HEZKUNTZA

Gimenok iragarri du 0-3 zikloa doakoa izanen dela «errenta apalenentzat»

Nafarroako Gobernuak matrikula merkatuko die 6.650 eurotik beherako 'per capita' errenta dutenei; eta doakoa izanen da 20.000 eurotik beherako errenta duten familientzat

Carlos Gimeno, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilaria. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2022ko apirilaren 7a
18:33
Entzun

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok iragarri du datorren ikasturtean merkeagoak izanen direla 0-3 zikloko haur eskoletako tarifak, eta errentarik apalenak dituztenentzat guztiz doakoak izanen direla.

Iragarpena ez da berria: otsailean ere eman zuen asmo horren berri. Gaurko saio parlamentarioan, ordea, gehiago zehaztu du proposamena: PSNren galdera bati erantzunez, Gimenok esan du haur eskolak «doakoak» izanen direla 20.000 euro baino gutxiagoko errenta duten familientzat.

Gainera, urtean 6.650 euro baino gutxiagoko per capita errenta dutenentzat «prezio apalagoak» ezarriko dituzte. Guraso bakarreko familiei dagokienez, 9.300 euro baino gutxiagoko errenta dutenek izanen dute aukera hori.

Kontseilariak uste du Nafarroako Gobernuak «esfortzu finantzario handia» egin duela udalei eta tokiko administrazioei laguntzeko. «Haur eskolen alorrean, udalek ordaindu beharrekoaren %85 bere gain hartuko du gobernuak, eta horrek gaitasuna emanen die eskoletako zuzendari eta hezitzaileen lan baldintzak hobetzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.