Gipuzkoako Batzar Nagusien babesa jaso dute gazte auzipetuek

EH Bilduk, Aralarrek eta EAJk «zio politikoko epaiketak» eta ilegalizazioak geratzeko eskatu dute

Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano, atzo, Donostiako hainbat gazte auzipeturekin. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Koldo Aldabe.
Donostia
2013ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak seina urtera zigortu ostean, Gorenak otsailaren 13an aztertuko du Donostiako hamabost gazteren auzia; haietako hainbat gazte hartu zituzten atzo Gipuzkoako Batzar Nagusietan EH Bildu koalizioa osatzen duten alderdietako batzarkideek. Haien aurka zein aurretik zigortu eta kartzelatu dituzten beste hainbat gazteren aurka Espainiako Estatuak eginiko «jazarpena» bertan behera uzteko exijitu zuten batzarkideek, eta atzoko osoko bilkuran gaiaren inguruan eztabaidatu eta bozkatzeko proposamen bat aurkeztu zuten. Proposamenak aurrera egin zuen batzar nagusietan, Bildu, Aralar eta EAJko batzarkideen aldeko botoekin eta PSE-EE eta PPkoen kontrako botoekin.

Batzar nagusietan onartutako proposamenak eskatzen du «zio politikoko epaiketa guztiak» bertan behera uzteko, «dagozkien eskubide zibil eta politikoak aurrera eramateagatik» auzipetu eta kondenatu dituzten pertsona guztiak berehala askatzeko eta azken hamarkadan legez kanporatu dituzten erakunde politiko eta sozial guztiak legezko egiteko. Azkenik, «herritarren eskubide zibil eta politikoak urratzen dituen» Alderdien Legea atzera botatzeko eskatzen du.

EH Bilduko batzarkideen izenean Inko Iriartek hartu zuen hitza. Hamabost gazte horietako baten lekukotasuna irakurri zuen Iriartek, Ekaitz Iberorena, hain zuzen; atzo bertan kartzelara aurkezteko agindua zuen, kale eraso batengatik lau urte eta hiru hilabeteko zigorra betetzera, baina ez joatea erabaki du, eta ez ezkutatzea. Iriartek «elkarrekin urratsak egitera» deitu zuen «gizarte kohesiorako eta bizikidetzarako, eta bakea lortzeko». Gazte horien absoluzioa eskatu zuen, «gatazkaren une honetako biktimak» beraiek direla iritzita.

EAJren eledun Markel Olanok, berriz, deitoratu zuen ETAk jardun armatua behin betiko utzi ostean abian jarri den bake prozesua lehen urratsak egiten ari den unean oraindik alderdi batzuk ilegalizazioen estrategia bultzatzen ari direla. Jeltzaleen bozeramaileak gogorarazi zuen Segi legez kanporatzeko erabilitako argudio nagusia izan zela gazte erakundeak ETAren helburu berak bilatzen zituela, baina ez talde armatuaren barruan zegoela edo harekin elkarlanean ari zela. Haren ustez,«argudio zeharo politikoa» erabili zuten, eta horrek demokraziaren «kalitaterik eza» erakusten du.

Batzar nagusien bilkuraren aurretik, Bildu eta Aralarreko batzarkideak auzipetutako gazteekin agertu ziren prentsa aretoan. Batzarkideek babesa eta elkartasuna adierazi zieten gazteei, eta Inko Iriartek gogorarazi zuen haiek zigortzeko Auzitegi Nazionalak oinarri gisa erabilitako froga bakarra «atxilotu eta inkomunikatu zituztenean tortura bidez lortutako autoinkulpazioak» izan zirela.

Garitanoren harrera

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia ere hurreratu zen gazteengana, eta harrera egin zien batzar nagusien egoitzaren sarrera nagusian.

Gazteen izenean Nahikari Otaegik eta Aitor Olaizolak hitz egin zuten. Otaegik esan zuen Auzitegi Gorenak Auzitegi Nazionalaren epaia berresten badu edozein unetan espetxeratuak izateko arriskuan egongo direla. Egoera horren aurrean, harreman bira bat martxan jarriko dutela azaldu zuen; eragile sozial, sindikal zein politikoekin bildu nahi dute, haien «auzia azaldu eta eskubide zibil eta politikoen defentsan babesa bilatzeko asmoz».

Era berean, «gogor» salatu zituzten «euskal herritarren kontra egiten diren erasoaldi errepresibo guztiak»: «Gure kasua ez da bakana, eta bada garai 'aski da!' esateko», azaldu zuen Otaegik; «Espetxeak husteko garaia da, ez haiek betetzekoa». Gazteek elkarretaratzera deitu dute. Otsailaren 13an izango da, Auzitegi Gorenak euren aurkako epaia aztertuko duen egun berean, 19:00etan, Donostiako Artzain Onaren plazan.

Hiru epai, dagoeneko

Ekaitz Ibero, Pello Lamarka, Mikel Arretxe, Unai Perez, Egoi Alberdi, Oier Lorente, Adur Fernandez, Aitor Olaizola, Asier Mariezkurrena, Imanol Ander Vicente, Nahikari Otaegi, Urko Picaza, Beñat Apalategi, Igor Alvarez eta Ekaitz Ezkerra dira Auzitegi Gorenak aztertuko duen epaian zigortutako Donostiako gazteak.

Auzitegi Gorenak emango duenaren zain, Donostiako hamabost gazteen aurkako auzibideak hiru epai ditu dagoeneko. 2010eko ekainean eta uztailean epaitu zituen Auzitegi Nazionalak hamabost gazteak. Epaiketa hura amaituta, seina urteko zigorra ezarri zien.

Gazteek, ordea, helegitea jarri zuten Auzitegi Gorenean. Hain zuzen, gazteak zigortzeko orduan defentsak aurkeztutako hainbat froga ez zirela kontuan hartu ohartarazi zuten zigortuek helegitean; epaia partziala izan zela eta, beraz, urratu egin zela babes judizialerako eskubidea. Gorenak adierazi zuen Auzitegi Nazionalaren epaiak ez zuela hainbat frogari buruzko inolako baloraziorik egin; hortaz, ez zela osoa. Epaia errepikatzeko agindua eman zuen, horregatik, 2011ko urrian.

Hilabete bat geroago Auzitegi Nazionalak bigarren epaia eman zuen. Seina urteko kartzela zigorra berretsi zuen gazteen aurka, urtebete lehenago emandako epaia hitzez hitz errepikatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.