Iruñeko gurasoek euskarazko leku gehiago izango dituzte seme-alabentzat. Hala hitzeman zuen behintzat atzo Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak Nafarroako Parlamentuan, EH Bilduk egindako galderari erantzunez.
Alde batetik, Iruñeko Lezkairu auzoko haur eskola berrian jarri nahi dituzte euskarazko leku gehiago, aurten bertan. Beste aldetik, Etxabakoitzen ere euskarazko eskaintza areagotu nahi dute, 2023-2024ko ikasturtetik aurrera. Oraingoz, baina, ez dute zehaztu haur eskolan edo auzoko Nicasio Landa eskola publikoan egingo duten. EH Bilduko Bakartxo Ruizentzat «albiste ona» da Etxabakoitzena, baina nabarmendu du ez dela nahikoa, Mendebaldeako eta Lezkairuko haur eskoletan leku gehiago jarrita ere ez liratekeelako nahikoa izango eskaera guztiei erantzuteko.
EH Bilduk ez ezik, sindikatuek ere egingo dute D ereduaren aldeko aldarria: Lezkairuko eskola berriaren aurrean elkartuko dira gaur, LAB, Steilas eta ELA sindikatuek deituta, ikastetxe horretan D eredua jar dezatela eskatzeko.
Ordutegia, eskolen esku
Gimenok ikastetxeen ordutegia ere izan du hizpide. Azaldu duenez, foru arau bat egin asmo dute,ikastetxe bakoitzak bere «hezkuntza beharretara eta ikastetxearen autonomiara» ondoen egokitzen den ordutegia —goizez edo goizez eta arratsaldez— ondu dezan, betiere familien babesa jasotzen badu.
Gimenok iragarri du D ereduko leku gehiago sortuko dituztela Iruñean
Lezkairuko haur eskolan aurten haur gehiago hartuko dituzte euskarazko ereduan, baita Etxabakoitzen ere, 2023-2024tik aurrera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu