Gidoiaren barnean

Eztabaida baino hiru ordu lehenago Pradalesi egindako erasoak eta ETAri buruzko ika-mikak eztabaida desenfoka zezaketen ikusteko zegoen, baina adostutako lau gaietara heldu dira zazpi lehendakarigaiak ETB2ko hauteskunde eztabaidan.

Martinez, Gorrotxategi, Andueza, Pradales, Otxandiano, De Andres eta Garcia. ETB
Martinez, Gorrotxategi, Andueza, Pradales, Otxandiano, De Andres eta Garcia. ETB
gurutze izagirre intxauspe
2024ko apirilaren 17a
05:00
Entzun

Lehendakarigai guztiek egin duten lehen eztabaida ETB2n izan da, gaztelaniaz. Joan den asteartean, ETB1ekoan, Voxek uko egin zion parte hartzeari, eta PPko eta Sumarreko lehendakarigaiek ez dute euskaraz aritzeko gaitasunik. Horrenbestez, aurrez aurre izan diren lehen aldia izan da Imanol Pradales EAJko lehendakarigaia, Pello Otxandiano EH Bildukoa, Eneko Andueza PSE-EEkoa, Javier de Andres PSE-EEkoa, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemosekoa, Alba Garcia Sumarrekoa eta Amaia Martinez Voxekoa.

Ikusgai zegoen ea eztabaida desenfoka ote zezaketen atzo arratsaldean Pradalesi piperbeltz esprai batekin egin zioten erasoak eta SER irrati katean ETA «talde terrorista» ote zen galdetuta Otxandianok erantzun zuenak. Pradalesen kontrako erasoak nolabait baldintzatu zuen eztabaidaren hasiera, eta hautagai guztien elkartasuna eta babesa jasota hasi zen. Segituan sartu ziren, ordea, mamitan, adostuak zituzten lau gai handiak aletuz, gidoitik atera gabe. Izan ziren ika-mikak, baina nork bere jarrerak azaltzen zentratu ziren, gehienbat. Xabier Garcia Ramsdenek eta Africa Baetak zuzendu zuten.

Ekonomia

Pradalesek uko egin zion «hondamendi» baten ikuspegia emateari. Aipatu zituen langabezia tasa apala, pobrezia tasa apala eta beste: «Eredu ekonomiko on bat daukagu, eta babesten dugu hemen inbertitzen duena. Hori ezin da arriskuan jarri, ze gauza bat da gobernatzea eta beste bat pankartaren atzean jartzea».

Otxandianok erantzun zion «diagnostiko egokia egitea» dela garrantzitsua, eta galdu egin dela produktibitatean, ikerketan eta inbertsioan. «Horrek esan nahi du egoera txarra dela? Ez. Esaten ari gara joera batzuk irauli egin behar direla, eta sektore publikoak tira egin behar du».

Otxandianok, orain arteko eztabaidetan eta kanpaina hasieratik esandakoaren ildotik, «elkarguneak» nabarmentzeko ahalegina egin zuen. Esan zuen EAJren programan leitu duela «funts subirano» bat sortzeko proposamena, industria sustatzeko. Pradalesek, baina, distantzia hartu zuen hasieratik, eredu kontrajarriak dituztela azalduz. Eztabaida osoan hirutan izendatu zuen Otxandiano Sortuko ordezkari gisa, EH Bilduko lehendakarigaia baldin bada ere, eta lehen aldiz, gai honetan egin zuen: «Enpresariak ez dira Sortutaz fio». Egotzi zion enpresak «kontrolatu» eta haietan «eskua sartu» nahi izatea, «Venezuelan egiten den moduan». Otxandianok erantzun zion horixe bera egiten ari dela Emmanuel Macron Frantzian, energia enpresa batean eskua sartuta.

Estu hartu nahi izan zuen hor Pradalesek: «Badakizu nola funtzionatzen duen enpresa batek? Niri egokitu zait inbertsioa erakarri behar izatea, krisian dauden enpresei laguntzea. Zuk badaukazu enpresen berri?». Otxandianok baietz esan zion: «Nik ere ezagutzen ditut enpresak. Umilagoa izan behar da».

Anduezak enpresak bertakotzeko inbertsioak proposatu zituen. Gorrotxategik auzitan jarri zuen ekonomia «ondo dagoenik». Erosahalmena galdu egin da, eta ekonomia da jendearen kezka iturri nagusia. Garciak adierazi zuen lanaren kalitatea hobetu behar dela, eta lanorduak gutxitu, astean 32 ordura. De Andresek hiru arazo nagusi identifikatu zituen: deslokalizazioa, atzerriko inbertsio falta eta «talentuak ihes egitea. Erosahalmena galdu dela ere azpimarratu zuen, baina ez zuen proposamenik azaldu.

Zerbitzu publikoak

Pradalesek esan zuen Osakidetzaren auzian «sei baten kontra» daudela, eta herri akordio bat eskatu zuen. Orain arteko lana defendatu zuen, gainerakoei Osakidetzari «prestigioa kentzen» ari direla egotziz. Guztiek defendatu zituzten langileak. De Andres: «Zuek eraman duzue gainbeherara zuen kudeaketarekin, ideologizatu egin duzue, lanpostuen %44 behin-behinekoak dira». Garcia: «EAJk kendu dio prestigioa, eta langileen protesten kontra egin du gainera, haien lan baldintzengatik protestak egin dituztenean».

Otxandianok erantzun zion profesionalak aspalditik ari direla gainbeheraz ohartarazten. «Azken zortzi urtetako gobernu kontseiluetatik pasa dira Osakidetzari dagozkion erabaki estrategikoak eta egungo egoerara iritsi da. Ezin da kanpainara iritsi eta promesak egin, aukera izan denean horiek betetzeko eta ez direnean bete». Areago, Pradalesi zuzenean galdetu zion: «Zergatik ez duzue indarrean jarri azken zortzi urteetan proposatzen duzun hori dena?». Pradales: «Pandemia bat pasatu dela ahaztu al zaizu?». Otxandiano: «Egiturazko arazoa zortzi urtetik honakoa da, aurreikuspen falta egon da».

Garciak Pradalesi galdetu zion ea nora doazen programan Osakidetzarako agintzen dituzten 1.200 milioi euroak: «Espero dugu ez izatea funts publikotik zuzenean pribatura joateko; abortuen %95 pribatuan egiten dira».

Anduezak Otxandianori eskatu zion zehazteko zein den bere proposamena, eta proposamen osoa Pello.eus webgunean dagoela erantzun zion. Hala ere, eztabaida saioak berez programak aletzeko tokia ez direla uste izanagatik, lau ardatz eman zituen Otxandianok: gobernantza irekitzea, lan baldintzak duintzea, lanpostu «erakargarriak» sortzea profesionalek ez alde egiteko, eta perspektiba zabaltzea buru osasuna eta beste arta batzuk barnean biltzeko. Areago, Osakidetzarako «kudeatzailerik onenak» jartzeko konpromisoa hartu zuen, siglak baztertuta.

Pradales Otxandianori mintzatu zitzaion, berriz ere Sorturen ordezkaritzat joz: «Sortuk nahi du medikuen erregistro bat egin, non eta nola lana egin behar duten kontrolatzeko, etxebizitzaren kasuan bezala. Jendeak askatasuna behar du erosi nahi duen edo alokatu nahi duen erabakitzeko».

Osakidetzaren atalean, euskara hartu zuten hizpide Anduezak, De Andresek eta Martinezek, eta esan euskara eskakizunak baztertzekoak zirela. Andueza: «Euskararen edo lan eskubidearen aurrean, lanerako eskubidea defendatuko dut». Hori izan zen eztabaida osoan euskara hizpide izan zen une bakarra.

Autogobernua eta herri eredua

Autogobernua bete egin behar dela esan zuten guztiek, Voxekoak salbu. Garatzeaz hitz egin zuten Anduezak, Gorrotxategik eta Garciak, ongi izateari dagozkien gaiak bertatik bertara kudeatzeko. Harago joan ziren Pradales eta Otxandiano. Nazio aitortzaz eta herri galdeketaz hitz egin zuten.

Otxandiano: «Zer da subiranotasuna? Hemen erabakitzea gutxieneko soldataren zenbatekoa, lan harremanetarako esparrua, zenbat mediku behar ditugun... zergatik ezin dugu egin? Autogobernu gehiago behar dugu, nazio gisa aitortuko gaituena, XXI. mendeko politikak egin ahal izateko». Anduezak orduan galdetu zion: «Katalunian gertatu den hori nahi duzu hemen?». Otxandiano: «Proposatzen ari naiz itun bat zure alderdiaren gobernuarekin. Berrogei urte baino gehiagoz eten dute autogobernua, eta, gainera, atzeraka goaz». Andueza: «Utziozu betiko kalaka kontatzeari!». Otxandianok pazientziaz eutsi zion argudioari. Bi printzipio defendatu zituen: euskal gizartearen borondatea eta izaera nazionala errespetatzea. Bi printzipio horiekin, ahots bakar batekin Madrilera joatea proposatu zuen, autogobernua negoziatzera.

Pradalesek autogobernua handitu beharra defendatu zuen, lan harremanen euskal esparruaz gain, portuak eta aireportuak eta ongizateari eragiten dieten auziak Eusko Legebiltzarrean erabakitzea defendatu zuen. Areago: «Zergatik ezin dugu aulki bat izan Europan gure arrantzaleen interesak defendatzeko? Zergatik ezin ditugu Europako funtsak zuzenean kudeatu? Aurrera egin beharra daukagu eta eskubideak blindatu, arbitroa erosia dagoelako Madrilen», Espainiako Auzitegi Konstituzionalari erreferentzia eginda.

Anduezak Otxandianori galdetu zion berriz: «Prozesu subiranista martxan jarriko duzu?». Otxandiano: «Ideologikoki independentista naiz, baina akordio bat egin nahi dugu estatuarekin, eta, horretarako, akordio bat lortu behar dugu lehenik hemen».

Garciak defendatu zuen estatutua eguneratzea, eta salatu hark ez dituela emakumeak aipatu ere egiten, auzi klimatikoa ere ez. Eredu federal bat defendatu zuen, eta autogobernua erabiltzeko eskatu.

Itun posibleak

Otxandianoren ustez, gobernatzeko beste bide batzuk aztertzeko abagunea da, uste duelako apirilaren 21aren ostean geratuko dela Eusko Legebiltzar bat «izugarri abertzalea eta aurrerakoia». PP eta Vox ez beste guztiei deituko liekeela esan zuen: «Arazo handiak, Osakidetza, zaintza, trantsizio energetikoa, industriala... mahai gainean jarri eta honaino ekarri gaituzten inertziak alboratuta, herri mandatu horren nahiari bide emango dion gobernu bat behar dugu».

Anduezak berretsi zuen ez duela gobernurik egingo EH Bildurekin, eta De Andresi bota zion erronka: «EH Bildurekin ez badut akordiorik egiten, dimiti ezazu. Eta akordioa baldin badago, neuk dimitituko dut». De Andresek erantzun zion zera egingo duela, Sanchezi komeni zaiona.

Pradalesek denekin hitz egiteko atea ireki zuen, eta hirugarrenez Sortu aipatu: «Sortu eta EH Bilduren arazoa da etikaren ikasgaia ez badute gainditzen inork ez duela berarekin akordatu nahi». Pradalesek esan zuen denei deituko diela, eta berarentzako garrantzitsuena honako honetan ados jartzea dela: «Zertarako?».

Gorrotxategik ezker-eskuin ardatza defendatu zuen. EAJk gobernutik kanpo beharko lukeela esan zuen, eta Otxandianori egotzi zion EAJ ez baztertzea akordioetarako. Garciak ere uste du EAJk gobernutik kanpo beharko lukeela, «ideia berriak behar direlako».

De Andresek PSE-EEri, EAJri eta EH Bilduri egotzi zien «itxurak egiten egotea, Pedro Sanchezen gobernurako bezala. Txikikeria batzuetan baino ez dituzte desadostasunak».

Pradalesek itxi nahi izan zuen eztabaida esanez EH Bilduk jendearen, enpresen eta gizartearen «kontrola» areagotu nahi duela. Otxandianok labur erantzun zion: «Osakidetzaren LEPak —lan eskaintza publikoak—, horiek kontrolatu nahi ditut».

Itun posibleen inguruan zehatz mintzatu zen azkenean Pradales: «Itxaron behar da 21eko gauera artea, eta Pedro Sanchezek zer erabakitzen duen».

Otxandianok aro aldaketaren ideiarekin amaitu nahi izan zuen. Gizartean dagoeneko aldaketa nahia nabaria dela uste du, eta hori erakundeetara eramateko ordua «orain» dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.