Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eguneratu egin du COVID-19a ez transmititzeko duen protokoloa, eta agindu zehatzak eman ditu zenbait jardueratarako, besteak beste, gimnasioetarako. Osasun Sailak gogorarazi du erakundeek prebentzio protokoloak eduki behar dituztela. Hauek dira gimnasioetarako emandako arauak:
-Gimnasioek erregistro sistema bat izan beharko dute, eta hiru astez gorde beharko dute zeintzuek erabili dituzten gimnasioko azpiegiturak, positiborik egonez gero azterlarien lana errazteko.
-Erabilera bereiziko areto edo gune bakoitzerako gehienezko edukiera zehaztu beharko da, eta edukiera hori ez gainditzeko kontrol prozedurak ezarriko dira.
-Gimnasioan makinak ezingo dute aurrez aurre egon, erabiltzaileek ez dezaten ariketa fisikoa aurrez aurre egin. Gainera, makinak areto osoan banatu beharko dira, erabiltzaileen artean gutxienez metro eta erdiko segurtasun tartea izan dadin.
-Aretoen aireztapena ziurtatu beharko da. Naturala bada, alde bateko eta besteko leihoak edo ateak ireki beharko dira, aire korronteak sor daitezen. Aireztapena ez bada naturala, kanpotik ahalik eta aire gehien sartzea ahalbidetu beharko da, airea berritu dadin.
-Aireztapena behar bezala egiten dela ziurtatzeko, CO2aren neurgailuak erabiltzea gomendatzen da.
-Prebentziozko neurri pertsonalei buruzko informazioa izan beharko dute erabiltzaileek, eta, horretarako, kartelak eta bestelako mezuak erabili beharko dira.
-Segurtasun tartea gorde beharko da; eskuak garbitu beharko dira, eta partekatzen diren makinak, objektuak edo materialak erabili ondoren garbitu egin beharko dira.
-Sintomarik izanez gero edo positibo baten harreman zuzena izanez gero, ezingo da gimnasio batera joan.
-Gimnasioan erreferentziazko pertsona bat egon beharko da COVID-19arekin zerikusia duten gauzetarako. Berea izango da prebentzio neurriak betetzen direla zaintzeko erantzukizuna, eta, behar izanez gero, Zaintza eta Jarraipen Sareari informazioa emateaz arduratuko da.