Korrika Donostiara iritsi da

23. Korrikan gertatzen ari direnak, algarak eta negarrak, zuzenean.

Korrikak Goierrin eman du goiza, eta jendetza batu zaio. AEK
Nerea Intxausti Castiñeira - Olatz Silva Rodrigo
2024ko martxoaren 23a
10:00
Entzun

Egunak emanak, iruditan

23. Korrikaren hamargarren egunak utzitako irudietako batzuk, bilduma honetan.

20:09, Añorgan ere euskaraz

Aldapa amaituta, Añorgara heldu da Korrika. Lekukoa eskuan, bertsoa bota dute Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko Unai Gaztelumendik eta Asier Aspirozek: «Anima zaitezte/ tropelera tira, / jendearen arnasotsak/ antzematen dira,/ hasieran gera eta/ bukaeran gira, / Añorgatikan goaz / Baiona Tippira».

Auzoan kilometro batzuk egin ostean, Antiguara itzuliko dira. Eta zain izango dituzte Erdialdea, Gros, Parte Zaharra, Egia, Intxaurrondo, Bidebieta eta Altza. 22:00ak aldera Donostiatik aterako dira, eta Pasai Antxora abiatu. Pasai San Pedro eta Lezo zeharkatuz amaituko dute eguna.

Azken eguna izango du bihar Korrikak. Gauerdian Oiartzunetik igaro ostean, Nafarroara egingo du berriro salto; Lesakara eta Berara, hain zuzen. Eta, gero, Lapurdin sartuko da: Sara, Senpere, Ahetze, Arbona, Biarritz eta Angelu zeharkatuko ditu. BERRIAk, hain justu, Angelun egingo du laugarren eta azken kilometroa: 2.741.ean hartuko du lekukoa. 09:00ak pasatuta Baionan sartuko da, eta bertan egingo ditu azken kilometroak. Eguerdi aldera iritsiko da lekukoa helmugara, eta bertan irakurriko dute hamaika egunez eta hamar gauez eskuz esku igaro den mezua.

19:56, Korrikan kontu-kontari

EHUko langileak, Basque Culinary Center, Gara eta Naiz... Naiz-eko Garazi txalotu dute furgonetatik: hamar egun daramatza Korrikak eragindako algarak eta negarrak kontatzen. Ibaetako jai batzordearen eta ogasuneko langileen txanda izan da gero.

Aldapan gora doaz orain. Baina: «Euskarak ez du aldaparik!».  Zuzenekoa ikusten ari diren herritar guztiak agurtu dituzte. «Hainbeste ordu zuzenekoa ikusten egon ostean, orain zuek ari zarete korrika egiten».  

 

19:34, Erdialdetik Antiguara

Kontxako pasealekua igarota, Antigua auzora iritsi dira korrikalariak. Jendetza dute zain bertan. Jakintza ikastolako lagunek hartu dute lekukoa. Milaka pertsona daudenez, pankarta atzean geratu da. «Ekarri pankarta aurreko aldera!».

 

19:20, osasun langileak Korrikan

Donostialdeko ESIko langileek lekukoa hartu dute, eta osasun mentaleko sareko kideei pasatu. Osasun mentalaren garrantzia asmatu dute: «Zein garrantzitsua den hitz egitea, eta zein garrantzitsua den gure hizkuntzan hitz egitea».

Amara Berritik, Amara auzora. Donosti Berri elkarteak hartu du auzoko lekukoa. «Eskerrik asko auzoan euskara sustatzeagatik, kultura sustatzeagatik».

Euskotrenen eta Euskal Trenbide Sareko kideen txanda izan da gero.

 

19:14, Amara Berrin barna

Martuteneko hainbat lagunek Korrikan jarraitzen dute, baita Loiolakoek ere. Amara Berrikoak ari dira batzen orain, eta auzoa gurutzatzen ari dira. Gero eta jende gehiago dago; ez da Korrikaren amaiera ikusten. Furgonetan, neska bat keinu hizkuntzan ari da. 

Irriak, oihuak, saltoak... Belaunaldi anitzek bete dituzte kaleak: «Batzuk Korrika bat bizi izan dute, beste batzuek bi, besteek gehiago... baina guztiok batera». Kaleak hartzeko deia egin dute furgonetatik: «Kaleak gureak dira; kaleak euskararenak dira, hartuko dugu espazioa gaur».

19:01, etenik gabe

Erribertxo kultur elkarteak, Amara Berri auzo elkarteari. Amara Berri auzo elkarteak, Ikasbide kultur elkarteari. Ikasbide kultur elkarteak, Bultzada Txuri Urdinari. Bultzada Txuri Urdinak, Real Sociedad fundazioari. Korrikak ez du etenik. Herritarrak Amara Berri auzoko kale osoak hartzen ari dira.

Real Sociedad fundazioak Euskal Gorrak elkarteari emango dio lekukoa. Prest daude.

 

18:44, auzoz auzo

Martutenetik Loiolara. Hontza elkarteak hartu du lekukoa. «Hontza elkartea libre» dio bandera laranja handi batek.

 

Hontza elkarteak La Salle ikastetxeari pasatu dio lekukoa 2.521. kilometroan, eta isilik egin dute korrika. Musika kendu dute, eta esataria isildu da. Ikastetxeko lagunek eskatu dute hala egiteko. Uliazpi fundazioari eman diote lekukoa. «Bagaoz auzoz auzo, gelditu gabe, Donostia osoa gurutzatu arte».

18:17, Donostiara iritsi da

Maule. Donibane Garazi. Iruñea. Gasteiz. Bilbo. Eta, orain, Donostia. Korrikaren hamargarren egunean, iritsi da lekukoa azken-aurreko hiriburura. 2573. kilometroan heldu dira Martutene auzora, eta Xabi Garmendiak hartu du lekukoa. Hark lotu ditu auzoko kilometro guztiak. Auzoz auzo ibiliko da orain Korrika, 22:00ak arte. 219 kilometro helmugara ailegatzeko.

 

17:39, Hernanira itzuli da

Asteartean igaro zen Korrika Hernanitik, eta, mila kilometro baino gehiago egin ostean, bertara bueltatu da. Herritarrek gogotsu hartu dute berriro Korrika: 25 kilometro egingo dituzte bertan. Astigarragara joango da gero, eta 18:00etan helduko da Donostiara.

2492. kilometroan, Amher elkarteak hartu du lekukoa, Euskara antirrazista leloa duen pankarta erakutsiz. «Haiek mugak ikusten dituzten tokian guk zubiak ikusten ditugulako; mugarik gabeko Euskal Herri bat nahi dugulako: Euskal Herri euskalduna, antirrazista eta feminista».

 

16:36, zoro zoragarriak BERRIAn

2.463. kilometroaren azken zatian, Amagoia Mujika BERRIAko zuzendariak eta Mikel Elkoroberezibar BERRIAko kazetariak hartu dute lekukoa. Furgonetan doazen Irati Urdalleta eta Oli Artola berriemaile bereziek bertsoa bota diote Elkoroberezibarri, urtebetetze eguna baitu.

Esatariak, berriz, BERRIAren lana eskertu du; bereziki, Urdalletarena eta Artolarena: «Eskerrik asko BERRIAri urteko 365 egunetan egiten duen lanarengatik, eta, batez ere, Iratiri eta Oliri, egiten ari diren lanarengatik». Martin Ugalde parkera sartu dira, eta lekuko aldaketa egin dute bertan. Badoa Korrika Urnietara. Pixkanaka-pixkanaka, lekukoa seigarren hiriburura iristen ari da.

BERRIA Korrikan
Amagoia Mujika BERRIAko zuzendariak eta Mikel Elkoroberezibar BERRIAko kazetariak lekukoa hartu dute Andoainen. JON URBE / FOKU

16:11, Andoainen harro, herri eta irri

Tolosaldetik Buruntzaldera; Andoainen sartu da Korrika. Aske maitte, aske bizi abestiaren erritmoan, herria zeharkatzen ari dira. Lasalleko langileak, Hurria Sahara, Kotoi elkartea, Martin Ugalde parkeko langileak, Andoaingo mintzalagunak... Lekukoa eskuz esku doa, eta irriz irri. «Andoainen ere, euskararen alde, baina euskaraz ere bai». Herriko mugimendu feministaren txanda ere izan da. «Mugimendu feministaren eskutik joan behar dugu euskara sustatzeko».

BERRIAko langileak prest daude: 2.463. kilometroan hartuko dute lekukoa, Martin Ugalde kultur parkearen bueltan. 

 

15:32, Villabona-Amasa Palestinarekin

Korrika osoan, ugariak ari dira izaten Palestinaren aldeko elkartasun aldarriak. 2454. kilometroan, besteak beste, Villabona-Amasako Iratzar tabernako Oierrek eta Danelek hartu dute lekukoa, Palestinako bandera beste eskuan zutela. Ibilbide osoan zehar, Palestinaren aldeko hamaika bandera eraman dituzte tropelean, baita Israeli boikota lelodun pankartak ere. 

Gogotsu dabiltza Villabonan korrikalariak. «Lasai-lasai, ez daukagu presarik», oihukatu dute furgonetatik. Xuharrek lekukoa hartu duen momentuan, txalo zaparrada jaso du. Otsailaren 12an, Ertzaintzak larri zauritu zuen Xuhar Tolosan. Ordutik, Xuhar Herri Plataformak protestak eta agerraldiak egin ditu, gertatutakoa eta Ertzaintzaren jarrera salatzeko. 

 

14:51, Anoetan, 344 kilometro mezua irakurtzeko

Tolosa atzean utzi du Korrikak, baina ez Tolosaldea. Anoetara iritsi da orain, eta zain ditu Irura, Villabona-Amasa, Zizurkil eta Aduna. «Pankartan emakumeak falta zaizkigu!», dio etengabe esatariak. Anoetako talogileek, Anitz dantza taldeak, Onintza abesbatzak, Ametsa pilota elkarteak, Irura Moretuz talde feministak... Esku ugarik eramango dute lekukoa. Eta, horrela, helmugatik gero eta hurbilago egongo da. «Gero eta gutxiago falta da lekukoa irekitzeko; nork idatzi ote du mezua?». Izan ere, 24 ordu baino gutxiago falta dira lekukoak gordea duen mezua irakurtzeko. Hain zuzen, 344 kilometro falta dira amaierara ailegatzeko.

Irudi ederrak utzi ditu Korrikak eguerdian Tolosan. Samaniego herri ikastetxeak lekukoa eramanez ospatu du 50. urteurrena. Nikotinak, Juantxo Arakamak eta Ayveek sortutako abestiak dioen moduan, «euskara bilakatuz mintzaira ozena, harro azaltzen dugu publiko izena». Orixe ikastetxearekin batera hartu dute lekukoa, hark ere laster ospatuko baitu urteurrena. 

 

14:14, eguerdi on, Tolosa!

Iritsi da Korrika Tolosara. «Eguerdi on, Tolosa!». Jendetza dago kale bazterretan Korrikaren zain. Tolosako asanblada feministak eta pentsiodunek Korrika feminista aldarrikatu dute: «Ika, ika, ika, Korrika feminista!». Besteak beste, Inmakulada ikastetxeak eta Laskorain ikastolak hartu dute lekukoa. Ikastolak Seaskako ikasleak omendu ditu, Azterketak euskaraz! lelodun pankarta zabalduz. 

Tolosatik Ibarrara igaro da korrika. Eta Xutik musika taldearen Azterketak euskaraz abestiaren doinupean egin dituzte kilometroak. Laster Tolosan sartuko dira berriro.

 

13:44, Tolosan sartzear

Tolosara bidean, AEK-ko irakasleen lana gogorarazi dute, baita osasun langileena ere. Hain justu, Tolosaldeko ESIko langileek hartu dute lekukoa, eta furgonetatik haien garrantzia azpimarratu dute: «Guztion eskubideak bermatuko dituen osasun zerbitzu bat nahi dugu, herri handi zein txikietan; eskerrik asko osasun langileei, egunez egun artatzen gaituzuelako».

 

Esataria, gainera, Korrikan parte hartzen ari diren lagunak zaintzen ari da: «Pankartan zoaztenak, ondo al zabiltzate? Lekukoa daramazuenak, ondo? Pisu asko edo gutxi? Sasoian etorri zaigu jendea!».

13:16, ongietorri beroa Alegian

Goiz osoa Goierrin zehar ibili ostean, Tolosaldean sartu da Korrika. Ikaztegieta zeharkatu, eta Alegian sartu berri da. Ongi etorri beroa egin diote herritarrek. Alegiako gaztetxeak, Txintxarri elkarteak, Intxurre elkarteak eta Sutarri dantza taldeak eskuz esku pasatu dute lekukoa. Esatariak Sutarri dantza taldea zoriondu du, 25 urte bete baititu aurten. Joaldunak ere batu dira euskararen alde. «Ikusi atzetik datorren jendetza: herri osoa batu da!».

Amezketako Udalak ere Alegian hartu du lekukoa. Izan ere, esatariak argi utzi du: «Korrika Amezketatik ez bada igarotzen, amezketarrak datoz Korrikara».

 

Azken-aurreko eguna

Korrikak azken-aurreko eguna du gaur: bihar burutuko ditu egin beharreko kilometro guztiak. Bizkaian hasi bada ere, segituan egin du Gipuzkoa aldera, eta, aldi berean, Baiona aldera. Gipuzkoa hego-mendebaldetik ipar-ekialdera zeharkatuko du. 

Goizaldean, Arrasaten izan da, 03:30ak aldera, eta seiak baino lehenxeago Goierrin sartu da Korrika. Larunbata izanda ere, goierritarrek goiz esnatu behar izan dute, bertako herri gehienak zeharkatu ditu eta.

Eguerdian, Tolosa aldera egingo du lekukoak: bertan izango dira 14:00etan. Ondoren, Andoainera helduko da 16:00etan, eta BERRIAk bere kilometroa izango du Martin Ugalde kultur parkearen bueltan. Gero, Donostiara egingo du, eta auzoz auzo ibiliko da 18:00etatik 22:00ak arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.