Gipuzkoako Caritasek, aurten, irailaren 30era arte, etxerik gabeko 1.313 pertsonari lagundu die. Iaz 758 izan ziren garai berean; beraz, %73 gehiago dira. Bi arrazoi daude horren atzean: migratzaile gehiago iritsi direla eta Caritasek bere zerbitzuak hobetu dituela.
Gipuzkoako Caritasera jotzen duten pertsona gehienak gizon gazte eta migratzaileak dira: hamarretik bederatzi gizonak (%90,7) eta hamarretik bat emakumeak (%9,3); hamarretik bederatzi Euskal Herritik eta Espainiatik kanpotik iritsiak (%92,4); eta hamarretik ia bederatzi (%86,7) 44 urtetik beherakoak.
Hamarretik zazpik (%69,3) ez dute bizitzeko lekurik. Erakundeak gogoratu duenez, Etxerik Gabeko Pertsonen II. Euskal Estrategiaren arabera, oso garrantzitsua da etxerik ez dutenentzako etxebizitza politika publikoak ezartzea eta bizitzeko alternatiba egokiak eskaintzea.
Hamarretik sei (%60,5) erroldatu gabe daude. Beste hainbat gizarte eragilek eta taldek egiten duten moduan, Caritasek nabarmendu du erroldatzea eskubideak bermatzeko «giltza» dela, eta «gizarteratzeko prozesuari ekiteko beharrezkoa»: larrialdietarako laguntzak, DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta, osasun arreta eta hezkuntza bermatzeko funtsezkoa. Administrazioei eskatu die «erraztasunak» eman ditzatela erroldatzeko. Etxerik Gabeko Pertsonen II. Euskal Estrategia aipatu dute berriro: «Udalerri batean bizi diren etxegabeen erroldatzea bultzatu behar da, bizitegi bazterketa larrian daudenen erroldatze prozesuak sinplifikatuz eta arinduz, baita erroldatze sozialaren bidez ere, eta erroldatzearekin lotutako abusuzko jardunbideak azpimarratuz».
Etxebizitza eskubidearen aldeko kanpaina
Etxerik Gabekoen Nazioarteko Eguna da igandean, eta Gipuzkoako Caritasek kanpaina bat jarri du abian: Etxebizitza eskubidea pertsona guztiontzat. Hainbat eskaera egin dizkie bai erakunde publikoei, bai herritarrei: erakunde publikoei, etxegabeentzat laguntza gehiago jartzea, gizarte zerbitzuen arteko koordinazioa hobetzea, larrialdi zerbitzuetarako sarbidea arinagoa izatea eta etxegabeentzako neurri espezifikoak hartzea; herritarrei, berriz, «jarrera kritikoa» izatea eskatu die, «aurreiritziak eta kriminalizazioa arbuiatzeko», eta baita «harrera komunitarioa sustatzea eta pobrezia egoerak ikusaraztea ere».
Ildo horretan, Sergio Corchon eta Laura Perez Gipuzkoako Caritaseko ordezkariek esan dute «oso arriskutsua» dela pobrezia eta delinkuentzia lotzea, Kaleko Afari Solidarioak taldearekin egin den moduan. «Segurtasunak eta elkartasunak elkarrekin joan behar dute». Plan integralak eskatu dizkiete erakundeei, babesgabeenei arreta eskaintzeko: «Prestakuntza aukerak, enplegua eta etxebizitzak eskuratzea errazteko». Hala ere, oinarrizko laguntza ere erakundeen ardura dela uste du Corchonek: «Administrazio publikoek arreta eman behar diete gure kale eta herrietan bizi diren guztiei». Gipuzkoako Caritaseko ordezkariaren iritziz, «pedagogia» falta da, «kalean bizi direnen egoera gordina ulertzeko».
Gipuzkoako Caritasek 236 boluntario ditu. Haien lana funtsezkoa dela nabarmendu du, ez bakarrik Caritasen azpiegituretan egiten duten lanagatik, baita bertara jotzen dutenen bidelagun direlako ere: «Izan ere, etxerik gabeko pertsona batek, lo egiteko lekurik ez izateaz gain, gehienetan ez du familiarik, lagunik edo eguneroko bizitza partekatzeko edo komunikatzeko beste pertsonarik».