Gipuzkoako Aldundiak Adinberri egoitzaren lanak lizitatu ditu, 59 milioi euroan

Lurraldean ezarri asmo duten egoitza eredu berrira egokituko den «lehenetarikoa» izango da, ahaldun nagusiaren hitzetan. Pasaian eraikiko dute, urte honen amaieran hasita.

Adinberrik lanak amaitu ostean izango duen itxura. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Irati Urdalleta Lete.
2022ko apirilaren 12a
15:23
Entzun

Gipuzkoako zahar etxeetan egoitza eredu berria ezarri asmo dutela iragarri zuen foru aldundiak, eta asmo hori betetzekopausoa eman du: Adinberri zentroaren lanak lizitatu ditu, 59 milioi euroan. Gipuzkoako eredu berriaren arabera eraikitako belaunaldi berriko lehen erresidentzietako bat izango da Adinberri, Markel Olano ahaldun nagusiaren hitzetan. Zaharren eta menpekoen artan erreferentziazkoa izan nahi du Pasaian (Gipuzkoa) eraikiko duten egoitza horrek. Urte honen amaieran hasiko dituzte lanak, eta espero dute lau urtean amaitzea.

Adinekoentzako egoitza soil bat baino gehiago izango da: 124 lekuko zaharren egoitza «berritzailea», eguneko zentroa, tutoretzapeko hemezortzi etxebizitza, zahartzaroari lotutako I+G unitatea eta lur azpiko parkinga izango ditu. Pasaiako Trintxerpe auzoan eraikiko dute, baina Pasaialde osoarentzat onuragarria izango delakoan dago Olano: «Pasaialdearen berroneratzeari lagunduko dio; aurreikusita dago zuzeneko eta zeharkako 400 lanpostu sortzea». Horrenbestez, ahaldun nagusiaren hitzetan, «lurraldean ezartzen ari diren zaintza eredu berriaren erreferentzia nagusia» bihurtuko da Pasaia.

Olanok egoitza eredu berriaren aurkezpenean nabarmendu zuenez, garrantzitsua izango da erresidentzietan egoiliarrek «etxean» daudela sentitzea, eta «ez ospitalean». Horretarako, besteak beste, bizikidetza unitate txikiagoetan biziko dira: hamabost pertsona inguruko komunitateak ezarriko dituzte, gehienak banakako geletan biziko dira, eta espazio irekiagoak eta komunitateari lotuagoak izango dituzte. Arreta pertsonalizatuagoa ere jasoko dute egoiliarrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.