Gipuzkoan «edonork, edonorekin eta edonoiz» euskaraz jarduteko bidea abian da

Gipuzkoa Arigune aurkeztu dute. Euskararen ulermena «orokortzea» eta euskaraz aritzearen aldeko kultura nagusitzea da helburua. Aian, Antzuolan eta Añorgan hasi da «esperimentazioa». Gipuzkoako Diputazioa eta Taupa dira sustatzaileak.

Gipuzkoa Arigune aurkeztu dute gaur, Donostiako Tabakaleran. JON URBE / FOKU
Gipuzkoa Arigune aurkeztu dute gaur, Donostiako Tabakaleran. JON URBE / FOKU
arantxa iraola
2025eko otsailaren 7a
12:20
Entzun

«Noizko Gipuzkoa osoa arigune?». Pello Jauregi soziolinguistaren galdera hori izan zen Gipuzkoa Arigune egitasmoaren abiaburua. 2020an Jauregiri eman zioten Abadia saria eta, hain zuzen ere, saria jasotzean egin zuen itauna. Arigune hitza justu urte hartako Euskaraldian erabili zen lehenengoz «euskaraz eroso egiteko guneak» izendatzeko, eta Jauregik argudiatu zuen gune horiek sortzeko eta orokortzeko ahaleginetan aurrera egin beharko litzatekeela Gipuzkoan. Hain zuzen ere, datu soziolinguistikoei erreparatuta, gaur egun Gipuzkoa da horretarako aukera egokienak dituen herrialdea. Galdera haren harira aldundiak abiarazitako lanketaren emaitza da Gipuzkoa Arigune. «Edonork, edonorekin eta edonoiz» euskaraz «eroso» jarduteko urratsak egitea da asmoa. Gaur aurkeztu dute egitasmoa, Donostiako Tabakaleran.

Euskararen ulermena «orokortzen» eta euskaraz aritzearen aldeko kultura sustatzen berebiziko ahaleginak egin beharko dira Gipuzkoa osoa arigune bihurtzeko. Asmoa handia da. Baina irudi indartsua erakutsi nahi izan dute gaur, proiektuaren aurkezpenean. Gipuzkoako Foru Aldundia eta Taupa euskaltzaleen mugimendua dira egitasmoaren sustatzaile nagusiak, Soziolinguistika Klusterra eta Badalab hizkuntza berrikuntza laborategia kide dituzte lanketan, eta, gaur, erakunde horietako ordezkariek ondoan izan dituzte beste askotakoak ere, atxikimendua erakusten. Esanahiz betetako argazki bat atera dute ekitaldia hasi aurretik.

Egitasmoren «lehen esperimentazio aldia» martxan da: Aian, Antzuolan eta Donostiako Añorga auzoan ipini dute martxan. Hor egiten ari diren ahaleginetatik «ikaspenak» jasotzen ari dira, apurka-apurka zabalduz joateko. Taupako kide Mikel Ozaita da egitasmoaren koordinatzailea, eta azaldu du helburua herrialde osora begirakoa dela. «Gauzak ondo bidean, lurralde osora zabaltzeko planteamendu bat garatzea da esperimentazioaren helburua». Bidean aldaketa sakonak egin beharko direla onartu du. «Euskararen erabilerak gora egiteko ezinbestekoa izango da astindu bat ematea gure jarrera eta praktikei».

«Gauzak ondo bidean, lurralde osora zabaltzeko planteamendu bat garatzea da esperimentazioaren helburua»

MIKEL OZAITAGipuzkoa Arigune egitasmoko koordinatzailea

Datuak

Gaurko aurkezpenean gogora ekarri dituzte zenbait datu, erakusteko badirela oinarriak egitasmoa aurrera ateratzeko: Gipuzkoan, euskara ulertzeko gai dira 16 urtetik gorako hamar herritarretatik zazpi, eta 24 urtetik beherakoen artean ulermena «unibertsala» da ia. Bestalde, gehitu dute baldin eta Gipuzkoara bizitzera doazenei ikasteko bitartekoak «bermatzen» bazaizkie badela modua etorkizuna are euskaldunagoa izateko: 2050ean, 50 urtetik beherako herritar «gehien-gehienak» gai izango dira euskara ulertzeko.

Geroaren marrazki itxaropentsu hori ilundu egiten dute erabilera datuek. «Erabileran badago zer hobetu, hamar hiztunetatik lau baitira euskaraz erdaraz bezainbeste edo gehiago egiten dutenak», onartu du Ozaitak. Gainera, zenbait adierazleren arabera erabileran «beheranzko» joera nabari da, eta gunerik euskaldunenetara ere heldu da beheraldi hori. Horregatik da garrantzitsua euskaraz «eroso» jarduteko lekuak izatea. «Hiztunok euskaraz eroso aritzeko moduko eremuak eta espazioak irabazteak garrantzi estrategikoa dauka, eta sinetsita gaude Gipuzkoari bide urratzaile izatea dagokiola». Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak berretsi egin du uste hori: herrialdeak bidea urratzeko «aukera» du, baita horretarako «ardura» ere.

«Euskaraldia ariketa sozial bat da; Gipuzkoa Arigune, berriz, helburu bat da, eta hura lortzeko ibilbide bat»

EIDER MENDOZAGipuzkoako diputatu nagusia

Euskaraldiaren xedeak gogora ekarrita, Mendozak esplikatu du Gipuzkoa Arigunek ariketa sozial horren logika sakondu eta iraunkortzea duela helburu: «Euskaraldia ariketa sozial bat da; Gipuzkoa Arigune, berriz, helburu bat da, eta hura lortzeko ibilbide bat». Bide horretan, herritar guztiak «interpelatzen» ditu, euskara ulertzen dutenak eta ulertzen ez dutenak. Eta horretarako oinarri sozial egokia dagoela uste du: «Gipuzkoan, euskara sustatzearen alde daude lau herritarretatik hiru».

Aldahitz ikerketa oinarri

Proiektuak ikuspegi komunitarioa duela nabarmendu du Taupako koordinatzaile nagusi Jasone Mendizabalek: «Euskararen garapena eta komunitatearena elkarren eskutik sustatzen ari gara». Horrez gain, uste du egitasmoa berritzailea dela egiteko moduei dagokienez. Bide horretan, ikerkuntzak eta haren bitartez egin diren aurrerapenek berebiziko garrantzia dute, eta, hain justu ere, Soziolinguistika Klusterra 2010etik garatzen ari den Aldahitz ikerketa izango da proiektuaren oinarrietako bat. Zer den azaldu du klusterreko zuzendari Imanol Larreak: «Hipotesi gisa hartzen du ez dela ezinbestekoa euskaraz ongi hitz egiten jakitea hitz egiten hasteko, ulertzea nahikoa izan litekeela besteak guri euskaraz egiten hasteko». Betiere, onartu du aurrena «kontestu» egokia sortu behar dela horretarako.

Herritarren arteko «kooperazioa» sustatzen duten metodologiak bultzatzen dituzte horretarako. «Hiztunek elkarren arteko harremanetan eta elkar lagunduz garatzen dituzte gaitasun berriak», esplikatu du Larreak. Propio hiru metodologia abiarazi dituzte oraingoz egiten ari diren lanketetan. Uler-saioak, Ulerrizketa eta Eusle: era horretan izendatu dituzte.

Gipuzkoa Arigune abian den tokietan, «askotariko foroak» eratzen hasi dira, komunitateak berak aztertzen eta adosten baitu eraldaketa nola bultzatu. Aldaketak «sistematizatzea» da hurrengo pausoa. «Gure hipotesia da horrela posible dela egitasmoa denboran ahalik eta modu autonomoenean iraunaraztea eta jende gehiagorengana iristea», aurreratu du Badalabeko zuzendari Goiatz Oiartzabalek.

 

metodologiak

Uler-saioak. Soziolinguistika Klusterra ikertzen ari den bide bat da, batere euskararik ez dakitenek lor dezaten ulertzeko gai izatea, eta modu «esperimentalean» lantzen ari dira hainbat tokitan, klusterreko ikertzaile Pablo Suberbiolak azaldu duenez. Helburua da hala nahi duten erdaldunak ikasketa prozesuetara bideratzea ulertzeko gaitasuna lor dezaten «denbora gutxian». «Erreferentzia» moduan jarri dute ahozko ulermenean B1 maila lortzea. 120 orduan lor ote daitekeen aztertzen ari dira. 

Ulerrizketa. Euskaraz «tarteko» ulermen maila dutenek kide euskaldunekin euskarazko hartu-emana abiatu ahal izateko landu dute metodologia hori. Suberbiolak esan du «tratuak» proposatzen direla. «Ulermen aktiboa» izateko konpromisoa hartzen dute euskara maila apala dutenek, eta ingurukoei adieraztekoa zer-nola moldatzen diren euskaraz hitz egiten dietenean. Euskara maila jasoa dutenei, berriz, eskatzen zaie euskara «egokituan» jarduteko hasiberriekin: esaldi laburragoak erabiliz, behar bezala ahoskatuta... Lanketa bat behar da aldaketa gauzatzeko. «Bi aldeek ikasi behar dute hori egiten».

Eusle. Metodologia ezagunena da, Euskaraldia horrexetan oinarritzen baita. Parte hartzen duten kide guztiek ulertzen dute euskara, eta eusle deituek konpromisoa hartzen dute guztiekin hizkuntza horretan aritzeko. Taldeak halaxe erabakita egiten da hori, adostuta, eta eraginkorra dela ikusia dute ikertzaileek. «Hainbat ohitura aldatzen laguntzen du», esan du Suberbiolak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.