Gipuzkoako Aldundiak kanpoan utzi du alardeen gatazka jaietan berdintasuna sustatzeko gidatik

Herrietako jaietan gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko gida bat egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Irungo eta Hondarribiko alardeak ez ditu gidan aipatu.

'Gure jaiak berdintasunean' kanpainaren aurkezpena, gaur, Donostian. BERRIA
'Gure jaiak berdintasunean' kanpainaren aurkezpena, gaur, Donostian. BERRIA
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko ekainaren 18a
15:10
Entzun

Gipuzkoako Foru Aldundiak Gure jaiak berdintasunean kanpaina aurkeztu du gaur, udako jaietan emakumeen parte hartzea sustatzeko gida bat. Gipuzkoako udal guztiei helaraziko die, herrietako jaietan «emakumeen parte hartzea sustatzen jarraitzeko». Hala ere, Irungo eta Hondarribiko alardeak aipatu ere ez ditu egin kanpainak. Ikuspegi orokor bat dauka gidak, eta Irungo eta Hondarribiko kasuak ez dituzte berariaz landu. Dena den, erakundeek hartu beharreko konpromisoetako bat hau da: «Emakumeen partaidetza sustatuko duten antolakuntza bultzatuko da».

Gida hori Gipuzkoako udalerri guztien eskura jarriko dute, aldundiak nabarmendu duenez. Herri horietako bat Irun da. Ekainaren 30ean ospatuko dituzte San Martzial jaiak, eta oraindik ere bi alardek desfilatzen dute: baztertzaileak —emakumeak kantinera erara bakarrik onartzen ditu— eta parekideak —nahi duten moduan parte har dezakete andreek—. Irungo Alarde Parekidearen Juntak apirilean zera eskatu zion Irungo Udalari: antolatu dezala herritar «guztientzako» alarde bat. Erantzuna oraindik ez da ezagutarazi. Hondarribikoa irailaren 8an ospatuko dute: alardea baztertzailea da, eta Jaizkibel konpainia parekideak aparte desfilatzen du lehenago.

Iazko udan bi herrietako udalek harrera egin zieten Irungo alarde parekideari eta Hondarribiko Jaizkibel konpainiari lehen aldiz, baina baita alarde baztertzaileei ere. Gauza bera egin zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak. Eider Mendoza ahaldun nagusiak iazko irailean Batzar Nagusietan esan zuen prest dagoela «konponbide bat» lortzen laguntzeko, baina ez zuen esan «parekidea» izan behar duenik alardeak, ezta «publikoa» izan behar duenik ere: «Justua eta bidezkoa izan behar du».

Aldundiak gaur aurkeztu duen gidak bost konpromiso hartzera gonbidatzen ditu udalak eta bere burua. Horietako bat «aukera berdintasuna bermatzea» da. «Emakumeen partaidetza sustatzeko lanean, erakundeek berdintasunaren alde lan egiten duten eragileekin lankidetza sustatu, gogoeta prozesuak ahalbidetu eta emakumeen eta gizonen jaietako rolak aztertu eta horiek eraldatzeko neurriak proposatzeko konpromisoa hartzen da», esan du aldundiak ohar baten bidez. Aldundiko Bizikidetza Zuzendaritzak segitzen du alardeen gaia kudeatzen, eta ez Berdintasun Zuzendaritzak.

Indarkeria matxistarik gabeko jaiak

Beste konpromiso bat zera da: indarkeria matxistarik gabeko jaiak sustatzea. Mendozak indarkeria matxistarik gabeko jaiak «exijitu eta aldarrikatu» ditu «indar guztiz». Emakumeen kontrako erasoen aurrean sentsibilizazio eta prebentzio egitasmoak sustatzearen alde ere egin du aldundiak, eta nabarmendu du emakumeak ahaldunduko dituzten aukerak eskainiko zaizkiela mugimendu feministari eta emakumeen elkarteei. «Halaber, prebentzioa, arreta eta erantzun publikoa hobetzen jarraitzeko protokoloak lantzeko konpromisoa hartzen da», erantsi du. Irudi eta mezu berdinzaleak erabiltzeko konpromisoa ere hartu du aldundiak, eta hori bera helaraziko die udalei gidaren bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.