Gidaliburu bat burujabetza auzietarako

Lurralde gatazken konponbideaz topaketak egingo dituzte azaroaren 11tik 13ra. Arloko jardunbide egokien kode bat aurkeztuko dute

Beatriz Akizu, Mario Zubiaga eta Zelai Nikolas, atzo, jardunaldien aurkezpenean. JON URBE / FOKU.
jon olano
Donostia
2020ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Subiranotasun gatazkak Europan: konponbiderako oinarriak izeneko nazioarteko jardunaldiak egingo dituzte azaroaren 11tik 13ra bitartean, Bilbon. Eusko Ikaskuntzak eta Ikerketa Katalanen Institutuak elkarlanean antolatutako topaketak izango dira, eta, horietan, «alderdi akademiko, instituzional eta soziopolitiko zabal baten parte hartzearekin», Europako estatuetako subiranotasunaren inguruan «lurralde gatazkak demokratikoki konpontzeko jardunbide egokien kode baten oinarriak eztabaidatu eta aurkeztuko» dituzte, antolatzaileek azaldu dutenez.

Ekinaldi akademikoa eta soziopolitikoa dela azaldu du Mario Zubiaga proiektuaren koordinatzaile zientifikoak; Euskal Herriko, Kataluniako eta nazioarteko hogei eragilek hartu dute parte egitasmoan. Bidean, burujabetza gatazkak konpontzeko jardunbide egokien kode bat landu dute, arlo horretan aditu diren 60 pertsonaren baino gehiagoren ekarpenak jasota, eta kode horren lehen bertsio bat aurkeztuko dute jardunaldietan. Parte hartu dutenen artean daude Eskozia, Katalunia, Quebec, Italia, Frantzia, Espainia, Ingalaterra, Ameriketako Estatu Batuak, Alemania eta Euskal Herriko unibertsitateetako hainbat irakasle eta ikerlari.

Aurkezpenean, Salvador Cardus IECko ordezkariak azaldu du «dimentsio handiko» egitasmoa dela. Jaume Lopez Kataluniako Pompeu Fabra Unibertsitateko irakasle eta proiektuko koordinatzaile zientifikoak, berriz, esan du «topiko batzuk» eraitsi nahi dituztela: «Ate bat zabaltzea da proiektu hau. Burujabetza gatazkak ez dira iraganeko kontua; proiektu honek erakusten du badirela demokrazia eta parte hartze handiagorako eskariak». Gainera, nabarmendu dute burujabetza gatazkak ezin direla barne arazotzat hartu, eta «Europaren proiektua ahuldu beharrean indartu» egiten dutela.

Zelai Nikolas Eusko Ikaskuntzako kide eta Eusko Legebiltzarreko legelariak azaldu du kodearen abiapuntua dela lurralde gatazkak existitzen direla, eta horiek konpontzeko erari buruzko gutxieneko estandar bat osatzea izan dela helburua. Horretarako, nazioartean gisa horretako gatazken konponbidean antzeman dituzten jardunbide egokiak baliatu dituzte. Bilboko jardunaldiaren ondoren, asmoa da epe ertainera Europako Batasuneko erakundeetara eramatea planteamendua.

Printzipioz, modu erdi presentzialean egingo dituzte topaketak. Lehenik, lurralde gatazken eta jardunbide egokien kodeari buruzko gerturatze bat egingo dute, eta, segidan, landuko dute zergatik parte hartu beharko lukeen EBk kodearen egitasmoan. Azkenik, parte hartze hori nola gauzatu litekeen aztertuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.