Presoen babesaren kontrako operazioa

Giltzapeko gaixoen berme

Oztopoak oztopo, hainbat sendagilek urteak daramatzate gaixo dauden presoei osasun laguntza ematen saiatzen; egun, Jaiki Hadi elkartean biltzen dira

Gaixorik dauden presoen eskubideen alde eginiko protesta bat. I. ZABALETA / ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2015eko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Dozenaka psikologo, psikiatra eta medikuk urteak daramatzate gaixotasunak dituzten euskal presoei behar duten laguntza ematen saiatzeko lanean. Hamabost bat urte daramate antolatuta, eta aurrez saretuta zegoen taldea 2008an bihurtu zen Jaiki Hadi elkartea. Osasun alorreko 25 bat lagunek osatzen dute egun taldea. Boluntarioak dira, eta ahal dutena egiten dutela diote. Kasu bakoitzak oztopoz betetako egoerak sortuko dizkiela badakiten arren, barruak eta kode deontologikoak agintzen diena egiten dute: osasun laguntza eman.

Gaixo dauden presoengana hurbiltzen saiatzen dira sendagileak, gutun bidez bada ere. Presoek eskutitzetan kontatutako sintomen araberako diagnosia egiten ahalegintzen dira espetxeak hori ezinezko bihurtzen duen kasuetan, eta tratamendurik egokiena bilatzen dute. Espetxean tratamendu hori jarri diezaieten ere saiatzen dira. Espetxeko arduradun eta medikuei eta gaixoei beraiei gomendioak ematen dizkiete, eta gaixoaren egoeraren jarraipena egiten ahalegintzen dira.

Ez da lan erraza, aurrean hormak besterik ez dagoenean. Espetxeek ez dute baimentzen kanpoko medikurik kartzelan sartzen. Ondorioz, idatziz komunikatzen dira gehienak. Kasurik larrienetan, presoen senide eta lagunek asteburuetan dituzten bisitak baliatu izan dituzte sendagile batzuek, gaixoak kristal bidez bada ere ikusteko. Baten batek telefono dei mugatuetako bat lapurtzen die senideei.

Baina gaixotasunak harrapatu eta espetxean proba bakar bat egiteko urteak ere itxaron behar direnean, gaixoarentzat altxorra da mediku laguntzara gerturatuko den edozein urrats.

Gaitzak psikikoak direnean are larriagoak dira egoerak. Premiak, are handiagoak. Badaki hori espetxeaz arduratzen denak. Badaki presoa ziegan hilda aurki daitekeela. Kasu horietan, presoarekin kartzelan egon eta bertan tratatzeko aukera eman izan diote gaixoaren konfiantzazko psikologoari. Ohikoagoa zen hori lehen; salbuespena egun. Baina hartarako prest izaten dira Jaiki Hadi-ko medikuak.

Tortura saihesteko

Beste lan bat ere izan dute Jaiki Hadi-ko medikuek, nahi baino gutxiagotan izan arren. Garzon protokoloa abiatu zenean eta konfiantzazko sendagileei inkomunikatuta zeuden atxilotuak ikusteko aukera eman zitzaien kasuetan, polizia etxeetara joan izan dira medikuak, atxilotuak ikusi eta auzi medikuak txostena egoki egiten zuela ziurtatzeko.

Bestalde, psikologoek nahi baino gehiagotan artatu dituzte torturen eragina gainditu ezinik egon diren dozenaka herritar. Areago: torturak izan direla eta asko izan direla frogatzeko lanean ere aritu da. Zehazki, atzo atxilotutako Oihana Barrios psikologoak sustatu zuen frogaren ezarpena. Istanbulgo protokoloan oinarrituta aztertu zituen lehen 45 kasuak egia zirela frogatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.