Hitzordu esanguratsua izan du aurten mugimendu ekologistak: irailaren 30etik urriaren 2ra, bostehun ekintzaile inguru bildu ziren Ekotopaketetan, Portugaleten (Bizkaia). Klima krisiaren eta krisi ekosozialaren inguruko «bizkortzearen adierazle» izan ziren, Iñaki Barcenaren hitzetan: «Esperientzia izugarri eraikitzailea eta polita». Hala ere, zabalik utzi zuen mugimenduaren antolakuntzaren inguruko eztabaida bat: Euskal Herrian eragile, tresna edo agenda ekologista berri bat sortzeko premia mahai gainean jarri zuten, baina prozesua abiatu baino ez zen egin. «Euskal ekologismoak badu muskulua, baina seguru indartu daitekeela», laburtu du Barcenak.
Tokian-tokian antolatuta dago mugimendu ekologista batez ere, baina, bestelako egitasmoei eta arauei eta diskurtso hegemonikoei aurre egiteko, bestelako artikulazio molde bat faltan dute hainbat ekintzailek. Ikuspegi horrekin bat dator Barcena: «Erantzun bateratuak eman behar ditugu, ezin dugu-eta partzializatu: ematen du Arabako arazoa dela haize erroten inbasioa, Gipuzkoan errauste planta edo angulen desagerpena... Eredu sozioekonomikoan dugu arazoa; beraz, sareak sortu behar ditugu, erantzun ahalik eta osoenak emateko. Erronka hori dugu, eta ez da erraza».
Izan ere, Ekologistak Martxan-eko kidearen ustez, prozesua ere zaindu egin behar da: «Behetik gora eraiki behar dugu euskal komunitate ekologista hori». Presa antzeman baitu ekintzaile batzuengan: «Helburua ez da hainbeste marka bat sortzea, administrazioen edo korporazioen solaskide bakarra izateko; baizik eta elkarren artean sareak eraikitzea. Eta hori egun badauden taldeekin eta ekologistekin elikatu behar da, inor kanpoan utzi gabe. Euskal Herrian ehunka elkarte, egitasmo, kanpaina, plataforma daude; hori da gure mugimendu ekologista, eta hori baliatuz egin behar dugu indarra eta muskulua, ez alderantziz».
Hain justu, mugimendu ekologistaren aniztasuna nabarmendu du Aitziber Sarobek: «Batzuk natur kontserbaziotik hurbiltzen dira, beste batzuk animalia etikatik, edo agroekologiatik, edo gizarte antolaketaren inguruko kezkatik... Ekologismoa oso zabala da, baina esango nuke gauza batek elkartzen gaituela denok: egungo sistemaren kontrakotasunak». Adostasun horrek, baina, ez du esan nahi planteamendu bakarra dutenik: «Aterabideak? Badauzkagu, noski. Ahots bakarra? Segur aski, ez dugu inoiz edukiko, sistemaz ari baikara, bizimoduaz, eta hori oso konplexua da. Baina nik alternatiba asko ikusten ditut: jendea proposamenak egiten eta ideiak ematen».
Halere, azken urteetan borroka moldeak aldatu dira, eta, gainera, zailtasun bat gehitu zaie: «Kaleak pisua galdu du. Gai hauek badute lanketa tekniko-burokratiko konplexu bat atzetik, eta, horri heldu ezean, gerra guztiak galduko ditugu. Egun, kaleko borrokak bakarrik ez du balio, eta bulegoetakoa gero eta gehiago konplikatzen ari da; dirudunen kontu bihurtu da aspaldi». Oztopo hori gazteei ikusaraztea kostatzen ari dela aitortu du Sarobek: «Herri mugimendua eta indarra irudikatzean, zertaz ari dira? Ekologismoa oso saretuta baitago: herri txiki bat gara, eta ondo ezagutzen dugu elkar. Baina sistemak irentsi egin ditu kaleko mugimenduak, eta bestelako mugimenduak ere behar dira, teknikoki espezializatuagoak».
Bihar: Gazteak.
Giharra nola sendotu
Mugimendu ekologista nola artikulatu ere eztabaidagai izan da aurten, Ekotopaketetan. Sarobek ekologismoaren aniztasuna nabarmendu du; Barcena, berriz, eragile berria «behetik gora» eraikitzeaz mintzatu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu