Gipuzkoako Aldundiak esan du ez dutela «betorik» onartuko aurrekontuen negoziazioan

EH Bilduk esan du PPren babesa onartuz gero koalizioa ez dela «Frankenstein aurrekontu batean egongo».

Eider Mendoza ahaldun nagusia eta Irune Berasaluze gobernuko eleduna, agerraldi batean. JAVI COLMENERO / EFE
Eider Mendoza ahaldun nagusia eta Irune Berasaluze gobernuko eleduna, agerraldi batean. JAVI COLMENERO / EFE
gurutze izagirre intxauspe
2024ko abenduaren 12a
13:10
Entzun

Itxura guztien arabera, Gipuzkoako aurrekontuak PPren babesarekin aterako ditu aurrera foru gobernuak bihar, Batzar Nagusietan egingo den osoko bilkuran. Maddalen Iriarte EH Bilduko oposizioburuak esan du foru gobernuaren aurrekontuak PPren babesa jasoz gero EH Bildu ez dela «Frankenstein aurrekontu batean egongo».

Irune Berasaluze Gipuzkoako Foru Aldundiko eledunak deitoratu egin du EH Bilduk bere burua baztertu izana, baina gaineratu du —PPri erreferentzia eginez baina hura zuzenean aipatu gabe— ez duela onartuko Batzar Nagusietan ordezkaritza duen talde baten kontrako betorik. Mikel Lezama PPko batzarkideak jakinarazia du aurrekontuak babestuko dituela.

Aldundiak prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez, foru gobernuak zazpi aste eta 26 lan bilera egin ditu orain arte oposizioko taldeekin, proposamen irmo eta ekonomikoki tasatuei buruz aritzeko. Berasaluzeren arabera, atzo EH Bildurekin izandako bileran urrunago zeudela sumatu zuten, «Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duen beste alderdi baten babesa publikoki errefusatzeraino».

Prentsa oharrean azaldu dutenez, foru gobernuak 29,4 milioiko diru saila jasotzen zuen gizarte, ekonomia eta azpiegituretan inbertitzeko; hartara, «aski gainditzen ditu 2025erako EH Bilduk Nafarroan adostutako 14,4 milioiak eta Arabako Foru Gobernuarekin adostutako 9,9 milioiak». Haien irudiko, «hauteskunde interesak gailendu dira». Foru gobernuak gainerako taldeekin lanean segituko duela jakinarazi du.

EH Bildu eta PP, kontrajarriak

Maddalen Iriarterentzat, baina, aurrekontuen proiektuaren funtsa ez da dirua alde batetik bestera mugitzea, baizik eta herrialde bateko politika publikoei norabide bat ematea, «eta PPren eta EH Bilduren norabideak kontrajarriak dira». Iriartek Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan esan duenez, EH Bilduk ez du bat egingo akordioa PPrekin egiten badute.

Kezkagarritzat jo du PPk migrazioari lotuta proposatu duen gaia onartu izana. Plan pilotu bat proposatu du PPk, migranteen formakuntza eta erregularizazioa bultzatzeko. Iriartek ez du konfiantzarik PPrekin, «ikusi besterik ez dago Donostiako afari solidarioekin PPk izan duen jarrera». Uste du bide arriskutsua dela, «marko hori onartuta PP zuritzen delako», eta foru gobernuak PPri protagonismo hori eman izana txarretsi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.