Memoria historikoa

Gipuzkoako Aldundiak 36ko gerrako umeak omenduko ditu Kursaalean

Gipuzkoako 10.000 haurrek baino gehiagok erbestea ezagutu zuten gerratik ihesi. Intxorta 1937 kultur elkartearekin batera, erbesteratutako adingabeei buruz egindako ikerketaren emaitzak aurkeztu ditu aldundiak martxoaren 18an, Kursaalean.

36ko gerrako umeen inguruko ikerketaren aurkezpena. GFA
xabier martin
2023ko martxoaren 6a
16:53
Entzun

Intxorta 1937 kultur elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 1936ko gerratik ihesi erbestera bidalitako haurren memoria identifikatu eta berreskuratzeko ikerketa amaitu dute. Europako hainbat artxibotan bilatu eta erbesteratuen eta haien senideen testigantzak eta datuak jaso ondoren, elkarteak 10.232 kasu identifikatu ahal izan ditu: 5.053 gizon eta 4.960 emakume. Aldundiak gaineratu du azterketa amaitu dutela, baina, izen berriak aurkituz gero, prestatzen ari diren datu basean sartuko dituztela. Datu base hori datozen asteetan argitaratuko dute foru erakundearen webgunean.

Gerran zuzenean parte hartu ez bazuten ere, «gerrako umeek larriki pairatu zituzten gatazkaren ondorioak», azaldu dute foru iturriek, umetan erbestera ihes egin behar izan baitzuten. «Gipuzkoako 56 udalerri identifikatu dira adingabe horien jatorri gisa, eta beste 246 pertsonaren inguruan ez dago informaziorik». Erbesteratutako haur gehienak Donostiatik atera ziren (3.681), Irundik (1.590), Hondarribitik (609) eta Pasaiatik (571). Baina bi kasu ere aurkitu dituzte Abaltzizketan, Elgetan, Lazkaon eta Zegaman, eta kasu bana Altzon, Zizurkilen, Zaldibian eta Asteasun.

Gehienak Frantziara joan ziren (4.840); Katalunia izan zen bigarren helmuga (4.155); eta Belgika (580), Sobiet Batasuna (465) eta Erresuma Batua (312) izan ziren erbesterako beste herrialdeak. Batzuek Espainiako Estatuaren barruan ere aurkitu zuten babesa: Valentzian eta Madril (26), adibidez. Ameriketara dozenaka batzuk joan ziren: Mexiko, Venezuela, Argentina, Txile edo Uruguaira (64).

Gainera, beste 459 haur ere identifikatu dituzte, baina ez da haien helmugei buruzko informaziorik aurkitu. Hala jakinarazi dute Ion Gambra Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren foru zuzendariak eta Intxorta 1937 kultur elkarteko bi ordezkarik, Julia Mongek eta Josu Chuecak, azterlanaren datuak emateko prentsaurrekoan. Gerran parte hartu ez bazuten ere, umeek oso gaztetatik jasan zituzten haren ondorio larriak. «Beldurra, bonbardaketak, senideengandik eta hurbilekoengandik urruntzea eta, azkenik, gurasoen babesa atzean utzita erbesteratu beharra», azaldu dute.

Erbestera betiko

Asko eta asko ez ziren Euskal Herrira itzuli, Ion Gambra foru zuzendariak adierazi duenez. Haren esanetan, gerrako umeak «pieza garrantzitsua dira gure herriaren eta gure lurraldearen memoria historikoa eraikitzeko»; erantsi du «zalantzarik gabe» errekonozimendua merezi dutela, «funtsezkoa» dela horien istorioak azaleratzea, «errealitate hori ezagutaraztea eta pertsona horiek pairatu zuten sufrimendua aitortzea».

Gambraren ustez, «memoria beharrezko balioa da kultura benetan demokratikoa eraikitzeko eta iraganeko akatsetan berriro ez erortzeko».

Gerrako umeen memoria berreskuratzeko ahalegin horretarako, duela bi urte lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten Intxorta 1937 kultur elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Helburua izan zen gerran jaiotako haurrak identifikatzea: jaioterria, izen-abizenak eta, posible izan denetan, haien argazki bat eta historia labur bat lortzea.

Azterlana amaitzearekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiak gerrako umeen oroimena aitortzeko eta aldarrikatzeko ekitaldia antolatu du. Martxoaren 18an (larunbata) izango da, 11:30ean, Kursaalean, eta Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia izango da han. Oraindik bizirik dauden gerrako umeak omenduko dituzte, eta, guztira, 144 pertsonak jaso dute ekitaldira joateko gonbidapena. Litekeena da kopuru hori are handiagoa izatea, aldundiaren ustez. Hori dela eta, gerrako haurren batek bizirik jarraitzen badu eta omenaldira joateko gonbidapena jaso ez badu, aldundiarekin jar daiteke harremanetan 943-11 39 65 telefono zenbakian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.