Giltzarrapoen hotsari adi

'Herriko tabernen' auziko epaia nola gauzatuko den zalantzan, ukaezina da ondorio larriak izango direla, ehun bat elkarte ixtea ekarriko baitu.

Ekainaren 27an Andoaingo Irunberri elkartearen alde egindako elkarretaratzea. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2015eko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Inork ez daki noiz eta nola gauzatuko den 35/02 auziko sententzia, herriko tabernen ingurukoa. Joan den maiatzean, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen lehenago Auzitegi Nazionalak plazaratutako erabakia, zenbait aldaketa eginda, eta, geroztik, finkoa da sententzia: 101 herriko tabernaren bahimendua, eta hogei lagunentzat urtebete eta hiru hilabetetik urtebete eta hamar hilabetera bitarteko kartzela zigorrak.

Abuztua epaitegietan oporretako hila izanik, ezusteko handia litzateke orain tabernak ixten hastea. Beraz, seguruenik, prozesua udazkenera arte atzeratuko da. Baina ezin jakin prozesu hori nolakoa izango den. Epaian kaltetutakoek hainbat hipotesi darabiltzate: elkarte bakoitzak bere izaera juridiko eta egoera berezia duenez, gerta liteke Espainiako Auzitegi Nazionaleko 2. Zigor salako epaileak —beraiei dagokie epaia betearaztea— banan-banan joatea eta desjabetze prozesua denboran luzatzea.

Beste hipotesi bat ere badago: kontuan hartuta Espainiako Gorteetarako hauteskundeak gertu daudela eta Espainiako Gobernuari ezker abertzalearen aurreko irmotasun irudia ematea interesa lekiokeela, batzuek ez dute baztertzen herriko taberna guztiak ixteko polizia operazio bat-bateko eta bateratuaren aukera. Edonola ere, gauza bat argi dago: erasoa, era batekoa edo bestekoa, iritsi egingo da, eta Estatuak giltzarrapoa jarriko die epaian ageri diren elkarteei.

«Lapurreta», «frankismoaren garaitik jazarpen politikoagatik egindako jabego konfiskaziorik handiena», «eskubideen urraketa larria» eta antzekoak erabili dituzte epaia kalifikatzeko. Eleak mugimenduko bozeramaile Txerra Bolinagaren balorazioa ez da askoz samurragoa: «Sekulako astakeria da, hasiera-hasieratik, 2002an ekin ziotenetik», esan du. «Dena dator Baltasar Garzon epailearen tesi ezagun haren ondorioz, Dena da ETA zioen hartatik. Ez dauka inolako zentzurik, soilki Espainiako Estatuaren mendeku nahia. Estatuak ezker abertzaleari ordainarazi nahi dio eduki duen jarrera politikoa, eta, horretarako, sekulako astakeriak egiten ditu».

Horrelako epaien ondoriorik mingarriena auzipetuengan eragiten duten sufrikarioa izaten da. Kasu honetan ere, kartzelaz zigortu ditu Espainiako justiziak hogei lagun. Zigorrak beste auzi batzuetakoak baino txikiagoak izatea baliatu nahi izan dute zenbait hedabidek epaiaren eraginari garrantzia kentzeko.

Bolinagak uste du ezin dela «tranpa» horretan erori: «Ez dituzte kartzelara sartuko, baina horrek badu beste interpretaziobat, alegia, zigorrak murriztu egin dizkiete sekulako atzerapena egon delako eta auzibideak hamahiru urte iraun duelako; ahaztu gabe batzuk ezarri dieten baino denbora luzeagoz egon direla kartzelan. Rufi Etxebarriak lau urte eman ditu kartzelan [azkenean, ezarri dioten zigorra urtebete eta hamar hilabetekoa izan da], beste batzuek bi urte baino gehiago, eta abar. Horren aitzakiaz bidegabekeriari garrantzia kendu nahi izatea izugarria iruditzen zait».

Kartzela zigorrei inhabilitazioak gehitu behar zaizkie. Espainiako Auzitegi Gorenak hauteskundeetara aurkezteko aukera kendu die 35/02 auziko zortzi laguni -Joseba Permach, Rufi Etxeberria, Juan Kruz Aldasoro, Joseba Alvarez, Karmelo Landa, Jon Gorrotxategi, Floren Aoiz eta Antton Morcillo dira zigortuak-.

Eta pertsonengan eragindako kalteaz gain, ehun elkarte ingururi giltzarrapoa jartzeak dakarren kalte politiko, kultural eta ekonomikoa ere aipatu behar da. Bolinagak dioenez, «herriko tabernak herrietan oso errotuta egon dira. Ezker abertzaleko jendea ez ezik, mota askotako jendea ere pasatu da haietatik. Kultur ekintza ugari antolatu dituzte, jende askoren topagune izan dira, eta sekulako galera litzateke horiek guztiak ixtea».

Langileak ere kaltetuta

Zaila da kalkulatzea zenbat lagunek lan egiten duten herriko tabernetan, baina kopurua 150 eta 200 bitartekoa izan daiteke. Horiek ere zuzenean nozituko dituzte epaiaren ondorioak, lanik gabe eta kale gorrian geldituko baitira. Hori izango da, esaterako, Elena Ginearen kasua. Donostiako Alde Zaharreko Herria tabernako behargina da, hamar urte eman ditu horretan, eta oso argi du bere lantokia, eta orobat gainerako herriko tabernak, ostatu hutsak baino askoz gehiago direla: «Gertakari oso latzak jazo direnean hemen elkartu gara denak, negar egiteko, amorrua eta tristezia konpartitzeko, baina ospakizunetarako tokia ere izan da askotan. Herriak 32 urte eman ditu zabalik, eta denbora horretan hitzaldiak, jaialdiak, bakarlarien emanaldiak eta mota askotako ekitaldiak antolatu dira».

Horrez gainera, «erreferentzia» ere izan da Herria, auzokideentzat ez ezik, Euskal Herriaz gehiago jakin nahi zuten atzerritar ugarirentzat ere. «Hona katalanak, madrildarrak, Kanadatik iritsitako kazetariak eta mundu osoko jendea etorri da».

Albistearen berri jakin zutenean, «inpotentzia, amorrua eta tristezia» sentitu zuten, eta, Gineak dioenez, sentimendu horiek nagusitzen dira gainerako herriko tabernetako langileen artean: «Mehatxua beti egon da hor, baina prozesua hainbeste luzatu denez, urruti ikusten genuen. Maila pertsonalean kolpe latza da, lana galduko dugulako, eta horrek morala asko jaisten dizu, baina maila kolektiboan ere sekulako kolpea da. Asko galduko da». «Kale gorrian» geldituko dira, baina «ezagututako jendea eta bizi izandakoa» eurekin eramango dutela dio.

Gineak ez dauka ahazteko langileez gain beste ehunka lagunek ere euren hondar aletxoa jarri dutela herriko tabernen proiektuan, boluntario gisa, jaietan edo ospakizun berezietan txandak egiten, ekitaldiak antolatzen, dirua ematen eta abar. «Gurean, esaterako, pertsona bat izan dugu 30 urtean arduradun, lan militantea egiten eta ezer kobratu gabe. Ikaragarria da. Eta, horren moduan, suposatzen dut gainerakoetan ere beste jende asko ibiliko zela berdin».

Datorren larunbatean, hilak 8, manifestazioa egingo dute Donostian, 17:30ean, Gipuzkoa plazatik abiatuta, Politikari eta kulturari aterik ez itxi, herrikoak libre lelopean. Egunotan ugaritzen ari dira itxi nahi dituzten elkarteen aldeko deialdi eta mobilizazioak: «Epaia gauzatzeko, ez dakigu armada oso bat etorriko den edo idazkari judizial bat bidaliko duten aretoa zigilatuta dagoela esatera, baina, edozein kasutan, aurrean aurkituko gaituzte, gure amorrua eta desadostasuna adierazteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.