaketak behar direla. «Hizkuntza eskubideak erdigunean jarriko dituen hizkuntza politika bat behar da». Administrazioen ateetan «inoizko belaunaldirik euskaldunena» dagoela oroitarazi du, eta ezinbestekoa dela hor neurriak hartzea.

«Aurrekaririk gabeko eraso bat da, eragiten dion lanpostu kopuruarengatik, eta hautaketa prozesuan eman den faseagatik: ixtear zela».MANEX MANTXOLA Euskalgintzaren Kontseiluko koordinatzailea

Beste bi deialdi

Lizasok aditzera eman du Gipuzkoako Diputazioan beste bi deialdi ere auzitan daudela hizkuntza eskubideen kontra jarritako helegiteengatik; jantokietako garbitzaileentzako da bat, eta zaintzaile izateko bestea. 119 administrarienak badu berezitasun bat. Aurrekoak ez bezala, ez da prozesu horietan parte hartzen ari den izangai batek martxan jarria; lan deialdian parte hartzen ari ez den «partikular batek» jarri du, bere kabuz, legeak horretarako eman duen bidea baliatuta.

Auzibide horiek guztiak hizkuntza eskakizunekin lotuta egoteak kezka eragiten diela onartu du, aldundiaren izenean, Berasaluzek. «Badirudi honek ez duela bukaerarik izango. Badirudi ateratzen ditugun lan eskaintza guztiei norbaitek, edo sindikatuen eskutik, edo herritar anonimoen eskutik, helegiteak aurkezteko joera argia dagoela».

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.