HEZKUNTZA

Gimenok ez du oztoporik ikusten Larragan D ereduko lerro bat jartzeko

Uztailetik, Hezkuntza Departamentuaren erantzun baten zain zeuden familiak, baina kontseilariak esan du «normaltasunez» ari direla lanean.

Carlos Gimeno, Nafarroako Hezkuntza kontseilaria, aurreko bilkura batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2022ko urriaren 27a
16:31
Entzun

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok ez du uste «inongo oztoporik» dagoenik Larragako San Miguel ikastetxe publikoan euskarazko ikasgela bat irekitzeko. Herriko 12 familiak egina zuten eskaera: iragan uztailean aurkeztu zuten instantzia, baina ikusita ez zutela Hezkuntza Departamentuaren erantzunik, agerraldia egin zuten, auzia salatzeko. Horren ostean, galdera parlamentarioa aurkeztu zuen EH Bildu taldeak Nafarroako Legebiltzarrean, eta horri erantzunez egin ditu adierazpena Gimenok. Kontseilariak, baina, ez du uste departamentuaren erantzunik eza ezohikoa denik: «Normaltasunez eta segurtasun juridikoz ari gara lanean».

Azaldu duenez, D ereduko ikasgela jartzeko «aurretiazko tramiteak» egiten hasia da gobernua: «Ikuskaritzaren behin betiko txostena, hezkuntza azpiegiturena, zerbitzu osagarriena, eta hortik aurrera, 12 eskaera direla aintzat hartuta, plangintza zerbitzuaren txostena izanen dugu». Izan ere, 8 haur behar dira gutxienez D ereduko ikasgela bat irekitzeko. «Departamentuak ohi legez eginen du lan: eskola publikoarekin eta udalarekin harremanetan jarriko da, eta foru agindu bat eginen du prozesuari ekiteko, ziurrenik datorren astean».

Gimenok esan du departamentua lanean ari dela «berme guztiak emateko, arriskurik gabe», baina ohartarazi du aurrematrikula epea bukatuta jakinen dutela «zehazki zenbat diren» herrian D eredua eskatzen dutenak, eta horren arabera erabakiko dutela «unitatea martxan jarri ala ez».

EH Bildu: «Denboraz gabiltza oraindik»

EH Bildu taldeko bozeramaile Bakartxo Ruizek «poza» adierazi du, «arazorik ezean, Larragako familien eskariari erantzuna eman ahal izanen zaiolako, antza». Azaldu duenez, «kezka» zen nagusi gurasoen artean, «Mendigorrian gertatutakoaren ostean, auzia atzeratu zitekeelakoan». «Familia hauek ongi egin dute eskaera: 8 eskaera dira gutxieneko langa , eta 12 aurkeztu dituzte; denboraz egin dute, gainera, D ereduan izena emateko aukera izan dezaten irailetik aurrera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.