Helegitea jarri dute Nafarroako tentsio handiko lineen proiektuen aurka

Goi tentsioko lineak zeharkatuko dituen udalerrietako udalek jarri dute helegitea.

Gaur Iruñean egin duten prentsaurrekoa. IÑIGO URIZ / FOKU
Gaur Iruñean egin duten prentsaurrekoa. IÑIGO URIZ / FOKU
inaut matauko rada
2024ko martxoaren 6a
15:10
Entzun

Nafarroan egin nahi dituzten goi tentsioko bi lineek jada jasoa dute aurretiazko administrazio baimena, eta dorreek eragingo dieten udalerrietako udalek helegitea jarri diete baimen horiei. Izan ere, uste dute proiektuak oinarrian dituen ingurumen inpaktuari buruzko txostenak «irregularrak eta legez kanpokoak» direla.

«Legez kanpokoak dira: izan ere, Ingurumen Ebaluaziorako Legea hausten dute –jendaurrean aurkezturiko proiektua nabarmen aldatzen dutenez gero–; ez dituzte barne hartzen legez ingurumen inpaktuari buruzko txostenetan sartu beharreko eduki guztiak, eta, hala, urratu egiten dute parte hartzeko eta informaziorako eskubidea ingurumen arloari lotutako gaietan; eta lege iruzurtzat jo daitezke, garraio linea bat ebakuazio linea bat balitz bezala tramitatu baitute», azaldu dute gaur Iruñean egin duten prentsaurrekoan.

Lege urraketa horiek direla eta, uste dute proiektu hori ez dela bateragarria haren eraginpean egongo diren herriekin eta eskualdeekin. 24 udalerriri eragiten die lineak egiteko proiektuak, eta Autopista Elektrikorik Ez plataformaren barruan daude: hain zuzen, plataformako kideek jada helegite bat helarazi diote Espainiako Industria Ministerioari, proiektu horietako baten aurka; bestearen aurkakoa martxoan jarriko dute. Beste bati ere jarriko diote errekurtsoa, baimena argitaratu ostean.

Udalek adierazi dute «babesik gabe» sentitzen direla, eta hori helarazi zioten otsailaren 27an Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariari. Gaur adierazi dutenaren arabera, kontseilaritza ere proiektu batzuen aurka dago, eta alkateei hitzeman die helegiteak aurkeztuko dituztela haiek ere.

Udalek adierazi dute pozik daudela Nafarroako Gobernuarekin duten harremanarekin, eta gehitu dute prest daudela edozein kontu tekniko edo legaletan laguntzeko. Hala ere, foru gobernuei eta autonomia erkidegoetakoei eskatu diete jendearen alde jartzeko.

Autopista Elektrikorik Ez plataformak adierazi du bide legalak jorratzeaz gain kontzientziazio eta informazio kanpaina bat abiaraziko dutela. Martxoaren 23an ekingo diote, herri guztietako plaza nagusietan elkarretaratzeak eginez; apirilaren 27an «ekintza kultural eta aldarrikatzaile berritzaile bat» egingo dute Iruñeko Gazteluko plazan.

Martxan diren proiektuak

Hiru dira Nafarroarekin zerikusia duten proiektuak. Bik baimena jaso dute jada: Forestaliaren KYOKOk eta TEBEk. Energia berriztagarrirako instalazioak konektatzeko tentsio handiko lineak izango dira, eta bi proiektuen ekoizpen guneak Zaragozan (Espainia) daude. Bada, lehenak Nafarroa gurutzatuko du, eta Arabara joango da; bigarrenak ere Nafarroa gurutzatuko du, argindarra Bizkaira eta Gipuzkoara garraiatzeko.

Bi horietaz bestelako proiektu bat ere badago, REE Red Electrica de Españak bultzatua. Ezkio-Itsaso (Gipuzkoa) eta Gabiria (Gipuzkoa) udalerrien artean dagoen azpiestazioa Deikaztelurekin (Nafarroa) lotu nahi dute 400 kilowatteko linea baten bitartez. Linea hori Castejongo (Nafarroa) eta Muruetako (Nafarroa) azpiestazioen arteko linearekin konektatuko da.

Proiektu hori begi onez ikusten du Nafarroako Gobernuak, baina Landa Garapen eta Ingurumen Kontseilaritzak adierazi du promotoreari —REEri— alternatibak aurkeztuko dizkiola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.