Gipuzkoako Batzar Nagusiek atzera bota dute EH Bilduren osoko zuzenketa

EH Bildu bakarrik geratu da bozketan, baina Elkarrekin-ek ere salatu du diputazioak PPrekin migrazio arloan egindako akordioa. EAJk eta PSE-EEk kritikatu egin dute EH Bilduk PPri «betoa» jarri izana.

Iriarteren hitzaldia, Mendoza eta Arrizabalaga begira dituela, gaur goizean. GORKA RUBIO / FOKU
Iriarteren hitzaldia, Mendoza eta Arrizabalaga begira dituela, gaur goizean. GORKA RUBIO / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko abenduaren 13a
13:05
Entzun

Gipuzkoako Batzar Nagusietan gaur eztabaidatu dute EH Bilduk aldundiaren 2025erako aurrekontuei aurkeztutako osoko zuzenketaren inguruan, eta koalizio subiranista bakarrik geratu da bozketan: aldeko hogei boto, 25 ezezko eta bi abstentzio. Izan ere, gobernua sostengatzen duten bi alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, EH Bilduri aurpegiratu diote PPri «betoa» jarri izana, eta Alderdi Popularrak berak «errealista» ez izatea egotzi dio. Elkarrekin koalizioak, berriz, zuzenketaren alor gehienekin bat egin arren, abstentziora jo du, negoziatzen jarraitzeko asmoz.

Ogasun diputatu Itziar Agirrek defendatu du aldundiaren aurrekontu proiektua. Denera, 1.218 milioi euroren balioa dute, iazkoena baino %4,5 handiagoa, eta kopuru horren %45,3 Zaintza eta Gizarte Politiketako Departamentuak kudeatuko du. Aurrekontu horiek aurrera ateratzeko, baina, EAJk eta PSE-EEk oposizioko alderdi baten babesa behar dute, eta ezusterik ezean, PPk emango die. Hala iragarri du Mikel Lezama Alderdi Popularreko eledunak. Horren ondorioz, mahaitik altxatu da EH Bildu, eta Elkarrekin-ek ere gogor egin du gobernuaren kontra.

Izan ere, Maddalen Iriarte EH Bilduko eledunak aldundiko ordezkariei galdetu die ea zein den gobernuaren eredua, eta argudiatu aurrekontu proiektua «betikoa egiteko asmo zerrenda bat» dela, noiz-eta «politika publiko ausartak» behar diren honetan. Hain zuzen, egiturazko aldaketa falta izan baita zuzenketa aurkezteko argudioetako bat.

Bestea, berriz, aldundiak negoziazioetan izandako jarrera. Iriartek kritikatu egin du oposizioko hiru alderdiei proposamen bera aurkeztu izana ere, eta «larritzat» jo du gobernuari ez axola izatea aurrekontuak PPrekin, Elkarrekin Podemosekin edo EH Bildurekin adostea. Hori «arazo politiko larri bat» da: «Antagonikoak gara». Zehazki, migrazio arloan PPrekin adostutako zuzenketei egin die erreferentzia, EAJk eta PSE-EEk «eskuinaren markoa» onartu dutelakoan: «Ez da hutsala. Migrazioari buruzko akordioa egin dute norekin eta PPrekin, Voxekin gobernatzen duen horrekin».

Miren Etxebeste Elkarrekin koalizioko eledunak bat egin du EH Bilduren osoko zuzenketan ageri diren hainbat elementurekin, baina negoziatzen segitzea defendatu du, proiektuan «jarraitutasun eta kontserbadurismo» handiegia nabari duen arren. Iritzi dio kontrakoa PPri «amore ematea» litzatekeela.  

Iriartek bezala, Etxebestek ere hizpide izan ditu diputazioak eta PPk migrazio alorrean dituzten adostasunak. Hark uste du «Gipuzkoan eta Euskadin» ez dela ulertuko halako erdibideko zuzenketarik adostea. Izan ere, PPk Gipuzkoan beste itxura bat eman nahi badu ere, Etxebestek adierazi du ezin dela bereizi PPk Eusko Legebiltzarrean eta Espainian dituen diskurtsoetatik: «Haientzat gozoki bat da».

PPko bozeramaile Mikel Lezamak, baina, ez du aipatu auzi hori; neurriak zehaztu baino ez du egin: besteak beste, migratzaileen harrera erregularizatzeko eta formakuntza emateko neurriak. Hortik aurrera, Lezamak EH Bilduri erantzuten eman du denbora gehiena, eta koalizio subiranistari egotzi dio PP ez negoziatzeko «zurigarri» gisa erabiltzea eta «errealitatea ez onartzea»: «Ez zaudete agintean». Hala, besteak beste, «errealismoarekin bateragarriak ez diren» proposamenak egitea eta kontraesanetan aritzea leporatu dio koalizioari.  

«Kontakizuna eta kontua»

Gobernua babesten duten bi alderdiek ere EH Bildu jarri dute jomugan. Maria Eugenia Arrizabalaga EAJren eledunak koalizio subiranistaren «estrategia» dena xehatzeari ekin dio. Azaldu du «etengabe kalkulatzen» duela bere jarrera, eta azken hilabeteetan jokamoldea aldatu duela. Zehazki, uste du «erdigunea konkistatzeko» asmoa dutela, «EAJren betiko tankera kopiatuz».

Arrizabalagak uste du koalizioak ados jartzeko borondatea erakutsi nahi izan duela aurrekontuak negoziatzean, eta aldundiak, ostera, «benetako borondatea» izan duela. Horren erakusgarri, argudiatu du Nafarroan %0,2ren aldaketak adostu dituztela eta Araban hamar milioi eurorenak, eta kontrara, Gipuzkoan uko egin diotela 56 milioi euroren zuzenketei. Are, uste du zain egon direla PPk bere babesa noiz ezagutaraziko, gero «betoa» ezartzeko: «Kontakizuna eta kontua».

PSE-EEko kide Alberto Albistegik, berriz, EH Bilduri «beto» hori egotzi dio «apartheid politiko bat» sustatzeko erabili izana. Horrez gain, adierazi du koalizioaren zuzenketek ez dutela «zentzurik», eta ez duela bat egiten haien diskurtsoarekin. Izan ere, salatu du aurrekontuen %4,6 zuzentzeko proposamenak egin dituztela, baina «egiturazko aldaketa bat» eskatzen dutela. Hala, Arrizabalagak egin bezala, Iriarteri eskatu dio azaltzeko ea nolatan Gipuzkoan ez den posible beste lurralde batzuetan posible dena. Hain zuzen, aurrez Iriartek galdera bera egin die bi alderdi horiei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.