Gipuzkoak AEBetako euskal komunitateko 53 gazte hartuko ditu udan

Gazteak ekainaren 25etik uztailaren 16ra egongo dira Goierriko familietan. Sendiek 'www.ateakireki.eus' webgunean eman dezakete izena

Ateak Ireki egitasmoaren aurkezpena, atzo, Ordizian. BERRIA.
Irati Urdalleta Lete.
Ordizia
2023ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
AEB Ameriketako Estatu Batuetako euskal komunitateko 53 gaztek udan hiru aste Gipuzkoako Goierri eskualdeko familietan pasatzea. Finean, horixe da Ateak Ireki, atzo Ordizian (Gipuzkoa) aurkeztu zuten proiektua. Bertan izan ziren, besteak beste, Iñaki Goirizelaia Batzen Euskal Komunitatearen Proiektu Dinamikako zuzendaria, Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea, Laida Begiristain Maizpide euskaltegiko zuzendaria, Mikel Plazaola Goieki Goierriko garapen agentziaren lehendakaria eta Goierriko zenbait udaletako ordezkariak. Batzen-ek eta Goiekik ez ezik, NABO North American Basque Organizations elkarteak ere sustatu dute egonaldia. Familiak izena ematera animatu zituzten.

Proiektuaren xedea izango da 16 eta 25 urte bitarteko AEBetako euskal komunitateko gazteek Euskal Herria ezagutzea. Hala nabarmendu du Goirizelaiak: «Gure helburua da hango gazteak Euskal Herrira ekartzea eta euskal kulturan murgiltzea». Baina ez da hori bakarrik: harago joan nahi dute, zubigintzan aritu. «Ez da bakarrik euskara eta euskal kultura hobeto ezagutzea, gure helburua ere bada zubiak sortzea, harreman estuak sortzea familiekin» .

Epe motzera ez ezik, uste dute epe luzera ere baliagarria izango dela tratu hori. Izan ere, helburua da etorkizunerako estrategikoa izan daitekeen komunikazioa eta harremanak lortzea eta sendotzea.«Ez dakigu non egongo diren gazte hauek hogei urte barru; agian, baten bat izango da hango enpresaren bateko burua edo kapitolioan dagoen pertsona bat edo hango parlamentuan». Beraz, «inbertsio» bat da, Goirizelaiaren irudiko: «Hazia ondo landatzen badugu, fruitu oso polita izango dugu».

Horretarako, ondua dute hiru asterako plana. Ekainaren 25ean, igandean, etorriko dira gazteak Euskal Herrira, eta uztailaren 16ra arte egongo dira bertan. Hiru astean askotariko ekintzak izango dituzte: Maizpiden euskara eskolak jasoko dituzte, irteerak egingo dituzte Goierriko herriak nahiz Hego Euskal Herriko hiriburuak ezagutu, museoak bisitatuko dituzte, kultur ekintzak izango dituzte...

16 eta 25 urte bitarteko gazteentzako programa da, eta jada izena eman dute. 60 animatu dira, baina batzuek ez dituzte baldintzak bete, eta lau itxaron zerrendan utzi behar izan dituzte. Gazte gehienak Kaliforniakoak, Idahokoak eta Nevadakoak dira, baina badaude Utah, Washington, Colorado, Oregon, Texas, Florida, Arizona, Hego Carolina eta New Yorkekoak ere. Erdiak baino gehiago emakumeak dira, eta gehienek 19-22 urte dituzte.

Orain, familiak falta dira. Antolatzaileek Goierriko sendiei eskatu diete parte hartzeko. Familiek zenbait baldintza bete beharko dituzte: euskal hiztunak izan beharko dute, gazte bat hiru astean mantentzeko gaitasun ekonomikoa eduki, adinkidea den gazteren bat eduki eta ingelesez komunikatzeko gaitasuna izan beharko dute. Prest dauden familiek www.ateakireki.eus webgunean eman dezakete izena. Behin izena emateko epea amaituta, asmoa dute familiei eta gazteei elkar ezagutzeko aukera ematekoa telematikoki.

Aurrekaria Oñatin

Aurtengoa ez da gisako programa bat antolatzen duten lehen aldia. 1970eko hamarkadan, Boise State Basque Studies Abroad Program egitasmoaren bidez, Boiseko (AEB) zenbait gazte Oñatira (Gipuzkoa) etorri ziren. Ordukoari balioa eman dio Goirizelaiak: «[Parte hartzaile] Batzuek garrantzi handia eduki dute Ameriketako Estatu Batuetan euskal kulturaren garapenean». Adibide bat jarri du: Dave Bieter Boiseko alkate ohia Oñatin egon zen.

Gaur-gaurkoz, Goierriko egonaldira mugatuko dute proiektua, baina asmoa dute hazten segitzeko, Goirizelariaren esanetan: «Gure helburua ez da Gipuzkoan bakarrik gelditzea, gure asmoa da proiektu hau zabaltzea lurralde guztietara». Gazte gehiagorengana iritsi nahi baitute: «Helburua litzateke diasporako beste gazteak ere ekartzea». Eta atea ireki dio trukea beste norazkoan ere egiteari: «Trukea ere posible izan daiteke etorkizunean, hemengo gazteak hango bizimodua ezagutzera joan ahal izango dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.