Gizonezko bat hil zen atzo Berrizen (Bizkaia), gidatzen ari zen furgoneta errepidetik atera eta ibilgailuak su hartu ostean. AP-8 errepidean gertatu zen ezbeharra, Bilborako noranzkoan, 14:00ak aldera. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, suhiltzaileak eta anbulantzia bat bertaratu ziren istripua jazo zen lekura, baina gidaria ordurako hilda zegoela baieztatu zuen medikuak, ezin izan zuen besterik egin. Gidaria zen furgonetako bidaiari bakarra, eta «ia berehala» hil zen, azaldu dutenez.
Argitzeke dago zein izan ziren istripuaren arrazoiak, eta Ertzaintzak ikerketa bat hasi zuen atzo bertan, gertatutakoa ikertzeko. Istripuaren ondorioz, errepidea moztu behar izan zuten ia hiru orduz, eta autoak N-634 errepidera bideratu zituzten.