POLITIKA

Gipuzkoako Bilduko batzarkideen babesa jaso dute gazte auzipetuek

Espainiako Auzitegi Nazionalak seina urtera zigortu ostean, Gorenak otsailaren 13an aztertuko du Donostiako hamabost gazteren auzia; haietako hainbat gazte hartu dituzte gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan EH Bildu koalizioa osatzen duten alderdietako ordezkariek.

Koldo Aldabe.
2013ko otsailaren 6a
14:58
Entzun

Haien aurka zein aurretik zigortu eta kartzelatu dituzten beste hainbat gazteren aurka Espainiako Estatuak eginiko “jazarpena” bertan behera uzteko exijitu dute batzarkideek, eta gaurko osoko bilkuran gaiaren inguruan eztabaidatu eta bozkatzeko proposamen bat aurkeztu dute. Gazteek Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren babesa ere jaso dute.

Bilduko batzarkideen izenean Inko Iriartek hartu du hitza, eta salatu du kartzelatzeko arriskuan diren gazte horien aurkako froga bakarra “atxilotu eta inkomunikatu zituztenean tortura bidez lortutako autoinkulpazioak” izan zirela. Auzitegi Nazionalak seina urteko kartzela zigorra ezarri zien, Segiko kide izatea leporatuta.

Iriartek gazteei Batzar Nagusietan babesa ematea arrazoitu du, “egungo bake testuinguruak” horrela eskatzen duelako. “Bake iraunkorreko” giroa sendotu behar dela esan du, eta Espainiako Estatuari “gerra estrategiak” alboratzeko exijitu dio batzarkideen izenean. Auzipetuak askatzea galdegin du, eta zio “politikoko” auzibide guzitak bertan behera uztea.


Osoko bilkura egin dute gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta gaia bertara eraman dute Bildu osatzen duten alderdietako ordezkariek. Horren harira, "asmo politikoko epaiketak" bertan behera uzteko eta Alderdien Legea baliogabetzeko eskatu dute Batzar Nagusiek. Ekimenaren alde bozkatu dute Bilduk, EAJk eta Aralarrek. "Guztien artean" urratsak egitearen alde agertu da Bildu; EAJk, berriz, kritikatu du "alderdi batzuek oraindik legez kanporatzeen estrategia babestea".

Bilduk elkartasuna eta babesa eskaini die gazteei, eta lanean jarraituko dutela hitzeman du, “guztiak aske geratu arte”. “Bakerako garaia da”, azpimarratu du Iriartek.
 Martin Garitano Gipuzkoako ahaldu nagusia ere hurreratu da gazteengana, eta harrera egin die batzar nagusien egoitzaren sarrera nagusian.

Ekaitz Iberoren kasua


Gazteek ere hitza hartu dute gaurko agerraldian. Nahikari Otaegik eta Aitor Olaizolak hitz egin dute, euren eta bertaratutako beste auzipetuen izenean. Ekaitz Iberoren kasua salatzeko erabili dituzte lehen hitzak: “Ekaitzen hitzak hauexek izan dira. 'Ez dut kartzelako atea joko'. Euskal Herrian libre eta legal bizi ahal izateko eskubidea exijitzen dugu. Beraz, Ekaitzek ez du inora ihes egingo, Euskal Herrian geratuko da, baina Espainiako auzitegi batek agindutakoari muzin eginez”.
Haiekin batera epaitu zuten Ibero, eta zigor bera jaso zuen, baina aurretik ere lau urte eta hiru hilabeteko zigorra ezarria zioten, eta beranduenez ere gaur bertan bere burua entregatzeko agindua du.

Hamabosten auziari dagokionez, Otaegik esan du Auzitegi Gorenak Auzitegi Nazionalaren epaia berresten badu edozein unetan espetxeratuak izateko arriskuan egongo direla. Egoera horren aurrean, harreman bira bat martxan jarriko dutela iragarri du; eragile sozial, sindikal zein politikoekin bildu nahi dute, haien “auzia azaldu eta eskubide zibil eta politikoen defentsan babesa bilatzeko asmoz”.


Era berean, “gogor” salatu dituzte “euskal herritarren kontrako erasoaldi errepresibo guztiak”: “Gure kasua ez da bakana, eta bada garaia 'aski da!' esateko”, azaldu du Otaegik; “Espetxeak husteko garaia da, ez haiek betetzekoa”. Gazteek elkarretaratzera deitu dute “Euskal Herrian gatazkaren konponbidea oztopatzen duten eraso hauek guztiak salatzeko”. Otsailaren 13an izango da, 19:00etan, Donostiako Artzain Onaren plazan.

Ekaitz Ibero, Pello  Lamarca, Mikel Arretxe, Unai Perez, Egoi Alberdi, Oier Lorente, Adur Fernandez, Aitor Olaizola, Asier Mariezkurrena, Imanol Ander Vicente, Nahikari Otaegi, Urko Picaza, Beñat Apalategi, Igor Alvarez eta Ekaitz Ezkerra dira Auzitegi Gorenak aztertuko duen epaian zigortutako Donostiako gazteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.